Herriz Herri - Lakarra (NB) | 2019ko Apirilaren 25a
Jean-Claude Oxandabaratz
Zer garai gogorra Oxandabaratz familiarentzat! Ama hiru egun hartan doi doia ehortzia zela Gamarten, hara Jean- Claude semea dela pausatu, 65 urtetan. Zortzi urte huntan odolean eritasun bat bazaukan, zorrozki artatu behar zuena ez zedin leuzemia bihurtu. Ostiral arratsarekin arrunt gaizkiturik, Baionako ospitalera joan behar izan du eta han du azken hatsa eman larunbat arrastirian, familia guzia pena handitan utzirik. Ezkondua zen Maite Laxague erakaslearekin (hau, erretreta aitzin, azken urtetan, eskola giristinoetako zuzendaritzan zagon, sail elebidunaren arduradun eta pedagogia aholkulari). Bi seme ukan dituzte, Xabi eta Antton, eta bost haur ttipi. Zur lanetan arizana da bizi guzian Jean-Claude. Uharte Garaziko enpresa batean hasi zen gaztetan. Gero Arrosako Denek kooperatibaren sortzailetarik izan zen. Lantegi hunek ateak hetsi zituelarik, bere enpresa zuen sortu sorterrian, Gamarten, duela orain 30 urte: Pago enpresa, gaur bi semeek kudeatzen dutena. Hain zen herriari eta Euskal Herriari atxikia nun nahi zituen tokiko gazteentzat lanpostuak sortu. Errotik kausitu du, buruhauste guziak gaindituz. Eta zer loria semeek segida hartu dutelarik! Ezagutu dugunek gizon umil, zintzo eta lagunkinaren oroitzapena atxikiko dugu. Ehorzketetan, mundu bat etorri da Lakarrako elizara, frangok kanpoan egon behar. Elizkizuna hasi da, Gamarten amarentzat egin zen bezala, Benito Lertxundiren kantu batekin, "Oi Ama Euskal Herria" aldi huntan, Jean- Claudek Euskal Herriarentzat hain zuen atxikimendu handia. Aldare inguruan, Jean-Pierre Etcheverry apeza eta Jean- Marc Aphaule diakrea, Erakaskuntza Giristinoko zuzendaria. Meza kartsua, indar emailea. Eta zer emozioa bururatzean eman delarik Pantxoa ta Peiok kantatzen duten Manex Pagolaren "Azken dantza hau", jendeak ere ahapetik kantatzen zuena! Biharamunean Miarritzen erraustua izan da gorputza. Maiteri, bi semeeri eta hauen bizilagun eta haurreri, Menane gure adiskideari eta bertze haurrideeri, eta familia guziari helarazten dizkiegu gure atxikimenduzko agurrik zintzoenak.










