Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Azaroaren 24a
Euskaraldia - Bertsu afaria Behaskanen - Pyrotek lantegia Labetzen
Euskaraldiko gertakariak Amikuzen
Beste leku anitzetan bezala, Euskaraldia Amikuzen abiatu da, joan den ostiralean, azaroaren 18an besta giroan. Denbora txarra izanik ere, merkatu estalira jendea nonbrean hurbildu da, memento goxo baten pasatzera lagunekin. Txapak eskuratu ondoan, Euskaraldiko mezua irakurria izan da eta txalotua. Ondotik taloak, edariak, dantzak, kantuak, bertsuak denak hor ziren Euskaraldiari ongi etorri beroena egiteko. Gaualdi alaitsu horrek erakustera eman du Amikuzeko eragileak prest direla euskararen erabilpenari buruz lan egiteko.
Euskaraldia kanpainaren egitaraua
Zentzu hortan, hitzordu desberdinak emanak dira ondoko bi astetan.
- Azaroaren 23an, asteazken egun guzian ikastolaren 50 urteen dokumentala pasatuko da, Amikuzeko mediatekan.
- Azaroaren 25ean, Euskaraldiaren karabana Donapaleuko merkatuan izanen da (9:00-12:00).
- Azaroaren 25ean, ikastolako burasoen iniziazio tailerra antolatua da (18:30), eguneroko elkarrizketetan trebatzeko.
- Azaroaren 26an, ikastolako 50 urteen dokumentala eta liburuaren aurkezpena eginen da, Amikuzeko mediatekan (10:30), topaketa egileekin.
- Abenduaren 2an, Zabalik elkartearen biltzar nagusia Donapaleuko Touzaa etxean (19:00) eginen da, eta ondotik Euskaraldiaren bukaerako aperitifa.
Gomita zabaldua da ekitaldi horietan parte hartzeko. Jin gustuan, ongietorri beroena egina izanen zaizue.
Bertsu afaria Behaskanen abenduaren 23an
Hiru urtez pausan egon ondoan, bertsu afaria berriz heldu zauku. Aurten Behaskanen antolatua da, abenduaren 23an, ostiralez (19:00). Miren Artetxe eta Aitor Sarriegi etorriko zauzkigu.
Zazpigarren aldia bertsu afaria egiten dela Amikuzen, Zabalik elkarteak, Bertsularien Lagunak eta Ezkukula bertsu eskolak antolaturik. Bertsuzaleen hitzordu garrantzitsua bilakatu da, Zabaliken moduan, luzerako lan batean Amikuze berreuskalduntzeko bertsuaren bidez. Sei herritan egin ondoan (Donapaleu, Arberatze, Gabadi, Behauze, Garruze, Martxuta), aurten Behaskanek harrera hoberena eginen dio.
Afariarendako (22€), aitzinetik erreserbatu behar da 06-81-51-96-83 deituz.
Pyrotek lantegia Labetzen
Ipar Euskal Herriko 11 suziritzaile, kooperatiba baten sortzen ari dira. Labetze Berrogainen dute beren egoitza, Paxkal Indoren etxean. Bera 1994an hasi zen ofizio hortan eta gero utzi zuen 2008 arte. Geroztik bere aktibitate nagusia bilakatu da. Bere lagunekin, proposamenak egiten dituzte hirieri, besta komiteeri edo edozoin elkarteri suzirien bidez, publikoari ikusgarri berezia biziarazteko.Xehetasun gehiago ukaiteko, Paxkal Indoren elkarrizketa entzun dezakezue Irulegiko Irratiaren sarean











