Moleres apezpikuaren garaian ipar euskal elizak urte emankorrak bizi izan zituen: Camino apezaren inguruan Mikel Erramouspe eta Xalbat Berterretchek sortu zituzten Fedea ta kultura (FTK) gogoetaldi aberatsak, Apezpikuak sinodo bat bultzatu zuen, euskal liturgia biziarazteko eta aberasteko gomendio letra bat idatzi eta zabaldu. Sinodoak euskal pastoraltza zerbitzu baten behar gorria agerian eman zuen. Hau obratu aitzin Molères joan zen. Apezpiku berria etortzean, Maite Irazoki eta Peio Ospital aritu ziren, xede beraren gauzatu nahiz, Aillet Apezpiku berriari proposamenak egiten. Etzuten ezer ardietsi.
Mattinek erreleboa hartu zuen; lagun batzu bildu, Fedea ta Kultura taldea berpiztu, eta Aillet Apezpikuarekin sokatira segitu. Partida horren gora beherak hemen berean ikusi dituzketzue Mandiok aipaturik, nola gutun frango bidali genion, lortu hitzordu bat, ele baikorrak entzun, gutunez ere eskuratu eta azkenean “ttutt”. Hala ere parte hartu genuen “Diozesa bestan” antolatu zen egun hartan. Ikusi genuen euskararen zinezko axolarik ez zela gure elizbarrutian, euskal salmo zonbeit kantatu baldin baziren ere katedralean. Horiek denak aipatuak ditugu luze eta zabal kronika huntan. Horiek hola, urrats baikor bat egin genuen fedeola.eus sortuz. Astez aste lan egin da, eta, 3 urtez, altxor ederrez hornitua da, euskal kanta, salmo, otoitz eta dokumentu aberats frango biltzen dituen webgune hori. Lana kitorik egina da, bainan internet aterpetzailea eta domeinu izena urte guziz pagatzen dira. Zonbeit lagunen artean gainditzen ditugu gastu horiek Fedea Ta Kultura kide batzuk. Mattin segur haietarik zela; berrikitan errezebitu gutun batean aurkitu nituen xeka eder bat eta karta polit bat hitz hauekin: “ … xekean ez naiz tronpatu, ohartzen bainaiz Mayik ere xarmanki baliatzen dituela Fedeola zerbitzuak. Egon azkar! Salmoak kantatzen ditut etor arau. Laster arte.”
Bihotz berotasun berarekin zen lotzen bere asmo guzieri. Hala nola Biblia formakuntza euskaraz ere proposatu behar zela eta. Jean- Pierre Etcheverry prest zela hortarako. Dozena bat lagun bederen behar zirela bildu. “Ba arras interesgarria duk. Jean-Pierrek jakitate handia dik, gauzak ederki esplikatzen ditik, euskara eder batean” holako argumentuekin, irri pollit bat lagun, osatu zuen taldetxoa. Egia erran denak loriatu ginen urte batez.
Gero erreleboa hartu zuen Maite Irazoki andereak. Hunek ere gaitasun handiz ereman du bere saila, denen loriagarri, Covid higuin hori agertu arte. Gurekin genuen Mattin. Mayi ere, biek, galde eta ohar zorrotzak eginez, denen arteko eztabaidatxoa aberasten zutela. Agian, indarrak berritzean aitzina segitzen ahalko dugu. Bisita fedeola.eus. Hartu astia. Atal batzu hornituak dira, bertze batzu hutsak. Kantuen zerrenda luzea ageri da. Salmoak aurkitzen dira gaineko mihietan: Helduak/Salmoak/Igandez igande. Izan kurios. Begira zer badagoen. Baldin badakizue zer aurkitu nahi duzuen, idatz titulua edo titulu parte bat “Bilatu” leihatilan, laster agertuko zaizue, hor baldin badago... Parte hartu nahi baldin baduzue webgunearen hornitzen, igor dokumentuak, kantu, testu edo MP3 helbide huntara: mizel@sfr.fr
Mattinek igorriak baditut pilla bat. Maluruski ez dira zintzilikatzen ahal hol'hola. Edo testua eskas dute, edo egilearen baimena eta holako. Horrek erran nahi du lana eta denbora eskatzen dutela. Hori egiten dugu ahal dugun moduan: aldian aldikoa finkatuz, ahal bezain zuzen eta baliagarri.
Sumatzen dut Mattin, Kokin, Aillet apezpikuari beha, irriño bat ezpainetan: “Nik segituko dut FTK olako Diozesua astintzen. Zuk?”. Mendekostez kantatu dugun kanta eder bat, Iratzederrena, ezarri berria dut Fedeolan, Mattin gogoan. Segur naiz apuñatik kantatuko zuela, batere predikurik gabe, bereziki errepika, erranaldi sakon hori bihotzaren zolatik sentitzen zuela iduritzen baitzait: Har dezagun Jainkoaren Hatsa eta Gogoa.
Guhaur baino barnagoa baita gutan Jainkoa.