Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Apirilaren 25a
Hazparne
Dantza ohoretan Hazparnen!
Iragan astean aipatua oroitaziko dugu apirilaren 27an, Elgar Oinka dantza taldeak (1971 urtean sortu zen, Jesus Luis Esnaolaren hegalpean), Korrontzi talde famatuarekin bat egiten du arrats aberats bat eskainiz: dantzari gazteak lehenik, helduak gero. Lehenek, urteko lana erakutsiko dute eta besteek elgarrekin landu koreografia berri bat. Ikusgarria 20:30etan hasiko da. Aitzinetik eta ondotik talo eta edateko izanen da.
Apirilaren 30ean, asteartean (biharamuna maiatzaren lehena izanki) Arberuako ikastolak Zarena Zarelako talde famatua gomitatua du. (19:30) Bazterrak alaituko ditu Arberoako txarangak, (20:30) Hariz Hari ikusgarria eta ondotik Patxi eta konpania. Hor ere jan eta edateko moldea izanen da.
Musa, Urkoiko pesten abiatzeko
Ostiralean (apirilaren 26a) usaiako gelan, mus xapelketa bat eginen da. Izen emaiteak zazpietan hasiko dira eta 12€ gostako. Sari asko irabazgai dira eta xapeldunek 500€ ukanen dituzte. Jateko eta edateko tokian berean.
Herri Urrats-eko soinekoak
Aurtengo Herri Urrats Maiatzaren 12an iraganen da Senperen usaian bezala. Karia hortara soineko berezi batzuk sortzen dira eta salgai emaiten, hortik ateratu dirua Seaskaren proiektu baten alde joaiten da. Kolekzio berria aurkeztuko eta gogotik salduko dizue Ezkia ikastolak, heldu den larunbatean, goizean, eliza sahetsean.
Bidekoekin
Bidekoekin elkartea, preseski bidean emanak izan direnetaz arduratzen da. Haien herrian ezin biziz, asko dira bideetan dabiltzanak eta Hazparnen ere haietaz okupatzen da jende andana bat. Familia edo gaztetxo batzuk laguntzen dituzte, batzueri egoitza eskainiz eta beste batzuk biziki zailak diren desmartxa administratiboetan sustengatuz. Oraidanik gogoan atxiki behar den egun berezi bat antolatzen dute maiatzaren 5ean, Hazparnen. Egun hori Europa osora hedatuko da, Europa egiturak daraman migrazio politikaren gaitzesteko. Ekintza sinboliko bat da, bake eta elkartasun jestu baten inguruan: besarkada bat, populuen besarkada... Eguerditan hasiko da Tiken Jah Fakoly musikari kantariarekin. Ondotik, mintzaldi bat eta "Karakoil dantza" Patxi Perez-ek animatu musikariekin eta mutxikoak. Gero, jendea Eihartzerat joaitera gomitatuko da bazkari partikatu baten inguruan. Han ere dantza eta kantu egiteko parada eskainiko da. Uztaritze, Kanbo/Itsasu, Lekorne/Makeako taldeek ere parte hartuko dute antolaketan. Tiken Jah Fakoly, Bolikostan sortua da. Bere kantuak reggae moldean emaiten ditu. Afrikaz egiten dena, bainan ere Afrikan egiten dena, ahoan bilorik gabe aipatzen du.











