Euskal diaspora | 2019ko Azaroaren 28a
60 urte Sao Paulon, Zoe Bray, Comahueko Euskal Etxea eta ENE
Joseba Etxarri
Joseba Etxarri, Diasporako berri emaile adiskideari, Herria astekariko lagunen partez dolumin zintzoenak, berrikitan galdu baitu bere ama Pilartxo Lizeaga. Familia guziari bihotz bihotzez gure agurrik beroenak.
SAO PAULO, BRASIL. 60 urte ari da ospatzen Sao Paulon, hiriko Eusko Alkartasuna euskal etxea. Karia hortara, elkarteko bazkide eta lagunak heldu den igandean, abenduaren 1ean, bilduko dira euskal etxearen egoitza den Gernika Kutun-en, euskal pilota kantxa eta Gernikako Arbolaren kimu errotua dituen etxalde hortan. Ekitaldia, ohorezko agurra dantzaturik hasiko da, ondotik hitzaldia emanen du Dolores Martin emazteak Eusko Alkartasunaren 60 urteko historia agerturik, eta segidan familiarteko bazkaria eginen dute bildutakoek, dantza saio parte-hartzaile batekin bururatzeko eguna, bitartean zozketak, musika eta kantuak. Zorionak Brasileko euskal etxe zaharrenari! ELIZONDO, NAFARROA. Segitzen du, orai Euskal Herrian, Nevadan abiatu zuen itzulia Zoe Brayren "Bekoz bego, Ipar Ameriketako mendebaldeko euskaldunen potretak" erakusketak. Heldu den ortzirale huntan Elizondoko Arizkunenea Kulturetxean zabalduko dute, abenduaren 8ra arte. Estreinaldia, ortziralean (18:30- 20:30) eginen dute, eta euskaldun amerikanoak eta lagunak oro komitatuak dira. Gogoan ukan, erakusketa honek Zoe Brayk ondarreko urteotan Nevada inguruko hainbat euskalduneri margotu potretak biltzen dituela, gehientsuenak jende arras ezagutuak euskal komunitateetan. NEUQUEN, ARGENTINA. Comahueko Euskal Etxea, Patagonia iparraldeko euskal elkarte gazte bat da eta azaro huntan partaide izan da laugarren aldikoz jarraian Neuquen hiriko Gizataldeen Bestan, euskaldunen ordezkari. Haatik aurten bozkario bereziki handiz egin dute, lehenengoz plazaratu baitira sortu berria duten Euskal Etxeko dantza taldearekin, adin guzietako dantzariak partaide. Esku zarta ederrak bildu dituzte eta heien irri eta bisaietan agerian zen harro eta gustuan egin dutela euskal dantzen erakustaldia, Neuquen probintziako hiriburu den izen bereko hiri honetan, Patagonian jendetsuena 230.000 bizilagunekin. Biba Patagoniako dantzari berriok! EUSKARAREN EGUNA. Mundu osoan anitz izanen dira heldu den asteburuan hasirik abenduaren 3an eta ondoko egunetan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatuko duten euskal etxea eta gizataldeak. Abendoa hilabete berezia da euskal etxeetan, ENErekin batera urteko ikastaro eta programen bururatzea, Olentzero eta Eguberri besta aitzinatuak eta urte bukaera ere ospatuko baitituzte hilabetean zehar. Horri guziari buruz segituko dugu solasean heldu diren asteetan. Mementuko, zorionak euskaldun ziren horri eta izan ondoko egunetan Euskararen Nazioarteko Egun on, irakurle!.275136.jpg)










