Gogoa hazi | 2022ko Azaroaren 24a
Perlak
Johanes Bordazahar
Karrika kantoian, noizean behin entzuten dudana: "Hire istorioak? Bai! Ongi! Baina zertarako ditek balio!" Jende helduak, eskolatuak, modernoak, erranen daut ipuinak edo istorioak ez dituela gogoko. Gezurrez josiak, ametsetako solasak direla. Hots, haurkeriak edo zaharkeriak, etxe zokoetan utzi behar direnak. Jendeak horrela dio ez dakielako zertaz ari den, edo bere baitan preso delako, ideologia edo gaurko dogma garaikide zenbaitengatik, gogoan dituen hesien artean mugatzen duelako bere mundua....Kontalariak erranen dio: "Hoa eta erleri so egiek, egundainotik nola egiten duten beren eztia eta ikas ezak haiengandik. Hitz dauiat: betikoak izanagatik ezin modernoagoak dituk. Gisa guzietako loreak bisitatzen ditiztek: gaztain-ondo bai eta sasi, biper edo(ta) lore garratz, pozoitsuak, nektare horiekin ezti gozo baten ateratzeko. Kontalariak ipuinekin ere hori dik helburu: jendeen probetxua. Kinka txarretan hoberako bide zenbait diseinatzea. Pertsona jendetasunez eraiki beharrez, haren hoberako bidean barnatzea, bizitza bete betean goza dezan, beldurrak zapal ditzan, etsipenak ostika...
Begira ezak Jesu Kristo bera, apezen eta kontalarien patroina. Hark ere istorioak, "parabolak", kontatzen zitian, munduko jendeak "berri ona" hobeki gogora zezan, berdin metaforak erabiltzen zitian gordea zena agerian emateko: "Behin batez, ereilea atera zen, hazia erein beharrez... (Mt.13,3-35). Kontalariak berdin egiten dik. Ipuin bakoitzak badik bere mezua. Ipuin onak, parabolak bezala, atzokoak izanagatik gaurkoak dituk."
Oroit gaitezen perlak nola sortzen diren!... Gure oinezko ibilaldi batean, Donibane Lohizuneko inguruetan ginen, Ur-hertsi (edo Urdazuri) ibai bazterrean, aspaldiko Mocconia Errota zen bazterretan. Marea beherak, ur bazterrean, noizean behin, txirlak eta ostrak agerian uzten ditu. Itsaski biltzaile bat eskuetan zaukan ostraren izaerari buruzko argibideak ematen hasi zitzaigun. Gure lagun batek galdetu zion:
-Egia dea ostra baten barnean perla bat aurki daitekeela?
Ostra-zaleak, baietz:
-Ostraren barnean parasitoren bat, zikinkeria edo hondar-pikor bat sartzen denean, ez du kanpora botatzeko ahalik. Barnean azkura tzar bat ematen dio, haragi mamia arraskatzen. Ostrak partikula arrotza nakarezko (nacre) geruza fin batekin bilduz, xaflaka, parasitoa hiltzen du eta eztiki eta leunki inguratzen, perla borobil fin bat osatzeko. Gisa horretan arrotza etxekotzen du eta... zein eder egiten! Autodefentsaren garaipena duzue perla oro... Betiko istorioa: naturak gauza tzar batetatik ekei ezin baliosagoa ateratzeko duen gaitasuna.
Delako galdera egin zuen ibiltariak, ipuin-zalea bera,komentatu zuen ostra-biltzaileak kontatua ezin hobeki konpara daitekeela ipuingintzari. Ipuin on batek beti biltzen du munduko bazterretan, norbaiten egoera baldarra, parasito gaizto batena. Emeki, emeki, hitzezko hari fin batekin landuko du gertakari kaltegarria, istorio bat borobildu arte. Bistan da ipuinak perlak bezala ez direla beti ederrak ateratzen. Badira forma eta balio guzietakoak. Perla ederrenek, istorio onek bezala, ez dute nehoiz beren balioa galtzen... Komunzki, ipuinak ongi finitzen direla? Ados! Baina ez da horretan koxka. Da zer mezubideratzen duten.
Bidaide gogaide gindoazela lagun batek gehitu zuen:
-Ostra hemen bizi da ingurugune ttiki, baketsu batean, etsai beldurgarririk gabe.Ostrak bezala gure etsairik arriskutsuenak ez ditugu kanpoan, gure baitan baizik. Bakoitzak badakike, beraz, zertan baliatu bere nakar baliosa...










