Azalekoa | 2019ko Azaroaren 28a

IKAS Zentroak: 60 urte

IKAS%20Zentroak:%2060%20urte

Joan den asteburuan ospatu da IKAS-en 60 urteurrena, antolatuak ziren erakusketa eta ikusgarri desberdinak. Karia hortara bildu gira Aines Dufau zuzendariarekin jakiteko zertan zen egitura hori eta hainbat urtez erakaskuntzarako euskarazko material pedagogikoa zertan den jakiteko

IKAS-en abiapuntua 1959an sortu zen, Aines Dufauk erraiten zaukun aitzin 1951n “Deixonne” legea bozkatua izan zela, lurraldeen hizkuntzen irakaskuntzarako baimena emaiten zuena, hemen ere euskararen erakasteko ahala bideratuz. IKAS-eko zuzendariak azpimarratzen zuen lege bakarra izan dela, geroztik dekretu batzuk baizik ez baitira onartuak izan. Euskal Museoan, Euskaltzaleen Biltzarraren eskutik bildu ziren 200 bat pertsona gogoetatzeko erakaskuntza mailan nola euskara erakatsia izan ziteken, bai publikoan bai eta pribatuan. Garai hartan nahikaria bat bazen eskoletan euskararen ikasteko, gure hizkuntzaren geroaren arrangura jadanik buru batzutan zela dudarik ez da. Orduan zuten pentsatu egitura bat beharrezkoa zela eta IKAS zentroa sortu zen, Marie-Jeanne Malharin eta Jean Haritschelhar izan zirelarik proiektu horren aitzindari. Hamarkada hori biziki emankorra zela zioen zuzendariak, pertsona batzuk itsutuki engaiatu baitziren, hala nola Piarres Charritton eta Mañex Goyhenetche bezalakoak. Etxea eraikirik... lanak segitu Egitura plantan jartzen hasi bazen eta bere bidea eramaiten, Aines Dufauk gogoarazten du 1980an, Erramun Bachoc-ek erakaskuntzarako beste tresna bat plantan jarri zuela “Euskaraz Bizi” deitu zena, eskoletako sail elebidunentzat lagungarri. Oroitarazten zaukun 90ko hamarkadan ere Garapen Kontseiluak plantan jarri zuela Ipar Euskal Herriarentzat antolamendu eskema bat hizkuntza politikarako eta hortan IKAS obratzaile izan zela material pedagogikoa garatzeko. Bestalde 2000 urtean “Convention spécifique” hitzarmena izenpetu zelarik, nun ordezkari ziren Estatua (Hezkunde Ministerioa), Akitania Eskualdea, Departamendua, Auzapezen Biltzarra eta Hautetsien Kontseilua, proiektu hunen kudeatzailea IKAS izan behar zen, baina CRDP (Centre Régional de Documentation Pédagogique) egiturak zuen hartu lan ardatz hau. Aines Dufaurentzat gibelatze bat izan zen, Euskal Herrian gelditu behar zen diru-laguntza bat euskararen erakaskuntzarako, Bordelera joan baitzen. Horren ondorioz urteetako soka-tira partida bat iragan da IKAS eta Frantses Hezkunde Ministerioaren artean. IKAS-ek ezagupena lortu 2004an Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) sortzeak gauzak aldatu zituela zioen IKAS-eko zuzendariak, zentroak berriz bereganatu baitzuen erakaskuntzarako material pedagogikoaren kudeaketa. Gogoan du 2010ean Hezkunde Nazionaleko Ministerioak galdeginik, IKAS-ek egiten zuen lanaren ebaluazio bat ukan zutela, jakiteko nola ari ziren, norekin, diru kudeaketa... hots estatuak argitalsun batzuk jakin nahi zituen. Horren ondorioz “Ikas Labela” eskuratu zuten, froga kalitateko lan baten eramaile zirela. Aines Dufauk zioen ordutik bai Hezkunde Ministerioarenganik bai eta hautetsiekin harremana aldatu dela, baliabide gehiago ahalduz. Gaurko hizkuntza politikaren egoera IKAS zentroko zuzendariak zioen eskoletako lehen mailan behar diren tresnak plantan jarriak baldin badira 2. mailako ez dela gauza berdina, Hezkunde Nazionaleko Ministerioak ez dituelakoz behar diren neurriak ezartzen. Beste edozein hizkuntzen mailan, izan ingelesa edo espainola, ezarria dela euskara ikasteko programa, hizkuntza politika ausarta izaiteko ordez. Lizeoetako erreforma berria ere buruan zuen “lurraldeetako hizkuntzen kaltetarako, hizkuntzak kalitzen dira!” adieraziz. Parisen heldu den larunbatean iraganen den lurralde guzietako hizkuntzen aldeko mobilizazioa beharrezkoa dela zioen, baina beretzat gakoa tokian-toki eraman behar dela erraiten zaukun. Hemen diren hautetsiek, izan deputatu, senatore edo(ta) hemen berean diren herrietako auzapez eta kontseilariek eredugarri izan behar dutela zioen. Euskara jalgi hadi plazara IKAS zentroko zuzendaria, arranguratua agertzen da euskararen transmisioa zein nolakoa den edo izanen den, demografia aldaketa handia dela erraiten zaukun. Populazio berri bat etorria da, euskara ez dela izan behar bakarrik eskoletan erakasten den sail bat, baina bai kultur bati lotua dena. Hortarako helburuak finkatu behar direla zioen, haurreri plazerra eman behar zaie. Aines Dufaurentzat ez da kantitatea garrantzitsua, baina bai kalitatea, plazerra emanez. Hizkuntza politikaren eragile bat dela IKAS dudarik ez du, hortarako behar den materiala badutela. Ikas egitura Frantziako estatuan diren beste pedagogia zentroak estatuaren peko diren egiturak dira, Ikas bakarra da elkarte bezala osatua dena, 9 langile ditu, 20 bat pertsonez osatu administrazio kontseilu batek kudatzen duela. Horietan EEP, Hezkunde Nazionala, Unibertsitatea, Euskaltzaindia eta Iker Zentroa partaide dira, bai eta 4 sareetako erakasleak. Joan den larunbatean ospatu dituzte 60 urteak, biziki ongi iragan da, pertsona anitz hurbilduak ziren, orain helburua dute bide beretik segitzea euskararen faboretan.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3525. zbk

Gure Hitza | 2019/11/28

Neguila

Janbattitt Dirassar

Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat, neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez, eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik, adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza – hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat. Gainerat, abenduaren kasuan baditake nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko egunean hortaz ez duke nehork axola handirik. Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia. Bestaburu horren prestatzeko baliatzen dena. Bi abendu badira nolazpait. Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri eta Urtats gogoan paratzen diren argi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016