Orotarik | 2022ko Azaroaren 24a
GURE GLAZIARRAK
Epelondo
Aldaketa klimatikoa eta leherketa zurruna martxan dira dagoeneko. Kolapsoa hurbil dugula errepikan ari zaizkigu mass-medietako aho zabalak, duela gutxi Lea Salame kazetaria bezala, gurbil bizi behar dugula, baina kutsaduraren %70aren hobendunak lur honetako jendetzaren %10ak osatzen duelakoa salatzeko hitzik ez. Aberatsenak eta puxantenak dira. Badu bulta bat alaina herritar xeheak ez duela aztarna-karbonikoa kolpatzen, hori ere jakin beharko genuke, nahiz eta gure kolibri zereginari uko egiterik ez daukagun.
Ukamenean dauden askok begiak ireki behar dituzte oraino. Gure artean bada horrelako parrasta bat, ez dut izenik emango. Bakarrik hauxe: Auñamendiko mendi kateko glaziar bi, aurten kartetatik edo mapetatik ezabatu ditu udako beroaldi ikaragarriak. Mendizaleek soilik deitoratuko ote dituzte Luchoneko bailara goretako Boum eta Oô Portilhoneko hormadi ohiak? Vignemale mazeletako Osueko glaziarrak ere bere hedaduraren erdia baino gehiago galdu du hondar hamarkada hauetan. Pierre René izeneko bertako espezialistak dio tenperatura goratze dezimalak Pirinioetako eta Alpeetako elurte eternal peza handiak lanjerrean jartzen dituela. Hemen, bederatzi glaziarretatik gaurkoan, zazpi baizik ez dira gelditzen.
Hor dut, etxeko eskailera pean gorderik, 1990 urteetan plazaratu zen Pyrénées Magazine baten zenbaki berezia: orrialde haietan 2050erako gure gailurretan elurrik eta glaziarrik ez zegokeela iragartzen zen. Uste dut bihurgunera helduak garela. Zepotik ez gara aterako, Macronek sinesten duen moduan, ekoizpena biderkatuz eta etorkizuna zientziaren bizkar utziz. Noizbait egia onartu beharko dugu, Boumeko glaziarraren sepia koloreko argazkia eskuetan dindil!












