Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2022ko Azaroaren 24a

Pilota - Asteburuko hitzorduak

Pilota%20-%20Asteburuko%20hitzorduak

Pilotako finalak

Joan den larunbatean iragan dira gure herriko lehiaketaren finalak, esku-huska, trinketean. Jendea saldoan bildu da, guti aire hastapenean, aldiz azken finalarentzat trinketa tanpez betea zen. Lehiaketak lau maila bazituen, ondorioz lau final jokatu dira.

Laugarren mailan, Andoni Allot eta Cyril Arambel 40, Sébastien Ospital eta Tomas Landaboure 7. Hirugarrenean, Roger Etchevers eta Pierre Cedarry 40, Iban Casemajor eta Xalbat Bidondo 26. Bigarrenean, Xan Oronos eta Frantxoa Oteiza 40, Yannick eta Sébastien Franchisteguy 30. Eta lehen mailan, Patrick Ibarrola eta René Muscarditz 40, Eneko Ibarrola eta Mathieu Olhagaray 38. Azken partida hau zinez ederra izan da, gazteak luzaz aitzinean, xaharragoek hondarrik baizik ez dutelarik aitzina hartu. Dena den, goresmenak pilotari guzieri eta berezikiago Mathieu Duclos gazteari, hunek baitu plaza gizon saria eskuratu.

Ondotikako guzia giro onean iragan da, lehenik aperitifa trinketean berean, gero afaria Artetxea gelan, 90 bat lagunen artean, Andoni Berhouet sukaldari talendutsuak prestatua, eta azkenik musikaldia trinketean gau parte on batean. Eskerrak Jo Pilota elkarte antolatzaileko gazteeri.

Asteburuko hitzorduak

Jadanik aipatuak, ez ahantz bi hitzordu baditugula asteburu huntan. Bat ostiralean (19:00) Ortzaizeko Menta liburutegian, "Anti" filma eta Eneko Bidegainen mintzaldia euskal mintzairaz, Bidarraiko eta Ortzaizeko euskaltzaleek partzuergoan antolatua Euskaraldiaren karietara. Bestea igande arratsaldean (14:00), mus lehiaketa Arrume gela berotuan, herriko eskola publikoko burasoek antolatua.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3666. zbk

Gure Hitza | 2022/11/24

Marte planetatik begira!

Menane Oxandabaratz

2022ko azaroaren 15a, Marte planetatik estralurtar bat Lur planetari begira da. Ohartzen da gune horretan anitz jende uli batzuk bezala eskualde guzietan ibilki direla, nola ez egun horretan 8 miliarreko herritarren muga Lur planetak gainditu du!

Hobeki begiratuz ohartzen da borobil handi horretan, Pirinio mendien mendebaldean kokatua den gune ttipi batean mugimendu anitz badela. Gune hori Euskal Herria deitzen da. Horko jendeak mintzatzen entzuten dituenean, hizkuntza horren musikak beharri xiloa inarrosten dio! Euskara da!

Ez da harritzekoa estralurtar horrek ikusten baditu pertsona horiek zalapartaka ibilki. Lurralde horretan, euskaldunak deitzen direnak, kultura aberatsa dute eta eginahalak egiten dituzte belaunaldiz belaunaldi arbasoen ohidurak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016