Herriz Herri - Senpere (L) | 2020eko Ekainaren 11a

Senpere

Senpere

Herriko bozen berri Joan den ostegunean, prentsa eta irratiak gomitatuak ginen Ibarrun Ponpoxenerat, Dominique Idiart eta Jean-François Béderèderen ekimenez. Herriko bozetako bigarren itzulia iraganen da ekainaren 28an. Lehen itzuliko emaitzak hauek ziren: Nousbaum %42, Idiart %41,27 eta Béderède %16,70. Azkeneko bi hauek ohartu dira 10etatik 6ak inguru, kargudun aldaketa nahi zutela baita hauen zerrenden programak berdintsuak zirela, izan dadin antolaketa proiektuetan, tokiko demokraziaren parte hartzean, baita senpertarrek igurikatzen dutenaren ihardeste berdintsuenetan. Elkarretaratu eta azterketak egin ondoan, erabakia izan da, Senpere Bai (Béderède) zerrendako bost hautagai Elgarrekin Senperentzat (Idiart) zerrendan sartzea, horietarik bi kargudunetan (irabazdun badira): Amaia Gobet herriarteko kontseiluan eta Christophe Jaureguy plangintzan beste hiruak direlarik Franck Dorratçague, Christine Artola eta Camille Fourt Arteaga. Jean-François Béderède bere aldetik erretiratu da, beraz bi zerrenda geldituko dira lehiaketarako. Bozen kanpainarako baldintzak ez dira orainokoan ongi finkatuak, halere pentsu dute elkarrizketa mugatu batzu egitea kartierka, jendeen aldarrikapenak kontutan hartzeko. Azerien besta Hetsialdiari esker, azeri, basurde, orkatz edo basa-ahuntzen populuak goiti egin du eta hunekin betan kalteak ere. Mundu huntako legea, natura trankil uzten denean bere eskubideak hartzen ditu eta ez beti jendeen plazerretan. Oilategiek bakea berreskura dezaten, ihizaldiak berrantolatuak dira, hortarako kalteak jasan dituzten guziek kontaktua har Senpere dezatela David Guilçourekin, telefono huntara: 06 23 17 60 50. Zaluagako hondarkintegia Aspaldi huntan ez da aipatua izan hondarkinen lurperatzeko zentroa, haatik egun hauetan usain txarrengatik auzo askok beren kexua adierazi dute. Kezka frango plazaratu ditu elkarte berri batek deitua “Les Poumons d’Ahetze”, erran gabe doa nungo herritarrak diren gehienik hunkituak. Elkarte hunek lan egin nahi du Bil ta Garbi sindikatuarekin eta Euskal Elkargoko hautetsiekin, alabainan urgentziazko bilkura bat galdegina dute, puntu guzien aztertzeko eta aterabide baten lortzeko. Sindikatuaren arabera, iduri luke usain txar horiek sortu direla akats tekniko batzuengatik. Oroitarazi behar da hondarkinek sortzen duten biogasa, elektrika indar bihurtzen dela tokiko eraikin eta tresnen erabilerako eta gaineratekoa elektrika sareari saldua dela. Maiatzeko sortze eta heriotzeak: Herriko Etxetik bi sortze eta bi heriotze seinalatu dauzkigute. Mundu huntara etorri diren senpertarrak: Mia Weisang, Lizardiko bidean, Ibarrunen eta Amaiur Jaureguy, Oihan bidean, Hergarai auzoan. Bizitza on bat eraman dezatela, baita zorionak hauen burasoeri. Heriotzeen aldetik: Dominique Beck 63 urte eta Etiennette Guilçou 71 urterekin. Heriotze latz horiek hunkitzen dituzten familieri, gure dolumin bizienak.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3548. zbk

Harritzen naiz ikusiz ainitz jende ez direla sekulan deusetaz harritzen.

Lucien Jerphagnon

Gure Hitza | 2020/06/11

Milesker eta ikus arte Mattin!

Aste huntako Gure Hitza artikuluan pil pilean den beste gai batez aritzeko xedea ginuen, bainan nola ez gaitu harritu eta inarrosi Mattin Larzabal, Aiherrako semeak eta gure zuzendaritza batzordekidearen ustegabeko joaiteak. Jazko Eguberri irian ukan istripu batengatik gaizkondu minek jo aitzin, ez ginen alta ohituak Mattin eri izaiten ikustera. 1978an lehen liburu bat argitaratua zuen Jon Casenaverekin eskuz-esku. 30 urtez Gure Irrratian kazetari izanik, Euskal Herria biziki ongi ezagutzen zuen. Bere adintsuko lankideek eta gazteagoek halaber zinezko zubigiletzat zaukaten. Pergarioak laket eta errexki idazten zuen euskara garbian. Gaitzeko esperientzia bildua irratigintzan eta berriketarigoan, jakitate hori ezarri du egundainotik maite ukan duen HERRIAren zerbitzurako ere. Baionako eta Aturri aldeko berri emaitearen gainerat, erreportai interesgarri batzu egiten zituen. Duela bi urte joan zitzaigun Manex Pagola artista kantugilearen inguruan zonbait denboraz bildu izan gira iker...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016