Han eta Hemen | 2022ko Azaroaren 24a

Gurutze Gorria zaintzaleak bilatzen

Joan den astean, Gurutze Gorriak bide beretik negura sartzen ari girela eta, deia zabaldu du gauaz laguntzaile-ibiltarien beharretan dela abisua zabalduz. Atherbea elkarteko profesionalek eta boluntarioek, karrikan bizi direnekin harrera atsegina bermatzen dute, entzute berezia eginez haien beharrak baloratzeko eta zerbitzu egokietara bideratzeko gisan.

Aterpetxeen egoera

Etxerik gabeko pertsona anitzek, aterpetxeetan leku eskasagatik ez dute zerbitzu hori baliatzen ahal. Gaur-egun 70 leku dira, 250 eta 300 pertsona direlarik karrikan bizi, ezin dute galde guzieri erantzun. Pertsona horien aterpetzeko hiru gune dira: Angelun 38 tokikoa "Ma nuit" etxean, Biarritzen 12 lekurentzat "Zaldi zentroa" eta Baionako "Ene tokia" 20 egoiliarrentzat.

Gauazko ibiltari laguntzaile

Mintzatu gira Jean-Pierre Arriol Gurutze Gorriko presidentearekin jakiteko ibiltari laguntzaileen funtzioa zein den. Laguntzaile horiek karrikan diren pertsona horien entzuten jakin behar dute, distantzia atxikiz eta zuhurtzia handiz.

Arrats guziz 5 laguntzaile mobilizatuak dira (19:30-22:30), bi taldetan banatuak direnak. Lehen taldea, 2 pertsonakoa, gauaz kamioian ibilki da, aitzinago aipatu etxerik gabekoak aterpe lekuetara eramaiten ditu. Lekua mugatua izanez zaila da denentzat leku baten atzemaitea. Bestalde elkarteko arduradunak erraiten zuen zenbaitzuk ez dutela aterpe horietara joan nahi, bata-bestearen gainean izanez, hurbiltasun tinko hori gaizki bizitzen dute.

Beste taldea, 3 pertsonaz osatua, karrikan ibiltzen da, kanpoan lo egiten dutenekin elkartzeko, edari beroak, janaria, estalgiak emanez eta haiekin memento bat partekatuz. Karrikan ibiltzen direnek, solastatuz pertsona horiekin lotura sozial baten atxikitzea dute ere helburua, ikustea osagarri arazoak dituzten. Gurutze Gorriko arduradunak erraiten zuen jestu batzuk ikasi behar direla, lurrean jarriak direlarik ez dela xutik egon behar, baina jende horien heinean jarri behar dela.


Karrikan bizi direnen profila

Kostaldeko karriketan bizi direnen %80a gizonak dira, populazio frango gaztea, 45 urte baino gutiago dutenak, jendartetik baztertuak, familiako loturak moztuak dituztenak. Arduradunak azaltzen zaukun, jende horiek familia aberatsekoak bezain xumekoak direla, sistematik baztertuak izanez, emeki-emeki alkohola eta drogaren menpekotasunean sartzen dira. Horren ondorioz eritasun psikologoak ukaiten ahal dituzte, horretako laguntzaileek ikasten dute behar den jarrera ukaiten.


Ibiltari laguntzaile beharretan

Jean-Pierre Arriol-ek erran dauku aurtengo neguarentzat, boluntario eskasean direla. Ibiltari-laguntzaile izan nahi duenak, adituak diren pertsonekin egun bateko formazioa ukaiten du. Hitzordu horretan esplikatua da karrikako pertsona horiekin zer jarrera ukan behar den, nola iharduki arazo bat balitz. Karrikako pertsona horiek nor diren esplikatua zaie, ulertu dezaten norekin duten harremana ukanen. Berantago bigarren formazio eguna proposatua da, psikiatriko eritasuneri buruzko azalpenak emanak dira, karrikako jende anitzek arazoak baitituzte.

Lotura azkarra sortzen da, aterperik gabeko jendeak ibiltari horien beha egoiten direla errana izan da. Arratsetan baitituzte laztura mementoak, eskainia zaien edari beroen bidez, bi solas eginez harreman humanoa ukaiteko parada dute. Baionako Gurutze Gorriko arduradunak zioen zaintzaile laguntzaile hasi zenetik, hasieran zaila iduritu balitzaio, geroztik pertsonalki anitz ekarri dio. Jende horiekin bizi duena aberatsa zaio.

Hogei bat laguntzaileren beharra da, interesatua dena Baionako Marines Etorbidean duen egoitzatik pasa dadila edo 05-59-59-40-46 bidez.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Han eta Hemen | 2022/11/24

Elkartasunak eraiki

Sail berean segituz, abenduaren 2an (9:30-17:30), Sozial Ekintzarako Herrien Arteko Zentroarekin (CIAS) eta Departamenduko Kontseiluarekin batera, Atherbea eta Sokorri Katolikoak Biarritzeko elkarteen gunean forua antolatzen dute. "Janari segurtasun ezari nola hobeki erantzun?" gaiaren inguruan mahai inguruak antolatuak dira. Eragile desberdinak ezagutzeko eta biltzeko asmoz, Ipar Euskal Herriko lurralderako proiektu global koherente baten inguruan gogoetatuko da.

Garrantzitsua da elkarteek eta instituzioek beren ahaleginak hobeki koordinatzea, beharrak zein diren jakiteko, molde eraginkorrean erantzuteko gisan, elkarrekin baliabideak plantan jarriz.

Abenduaren 2ko eguna Alain Benestyk prekarietateari buruz ekoiztu film batekin hasiko da (9:30), ondotik mahai inguruak segida hartuko du, "Banaketa" gaiaren inguruan (11:00). Parte hartuko dute: Gurutze Gorriak, Table du Soir", Bihotzeko Ostatuak, "Zuberotar zarea" elkarteak eta Angeluko Sozial epizeriak. Arratsaldean...

Irakurri segida

3666. zbk

Gure Hitza | 2022/11/24

Marte planetatik begira!

Menane Oxandabaratz

2022ko azaroaren 15a, Marte planetatik estralurtar bat Lur planetari begira da. Ohartzen da gune horretan anitz jende uli batzuk bezala eskualde guzietan ibilki direla, nola ez egun horretan 8 miliarreko herritarren muga Lur planetak gainditu du!

Hobeki begiratuz ohartzen da borobil handi horretan, Pirinio mendien mendebaldean kokatua den gune ttipi batean mugimendu anitz badela. Gune hori Euskal Herria deitzen da. Horko jendeak mintzatzen entzuten dituenean, hizkuntza horren musikak beharri xiloa inarrosten dio! Euskara da!

Ez da harritzekoa estralurtar horrek ikusten baditu pertsona horiek zalapartaka ibilki. Lurralde horretan, euskaldunak deitzen direnak, kultura aberatsa dute eta eginahalak egiten dituzte belaunaldiz belaunaldi arbasoen ohidurak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016