Gogoa hazi | 2019ko Apirilaren 25a

Egunkaria, Gaillot eta Partenia bizirik!

Mandio

Aipatu izan dut hemen berean zer pena lazgarria sentitu genuen Egunkaria basaki etsi zutelarik. Bertzalde, hitz bat idatzi nuen ere erranez nola kazeta hortan berean gure haserrea azaldu genuen Gaillot apezpikua izendatu zutenean Partenia "balizko" diozesa hartara... Plazerrez ikusi dut Egunkariako ale guziak internet sarean tzintzilikatu berri dituztela. (https://www.berria.eus/hemeroteka/ egunkaria/) Eta zer aurkitzen da 1995eko otsailaren 25eko alean?Gure gogoeta taldearen garai hartako ikusmoldea Gaillot apezpikuari buruz. Badut uste ez duen zimurdura bat ere hartu. Ikus ezazu irakurle eta agian prezia:

Eskerrak apezpikuari

Ongi etorri beroena zuri, Jacques Gaillot, Jaun Apezpikua! Ohore bat da guretzat zu bezalako artzain baten ikustea, Erromatik urrunxko den Mauritaniako diozesa huntan: - Erakutsi duzu badakizula, bertze anitzek bezala, jendeetarik hurbil bizitzen; gainera baduzu "entzuna den hitza". - Erakutsi duzu badakizula, bertze anitzek bezala, Ebanjelioari hurbil egoten; gainera baduzu "entzuna den hitza". - Erakutsi duzu eta frogatu anbizione pertsonalik ez duzula, salbu gaurko mendean baitezpadakoa den bidea lantzen duzularik: mendi horietan dukezun oihartzuna. Zu bezalakoei esker, giristinoek badute "entzuna den hitza".

Bazter aire da gure diozesa. Baztertuen buru eman zaituzte, baztertu zaituzte... Ez kexa, lasai, Jaun Apezpikua, Ebanjelioak baztertuez du bere lehen arrangura; egun oroz otoitz egiten da elizetan baztertuen alde: etxeko probetxu! Bagenekien ez zela ongi- ikusia diozesa hau, zuk defenditzen dituzun "nahi izan eta ezin diren" hainbat gizasemez betea baita. Oraikoan jakin dugu argiki eta ofizialki, Erromako Elizarendako, diozesa hau zendua dela. Alta zaharrek zioten: "Jendeak jendea balio du!". Holako lelo bat dukezu gogoan, heldu zaizkizun milaka galdeei ihardesteko mementoan, hautuak egiterakoan. Ez da errexena, erakusten diguzun bidea, holakoetan topatzen baitira zoritxarrez orhatu Jainkoseme frango, agian zerbaiten ikasten ari direnak.

"Nun da zure egoitza?" zioten galdetu Jesusi. Eta Hunek: "Zatozte eta ikusazue!".

Milesker Jaun Apezpikua, zaren bezalakoa izateagatik. Zu bezalakoei esker, handitzen ari diren gure haurrek junta zerbait egiten dute Krixtoren amodiozko mezuarekin.

Atxiki nahi duzu giristino familiarekilako lotura: atxik azkar! Izpirituaren haizeak ustegabeko eskualdetik ufatzen du; atea ideki du: Krixtoren Eliza indarberritzen ari da. Eskutan duzun ate-giderra ez utz! Bertzela, zurekin batean anitz jende berduratuak litezke. Bazterdiozesa huntatik bertze kargu batetara deitua izanen zarelarik, Erromako Elizaren bertze itxura bat agertu da, agian! Ordukotz, zure dohainei ohartua izanen baita, Elizaren onerako direla... Badugu denek "anaitasunezko korreitze" baten beharra. Egin diezun minik handiena: erakustea Erromako Eliza ez dela Egia Osoaren jabe... Umiltasuna praktikatzea ez da aise; alta biziak berak eman taplakoekin, konprenitzen hasten da nornahi, lehenean ez bada azkenekoan bederen: Jesusek-eta argitzen duten Biziaren atarian.

Badakizu, irakurle, bere sendotasunean dirauela Gaillot Apezpikuak. Maluruski orduan preziatzen genuen "entzuna den hitza" giristino mezu eder bat zekarrena Gaillot apezpikuari esker, bilakatu da "entzun nahi ez genukeen hitza", dakizun arrazoinengatik, irakurle. Irudika dezagun Parteniako elizbarrutia eta atxik azkar, gure baitan, oraino zutik den ebanjelioari hurbileko eliza bat. Aupa Partenia!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016