Egun eta bihar | 2022ko Azaroaren 24a
Zezen-lasterrak
J-B D
Frantzia iparraldeko deputatu intsumitu batek bazterrak harrotu nahi ditu, harrotze horri jadanik plantatua ere da funtsean, eskatuz denetan eta alde bat debekatuak izan diten zezen-lasterrak. Ez da lehen aldia segur holako urratsak eginak direla hor gaindi bainan iduriz aldi huntan aitzineko aldietan baino kar gehiagorekin. Egia erran, legez-lege eta aspaldian, jadanik ere zezen-lasterrak debekatuak dira Frantzian bainan ez denetan. Haizu dira alabainan aspaldian ohidura hori baduten hirietan. Hiri horiek berrogoita-hamar bat izanki orotara, Baiona eta Akize barne. Aspaldian bada gai hori aipatzean zernahi eztabaida. Aurten gertatzen dena da, hala iduri du segurik, alde ala kontra denak aise berotuago direla. Asko agertzen, arrunt zezen-lasterren kontra eta beste asko arrunt alde! Gutien ustean batzuk eta bestek manifestaldiak ere egiten, gaitzeko haserrea agertuz!
Deputatuen arteko batzorde bat joan den egunean mintzatu da gai hortaz eta karia hortara egokiena litakeela orobat, saltsa handiegirik ez izaiteko gisan, deusik ez kanbiatzea. Zezen-lasterrak aitzina haizu beraz bainan bakarrik aspaldian egiten diren tokietan, beste nihun ez! Iduriz bozkatze horrek ez ditu kontrakoak gehiago asaldatu baizik! Itxura guzien arabera izanen da oraino kalapita samin asko eta asko gai hori azkarki minberatua baita eta beti gehiago minberatzen ari! Horiek hola, iragan astean plazaratu dira ere Frantzia osoan egin sondaia baten emaitzak. Zoinek baitiote jendeen %74ak zezen-lasterren kontra direla. Salbu hara, berehala kondatu da sondaia hori ez dela batere molde onean akuilatua izan. Ez gira beraz batere argituago!











