Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Azaroaren 28a

Hazparne

Hazparne

Asurantza “Nouvelles voies du Sud Ouest” elkarteak eta herriko sozial zentroak gomita hau luzatzen diote interesatua denari: informazio bilkura bat antolatzen dute norberaren asurantzeri buruz. Berri emaite orokorraren ondotik, elkarteak bakotxa lagun dezake juridiko edo administratibo urratsetan. Bilkura hori azaroaren 28an, ostegun goizean (09:30-12:00) iraganen da Elgar Zentroan, Emile Lavigne gelan. Diru laguntza Diru laguntza bat ukan nahi luketen elkarteek jakin behar dute galdea interneten bidez egin behar dutela. Hazparneko Herriko Etxeko gunean “démarches administratives” sailan, 2020ko diru laguntza galdearen dokumentua aurkitzen da. Hau artoski bete eta auzapezari helarazi behar zaio urtarrilaren 20ko berantenaz. Autobusak Denek dakigu hemendik aitzina ez baditugu gure usaiak aldatzen, pareta baten kontra joaiteko xantza guziak ditugula. Aldaketa horietan bat bada garrantzitsua, autoaren kudeaketa. Beti bakotxa bereari aritzeko ordez, auto partikatzea egin daiteke bainan ere autobusa hartu. Ohidura hori berpiztu nahian, Euskal Elkargoak “Txik Txak” proiektua abiatu du, gure herritik bi linea pasarazten dituela. Lehena, 13a, Baionatik Donoztirira doa: Baiona, Mugerre, Beskoitze, Hazparne, Aiherra, Izturitze, Donamartiri eta Donoztiri herrietan geldituz. Astelehenetik ostiralera egiten dira joan jinak guttienez 4 aldiz egunean. Larunbatetan 3 joan-jin dira bakarrik. Bestalde, beste lineak, 15ak beste helburu bat du: barnekaldeko jendea Kanboko geltokira eramaitea: Iholdi, Irisarri, Heleta, Lekorne, Lekuine, Hazparne, Kanbo. Artean diren herrietan geldi daiteke ere bistan dena eta hortik beste autobus bat hartuz urrunago joan. Tenore, prezio eta xehetasun guziak Herriko Etxean edo Turismo Bulegoan aurkitzen ahal diren papertxo batzuetan dira edo www.communaute-paysbasque.fr gunean. Ttattola 2020ko urtarrilaren 31n Ttattola Gaztetxea hetsiko da. 18 urtez bizirik egon den toki hori hetsi aitzin, huna Beti Erne elkarteak, sare sozialetan pasarazi duen mezuaren zati pollit bat: “Milesker Ttattola sortu eta biziarazi duzuen guziei. Bere paretak hitz goxoz eta kolorez margotu dituzuen artistei. Bere eszena izerdiz ala ingurua pixez busti duzuen ameslariei. Bere lurreko errauts bakotxa milikatu duzuen mozkorrei. Pailaso, hizlari, musikari, antzerkilari, bazkide, langile, militante, euskaldun eta beste herrietako guziei. Kontzertuz kontzertu, basoz baso, hitzez hitz Ttattolaren leienda eraiki duzuen guziei: milesker. Bainan gaurtik urtarrilaren 31arte, Ttattola nehoiz baino gehiago biziko da. Zuk ere Ttattolaren oholtza azken aldi batez irauli nahi baduzu, igor mezu bat! Beti Erne elkartea: ttattolaforever@gmail.com”. Hara, beraz gomita nahi duenari luzatua da. Heriotzearen menturak ez diete hasteko antolatzaileeri umorea kentzen! Hea zer gertatzen den ondoko egunetan...!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3525. zbk

Gure Hitza | 2019/11/28

Neguila

Janbattitt Dirassar

Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat, neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez, eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik, adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza – hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat. Gainerat, abenduaren kasuan baditake nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko egunean hortaz ez duke nehork axola handirik. Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia. Bestaburu horren prestatzeko baliatzen dena. Bi abendu badira nolazpait. Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri eta Urtats gogoan paratzen diren argi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016