Hegoaldean | 2019ko Apirilaren 25a
Hegoladean
Aberri Eguna Hegoaldean
Ezker abertzaleak Iruñean ospatu du aurtengo Aberri Eguna, apirilaren 28ko hauteskundeek baldintzatu dutena. Otegik heldu den igandeko hitzordua aipatu du erranez "milioi bat boto ardietsi behar dituela ezker independentistak, eskuinari buru egiteko, independentzia, autodeterminazioa eta euskal presoen hurbiltzea ardiesteko". Jeltzaleak Bilbon bildu dira eta Andoni Ortuzarrek jakinarazi du jeltzaleak gobernuan ikusi nahi dituenak beharko duela autogobernua bermatu. Errenterian egin ekitaldian, Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak erran du batzuk "aberri" deitzen dioten hori "bi abiadurako" Euskal Herria dela, "EAJk estaltzen eta gordetzen duena" eta "gazte belaunaldi oso batek sinesten ez duena". "Podemos Euskadik Aberri Egunean, ekarpenen bat egiten badu, horixe da, gazteei ahotsa ematea".
EAJ À¢'€'"PNVek irabaziko lituzke asteburuko hauteskundeak
EAJk irabaziko lituzke apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan, botoen %28,9 eta sei diputatu lortuz. Horrek erran nahi du aitzineko hauteskundeetan baino 4 puntu gehiago lortuko lituzkeela. Elkarrekin Podemosek hartuko luke bigarren lekua, botoen %22rekin. Hirugarren lekuan PSE-EE, botoen %17,8rekin, EH Bildu litzateke Erkideko laugarren aukera, botoen %16,5ekin. Azken tokia PPrentzat litzateke botoen %9,4 lortuz. Alkiak kondatuz, EAJk sei postu ardietsiko lituzke (bat gehiago), Elkarrekin Podemosek lau (bi gutiago), sozialistek 4 (1 gehiago), Bilduk 3 (1 gehiago), PPk 2 (1 gutiago). Ciudadanos eta VOX eskuineko alderdiek ez lukete hautetsirik.
Galbide guzien hauteskundeak
Heldu den igandean, apirilak 28, Espainiar Erresuma guzian eginen diren hauteskundeak, galbide guzien hauteskundeak izan laitezke, bereziki autonomientzat. Hots, boto gutitarik aterako da zein alderdik gobernatuko duen Madrilen. Dagoeneko azterketa eta inkesten arabera, sozialistak aterako dira garaile, bainan gobernatzeko gehiengorik gabe. Emaitzen arabera, bi aukera izanen dituzte sozialistek: edo Ciudadanos-ekin egin akordioa edo Unidos Podemos, gehi euskal eta katalandar alderdi zenbaitekin egin gehiengoa. Lehenbiziko hautua egiten badute, eta iduriz gaur aukera handiena hori da, "otsoa" sar laiteke arditegian: hots Ciudadanos alderdiak behin eta berriz ozen aldarrikatzen du, "autonomiak eta horien pribilegioak" ezabatzea duela asmo et gogoan. Alta sozialistak beren hitzetan autonomien zaintzale sutsuak direla diote... Beste galbide ilunagoa ere gerta daiteke: eskuineko hiru alderdiek, PP, Ciudadanos eta Voxek, elkarrekin gehiengoa ardiestea. Beren kanpainan diotenaren arabera, funtsezko eskubide demokratiko andana irriskuan laitezke, autonomiak, emazteen eskubideak eta abar... Ageriko igandeko emaitzen arabera zein izanen diren datozen urteetako politikaren nundik norakoak.
Kartzelak husteko bide legalak erabiliko dituela berretsi du EPPK-k
EPPK, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak berretsi du, bide legalak erabiliz presondegiak husteko nahia, preso politikoen nazioarteko egunaren harira. Badu jada bi urte, barne eztabaidaren buruan, legedia arruntaren bidea aukeratua zutela gehiengoz presoek. Baina zailtasunez eta trabaz bete bidea. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren hitzetan, Espainiako eta Frantziako Gobernuek egin mugimenduak, euskal gizarteak presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren ondorioak dira. Espainiako Gobernuaren jarrera "immobilista" eta "inboluzionista" kritikatu du EPPK, "presondegi eta presoen inguruan eman dituzten urrats uzkurrak nahikoak ez izateaz gain, gurekin adostugabeak izan dira" salatuz.
Langabezia tasa %10,2ra jautsi da EAEn 2019ko lehen hiruhilekoan
Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia neurria %10,2koa izan da 2019ko lehen hiruhilekoan, duela urtebete baino %1,1 baino gutiago (11.000 langabe gutiago), eta 2018ko azken hiruhilekoan baino 1.100 langabe gutiago. Azken urtean, gora egin du lanean ari diren pertsonen kopuruak (16.200 gehiago, 9.000 gizon eta 7.200 emazte). Urteko lehen hiruhilekoan 106.200 pertsona zeuden lanik gabe EAEn. Langabeen artean 49.200 gizonezkoak dira eta 57.000 emakumezkoak.
ETAren 41 biktimek polizia indarkeriaren biktimak aitortzeko eskatu dute
ETA edo hunen "inguruko taldeen" atentatuak jasan dituzten 41 pertsonen senideek iritzi artikulu batean polizia gehiegikerien eta eskuin muturreko taldeen biktimak aitortzeko eskatu dute. "Biktima horien eskubideak aitortzeak ez dakar gertatutakoa zuritzea". "Biktima horiek ere egia, justizia, erreparazioa eta memoria izaiteko eskubidea badutela aitortzen ari gara soilik", zehaztu dute. Halaber, polizia gehiegikerien eta eskuin muturraren biktimak ez aitortzea "akats politiko eta humano larria" izango litzatekeela ohartarazi dute.
Gasteizko Mercedes lantegiak 4.000 ibilgailu gutiago ekoiztuko ditu aurten
Gasteizko Mercedes lantegiak aurreikusi baino 4.000 ibilgailu gutiago ekoiztuko ditu aurten, guzira 148.000 ibilgailu ekoiztuko baititu. Enpresaren hitzetan, dieselaren inguruan sortutako ziurgabetasunak eragin du produkzioaren beherakada. Gasteizen ekoizten dituzten ibilgailuen %85ek dieselmotorra dute. Mercedes Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresarik handiena da, 5.400 langilerekin.
Euskaltelen sartzeko aukera aztertuko du Jaurlaritzak
Zegona enpresa britainiarrak Euskalteleko akzioen %21a eskuratu du eta akziodun nagusia bilakatu da. CCOO sindikatuak bere kezka agertu du eta neurriak har ditzala galdegin dio Eusko Jaurlaritzari. Zehazki, hiru aukera aipatu ditu: Euskaltelen akzioak erostea, inbertitzaileak atzemaitea edo beste akziodun batzuekin akordioetara heltzea. Eusko Jaurlaritzari berehalako neurriak har ditzala galdegin dio, La Navalen gertatu dena Euskaltelen errepikatzeko arriskua dagoela, azpimarratuz. Arantxa Tapia sailburuak segurtatu du, "gutiengo batekin" Euskaltelen ondasunean sartzeko aukera aztertuko duela Eusko Jaurlaritzak.
Lehenbiziko izokina Bidasoa ibaian
Urte guziko hitzordua: nork harrapatuko duen urteko denboraldiko lehen izokina Bidasoa ibaian. Aurten nafartar Huarteko gazte batek, Aitor Aristegik atera du lehenbizikoa 6,46 kilo izokina eta 83 zm luzekoa. Rekondo, Donostiako jatetxe batek erosi du 1800 eurotan.
"Aita Mari" Greziarako bidean, laguntza humanitarioa emaiteko
Aita Mari ontzia Greziara abiatu da asteartean, Balearreko portutik, Espainiako Gobernuaren baimena lortu baitu. Oraingoz ezingo du bere helburu nagusia bete, errefuxiatuak salbatu, eta laguntza humanitarioa emaitera doa Chios eta Lesbos uharteetara. Ontzi humanitarioa kudeatzen duen elkarte solidarioak salatu du Espainiako Gobernuak baimena emateko eragindako "atzerapena". Izan ere, Portugalek eman zion Mediterraneoan nabigatzeko baimena. Iñigo Mijangos ontziko armadoreak kritikatu du Espainiako Gobernuak "oztopoak" jarri izana errefuxiatuak eta migratzaileak salbatzeko.
"Balentziaga museoa" auzia
Getariako Balentziaga Museoaren eraikuntzan izan ziren irregulartasunen auzia epaiaren zain gelditu da. Mariano Camio EAJko alkate ohia eta Julian Arguilagos eta Rolando Paciel arkitekto kubatarrak dira auzipetuak. Arguilagos ihesean dago eta hura bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen epaileak. Prokuradoreak eta akusazio partikularrak 8 urteko espetxe zigor galdea egin dute Getariako alkate ohiaren aurka, Balentziaga Museoaren eraikuntzan atzeman ustezko ustelkeriari buruzko epaiketan.











