Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Azaroaren 24a
Printze Ttikia euskaraz - Coming out antzerkia - Herrien arteko polizia munizipala - 60 urtekoen bazkaria
Printze Ttikia euskaraz, ikusgarri musikala
Euskaraldiaren bete-betean girenez abenduaren 2a arte, egon gaiten urte guzian, "Ahobizi" ala "Belarriprest", ekimen berezirik ez izanik ere. Euskarazko antzerki huntaz goza gaitezen. St Exuperyk "Printze Ttikia" haurrendako idatzi bazuen,Tximi-Txama gazte abesbatzak helduentzat idatzi du gaurko komedia musikala. Musika osoki idatzia izan da eta kantuen hitzak liburutik hartuak. Tximi-Txamaren arrakasta ongi ezagutua da, Frantzia barneraino, eszena nazional eta telebista platoen artean. Hilaren 26an, euskaraz emana da (17:30), ondotik frantsesez (20:00), Larreko gelan. Prezioa 12€, 6 urtez petik 8€, erreserbak turismo bulegoetan, baita lekuan bertan, huts ezina.
Coming out antzerkia, Larreko beterik
Ostiralean, iragan beharra da "Coming out" antzerkia, Medhi-Emmanuel Djaadi antzezlari famatuarekin, hunek kondatzen du, bertzeak bertze beti modu umorezkoan nola musulman erlijiotik katolikora pasatu den. Erreserba guziak hartuak dira, hori pentsatzekoa baitzagon, hortarako abisua zabaldua ginuen duela bi aste, lehenbailehen txartelak hartzekotan.
Herrien arteko polizia munizipala
Uda huntan, Ainhoa, Arbona, Azkaine, Ezpeleta, Senpere eta Sarak abiatu dute hirizaintza partekatu bat. Senpere eta Azkainen kokatuak dira 6 hiri-zaintzaleak, hauen lana delarik 6 herri horietan ibiltzea, bai modu programatu batean, baita Herriko-Etxeen behar edo galderen arabera. Gogoeta bat eramana izana zen, Hego-Lapurdiko herrien artean eta huni Ezpeletak lotu nahi ukan du. Denen ahalak elkartuz, lana erraztua dago eta denbora berean eraginkorragoa, ahantzi gabe herritarrekin beharrezko lotura badutela. Beren presentziarekin 19.000 biztanleen seguritatea bermatzea dute helburu, Uztaritze eta Senpereko Jendarmeriak partaide dira automatikoki. Prentsaren aitzinean, Ziburuko eta Senpereko auzapezek, baita Baionako Suprefetak hitza hartu dute, ongi azaltzeko zer abantaila sortu lezakeen holako egitasmoak. Iduri luke etsenplu huni segituz, bertze herri batzu ere prest litezkeela holako proiektua gauzatzeko, beren heinean.
60 urtekoen bazkaria
1962an sortu herritarrak gomit dira beren bizilagunekin, Aroberri ostatura, abenduaren 10ean eguerditik landa. Beharrezko izen-emaitea egiten ahal da deituz: 06-71-11-83-70 edo 06-08-77-91-18.











