Herriz Herri - Urruña (L) | 2022ko Azaroaren 24a
Loraldiberri liburu eta disko azoka - Tarrapatakan kantuz - Ixabe taldearen diskoa - Xerar Urrutia olerkariaren uzta - Pilota
Loraldiberri liburu eta disko azoka
Abenduaren 4an, igandearekin (09:00-14:00), Loraldiberri izeneko lehen liburu eta diskoa azoka izanen da herriko plazan, elizaren aitzinean. Antolatzailea: Urrunaga elkartea eta laguntzailea Berttoli elkartea. XIX. mendearen erdialdean euskal kulturaren loraldia izan zen Urruñan eta Euskal Herri osoan, Antton Abadiak piztua eta diruz lagundua. Orain, azokarekin orduko loraldia ekarri nahi dute urruñarren burura. Hogei bat argitaletxe eta elkartek parte hartuko dute, eta anitz izanen dira azokara, liburuak edo diskoak izenpetzera hurbilduko diren idazleak, kantariak eta musikariak. Horretaz gain, Txokolatezko Zubiak (Bidasoaz Gaineko Zubiak + Rafa Gorrotxotagei gozogilea)elkarteko adiskideek xokolate beroa eskainiko diete hurbilduko diren guztiei. Abenduaren 3an, Euskararen Eguna izanen da eta azokak egun horrekin bat eginen duela adierazi digute. Izanen dira liburuak eta diskoak adin guztietako jendeentzat eta haurrendako ipuin, bideo eta ekoizpen ugari izanen dira aukeran. Hurrengo astean Durangoko Azoka izanen da, baina erran digutenez, Urruñako Azokan izanen dira liburu eta disko plazaratu berri anitz, gerora Durangon izanen direnak. Aukera ezin hobea urruñarrek Olentzero eta Eguberrirako opariak hauta eta eros ditzaten.
Tarrapatakan plazan kantuz - Hilaren 26an, larunbatarekin, Tarrapatakan taldeko gazteek haiekin kantatzera gomitatzen gaituzte herriko plazan (11:30). Euskaraldiaren programa barruko ekintza da.
Azaroko mutxikoak - Hilaren 26an, larunbatarekin, izanen da Herriko Etxe aitzineko plazan, hilero egiten duten mutxiko saioa (11.00).
Ixabe taldearen hirugarren diskoa
Ixabe folk-rock taldea lau lagunek osatzen dute: Xabi eta Beñat Bizkai anaiek, Bixente Eiherabidek eta Xabi Iriartek. Lehen biak urruñarrak dira. Jadanik hiru disko plazaratu dituzte, beti modu digitalean: Antena Baita À¢'€'" 1, 2021ean, Antena baita À¢'€'" 2, 2021ean, eta Antena baita À¢'€'" 3, 2022an. Azken disko honetan, lehen kanta "Istorioak" izenekoa da, euskal mundu magikoa jorratzen duena, kanta honekin bideo-klip bat egin dute Youtuben ikus-entzun daitekeena. Zuzenketa eta muntaketa Inge Arinek egin du, letra Xumai Muruak eta Xabi Bizkaik musikatu du. Aupa gazteak!
Urruña aldizkariaren 4. zenbakia
Jakin dugunez, hilabetea bukatu aitzin, Urruña aldizkariaren laugarren zenbakia salgai izanen da ohiko denda eta ostatuetan. Beti bezain sendo eta aberats heldu omen zaigu, barneko antolamendu modernoago batez prestatuta. Irakurminez zain gira.
Xerar Urrutia olerkariaren uzta
Xerar Urrutia urruñarra ezaguna dugu herrian idazle, kantari eta euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile gisa. Lauzpabost liburu baditu plazaratuta eta bizpahiru disko. Olerkari eta kantu-egile gisa ere langile amorratua dugu, bere poemak Maiatzen, Hatsaren Poesian eta Elinberri.eus-en irakurtzen ahal ditugu. Azken hedabide honetan, hau da, Iruñeko www.elinberri.eus delakoan, hilero plazaratzen ditu bizpahiru olerki, eta jadanik 33 plazaratu ditu. Azaroan hiru atera dizkiote: "Euskalduntasun kolpatua", "Berari" eta "Oroitzapenez".
Trinketeko pilota partidak.
Iparraldeko trinketeko pilota partidetan, amateur mailan jokatu diren azken partidetan urruñarrek honako emaitzak ukan dituzte: Biscouby eta Mendi (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Ascery eta Iribarren (Zaharrer Segi) 30. Bideondo eta Etxegoin (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Dizabo eta Lafitte (Lau Herri) 38. Agirre eta Benesse (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Niang eta Luku (Goizeko Izarra) 17.
Adindunendako ekitaldiak azaroaren 24tik 30era
60 urtetik gorakoei idekita. Azaroaren 24an, ostegunarekin, informatika hastapena Posta gelan (10:00-12:00) eta arratsaldean mahai jokoak (14:30). Azaroaren 25ean, ostiralarekin, yoga kadira gainean (10:00). Iraupena: oren bat, prezioa: 5 euro. Azaroaren 28an, astelehenarekin, karaokea Posta gelan (14:30). Azaroaren 29an, asteartearekin, sukaldaritza saioa (10:00) eta informatika saioa (14:30). Azaroaren 30ean, asteazkenarekin, Eguberriko koroaren sorkuntza (10:00) eta arratsaldean ibilaldia Hendaiako itsas bazterrera. Distantzia: 5 km, iraupena: 3 oren, Posta gelatik (9:00). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.











