Azalekoa | 2022ko Azaroaren 24a
Elkartasuna ahulduekin
M.O.
Neguko dispositiboa azaroaren 1ean hasia da, martxoaren 31 arte iraunen du. Epe horretan, sozial zaintza berezia egina da, bereziki karrikan eta prekarietatean bizi direnak laguntzeko. Joan gira Hazkurri Bankuan eta Gurutze Gorrian martxan ezarriak diren dispositiboen berri jakitera.
Hazkurri Bankuaren janari bilketa
Urtero azaro hondarrean Hazkurri Bankuak janari bilketa antolatzen du. Asteburu huntan, azaroaren 25ean eta 26an iraganen da. Frantziako estatu guzian bezala, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak bere 38. janari bilketa antolatzen du, 80 biltoki baino gehiagotan iraganen da: besteak beste janari dendetan, supermerkatuetan, eskoletan eta Herriko Etxeetan.
Bildu janariak tokiko 34 elkarteri banatzen dira, horietan, herrietako sozial zentroak, Gurutze Gorria, janari denda sozialak... eta Atherbea. Filgi Claverie Euskal Herriko Hazkurri Bankuko komunikazio arduradunak erraiten zaukun, azaroko asteburuan bildu janariak urtean zehar banatzen diren %10 baizik ez dela, gaineratekoa enpresek emanak dira. Ostiral eta larunbatean eginen den bilketak garrantzia handia du, kontserbatzen diren elikagaiak baitira bereziki bilduak.
Azken denbora hauetan, bataz beste, gune guzietan elikagaien beharra %9z goratu da. Erosteko ahalmena murriztuz doala eta krisi energetikoaren testuingurua ikusiz, Hazkurri Bankua lehen elikadura laguntza sareak denen eskuzabaltasuna beharrezkoa du. Herritar bakoitzaren engaiamendu azkarra izan dadin desiratzen du, elkartasun bultzada handi batean elkarturik, prekarietatearen kontra borrokatzeko. Ipar Euskal Herrian 12.000 pertsona baino gehiagok egoera horri buru egin behar dute.
Aurtengo bilketa: eskuzabaltasunaren parioa
Hazkurri Bankuak frantses estatuan 110 adar ditu, urtero 132.000 tona produktu inguru biltzen ditu. Laborantzako industriaren, laborarien, saltegi handien eta publikoaren emaitzeri esker bizi da, bai eta Europar Batasunaren eta Estatuaren laguntzarekin. 2014az geroztik, Europar Batasunak behartsuenentzat janari-laguntza babesten du, Gabetuen Laguntzarako Europako Funtsaren bidez (FEAD).
Asteburu huntan iraganen den janari bilketak, aurten beste edozein urtetan baino gehiago prekarietatearen kontrako desafioa izan nahi du, segurtasun ezaren kontrako erronka. 2021ean, Euskal Herriko Hazkurri Bankuak 200.000 otorduren balioa bildu zuen. Sekulan baino gehiago, guzien elkartasuna ezinbestekoa dela adierazi nahi du.
Heldu den asteburuan ezin bada bilketa gune batetara hurbildu, www.monpaniersolidaire.org bidez egin daiteke. Internautek pertsonen beharretara egokitzen diren saskiak osatzeko posibilitatea dute: higiene kit-a, gosari kit-a, haur produktuak, familia erosketak eta kopuru handiko familia saskia.
Beharrak emendatuz
Filgi Claveriek zioen beharretan edo prekarietatean den jende kopurua emendatzen ari dela, ondorioz Hazkurri Bankuaren beharrak joano eta handiagoak dira. Azken urte hauetan aldaketa senti da, urte osoan lanean ari den populazio bat ere beharretan izanez. Ohartarazten zuen ama gazte anitz ere bila etortzen direla, etxekoeri ezin janaria hornituz. Gaurko egoera ekonomiko hunek kezkatzen du, jakinez ez girela oraino neguan sartuak, horrez gain kontestu ekonomikoa zein nolakoa izanen den kontutan hartuz, galdeak handitzen ahal litzateke.
Boluntario gisa engaiatu
Ipar Euskal Herrian 800 pertsona baino gehiago mobilizatuko dira, baina oraindik Hazkurri Bankuak boluntarioak behar ditu. Izena emaiteko: ba641.accueil@banquealimentaire.org bidez egin daiteke. Boluntarioak urte guzian etxetik hurbil aritzen ahal dira, astean egun erdiz edo gehiagoz, nahi duten alorrean: gidari, kudeatzaile, mezenasgo arduradun, informatikari, eskoletako animatzaile, sozial baliabide eta beste.










