Herriz Herri - Ziburu (L) | 2022ko Azaroaren 24a
Eguberri gogoan - Lur-antolaketa onartua - Arrakasta ederra
Eguberri gogoan
Aitzineko bi urtetan bezala, herriko sozial-zerbitzuak muntatzen du elkartasun sail berezia Eguberriri buruz. Jendea deitzen du opari batzuen eskaintzera behartsu diren familieri. Izan jostagailu, liburu ala beste, denak gauza berriak izan behar, ez jadanik norbaitek eskutan ukanak. Delako zentro horrekin harremanetan jarri behar da, edo harat agertuz ala deituz 05-59-47-92-87, ikusteko zer opari eskainiko den eta zoin adinetako haurrarentzat. Untsalaz 12 eta 25 euro arte hortako zerbait. Opariak sozial-zentroan pausatu behar gero, berantenaz abenduaren 2an eta egun hortan eguerdi aitzin.
Lur-antolaketa onartua
Herriko kontseilua bildu da joan den egunean eta lur-antolaketa zuten berriz ere solasgai. Nola behar den kanbiatua izan eta nola pikoan ezarria. Bazterretik arrangura zonbait, konparazione Bordagain auzoaldeko biztanle batzuen aldetik, ez dela argitasun aski emana izan eta gisa guziz ez aski goiz. Herriko Etxeak dauka ez zela bestela hain aise egiten ahal, Euskal-Elkargoak ez goizago helarazirik bere ikusmoldea. Dena den, kontseiluko guziek onartu dute lur-antolaketa berria, denen adostasun hori behar da segur azpimarratu. Deus ez da haatik oraino alde bat trenkatua Euskal-Elkargoak preseski ez baititu bere azterketa guziak eginak bainan laster eginen, oraiko ustez abenduaren 20an.Zernahi gisaz, joan den eguneko bozkatze horrekin urrats handi bat egina izan da eta molde ederrean.
Arrakasta ederra
Iragan larunbatean, Euskaraldiaren kari muntatu eguna biziki arrakastatsua izan da. Aroa ez alde egia erran, goizetik arrats kasik alde bat euria, bainan dela bertsu bazkaria, dela Oihana ikusgarria barnean ziren eta beraz aterbea segurtatua! Baltsan elkartean, bertsu-bazkaria ederki joan da. Leku gehienak zonbait egun aitzinerat hartuak! Bertsulariak trenpuan eta entzuleak harro, zer behar da gehiago?Oihana ikusgarria, Itzuli konpainiarekin, biziki ederki iragan da. Denak harrituak zoin hunkigarria zen!











