Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2022ko Azaroaren 24a

Heriotze - Euskaraldia Artetxean - Eguberriko merkatua

Heriotze

Josette Bidart Urrutikoak 76 urtetan utzi gaitu, eritasunak epe laburrez eramanik. Bidarraitarra sortzez, Zaldainia laborari etxeko Parachou sei haurrideetan bosgarrena, ezkontzaz jina zen Izturitzera.

Hastetik André bere senarrarekin laborantzari loturik, emazte erne eta langilea ibili da bere denboran. Aspalditik osoki hemengotua zen. Harreman errexa zuen nornahirekin, emazte goxoa zen. Herriko bizian gogotik parte hartzen zuen, laguntza ere ekarriz hala nola parropian, kermezak egiten zirelarik, eliza garbitze eta holakoetan.

Joan den ostiral arratsaldean haren ehorzketa elizkizun ederrean anitz jendek kartsuki parte hartu zuten.

André senarrari, Patrick eta Laurence seme-alaberi, hauen laguneri, bost haur ttipieri eta ahaidegoa osoari gure doluminak helarazten dizkiegu.

Euskaraldia Artetxean

Euskararen erabilpena sustatzea, Artetxea elkarteak, urte buru batetik bestera, egiten duena hain xuxen hori da.

Azaroaren 27an igandez Artetxean (12:00) arno jastaketa eta pintxoak Morau kantariarekin.

Abenduaren 3an beti Artetxean bertsu afaria Unai Iturriaga eta Igor Elorza bertsulariekin. Izena emaiteko deitu 06-31-64-60-88.

Bestalde azaroaren 25ean hilabeteko azken ostirala kari beti bezala Artetxea kantuzen errepika (20:00) orori idekia.

Eguberriko merkatua

Bi urtez antola ezin izan ondotik, Arberoa ikastolaren Eguberriko merkatua berriz jiten da Izturitzeko gelara: abenduaren 4an iraganen da (10:00-15:00).

20 bat tokiko ekoizle eta artisau gomitatuak dira, eskaintza anitza segurtatuko dutena. Horrez gain Arberoa ikastolak ere bere standa atxikiko du, Euskarazko mezuekin apaindurik artikulu desberdinekin.

Animazio mailan, goizez marrazki biziduna haurreri proposatua izanen da, eskulan tailerrak atzemaiten ahalko dira ere bai eta eguerdi inguru ostatu aldean, Artetxean Kantuz-eko kideek kantu saioa eskainiko dute.

Denak ongi etorriak zirezte, Eguberriko opari bila edo sinpleki momentu goxo baten pasatzeko

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3666. zbk

Gure Hitza | 2022/11/24

Marte planetatik begira!

Menane Oxandabaratz

2022ko azaroaren 15a, Marte planetatik estralurtar bat Lur planetari begira da. Ohartzen da gune horretan anitz jende uli batzuk bezala eskualde guzietan ibilki direla, nola ez egun horretan 8 miliarreko herritarren muga Lur planetak gainditu du!

Hobeki begiratuz ohartzen da borobil handi horretan, Pirinio mendien mendebaldean kokatua den gune ttipi batean mugimendu anitz badela. Gune hori Euskal Herria deitzen da. Horko jendeak mintzatzen entzuten dituenean, hizkuntza horren musikak beharri xiloa inarrosten dio! Euskara da!

Ez da harritzekoa estralurtar horrek ikusten baditu pertsona horiek zalapartaka ibilki. Lurralde horretan, euskaldunak deitzen direnak, kultura aberatsa dute eta eginahalak egiten dituzte belaunaldiz belaunaldi arbasoen ohidurak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016