Mundu zabalean | 2022ko Azaroaren 24a

Klima nahasmendua

J.B.

Klima%20nahasmendua

Herri pobreen ezin jasana

Klima aldaketari buru egiteko gailurra iragan da Egipton. Lerro hauek idazterakoan ez dakigu oraino zer erabakia izan den, bainan pentsatzekoa da baso erdi hutsa eta erdi betearen solasak eta komentarioak ezbaian segituko direla ondoko egunetan. Hala izanik ere gailurra hasterakoan plazaratuak izan diren deiak eta apustuak hor daude. Hil ala biziko deiadar ozena jo du Nazio Batuetako presidenteak eta uda huntan erretzeko beroak egin ondoan, uholde ikaragarriak jasan dituen Pakistango lehen ministroaren hitz xuxen bezain bortitzek, oihartzun ezin isildua segitzen dute egiten herri aberatsetako kontsumitzaile ezin aseak gaudenentzat. Herri aberatsak dira, parte handi batean, Pakistan bezalako herri pobreetan jasaiten duten katastrofeen hobendunak.

Pakistanen gertatu den hondamendia

Guk uda huntan jasan dugun beroak ez du deus ikustekorik Pakistanen jasan behar ukan dutenaren ondoan: joan den udaberrian tokika 50 gradurainoko beroa egin baitu, idortea ikaragarriki akuilatuz. Ondotik, ekainetik goiti, euri sasoia usaian baino goizago eta bortitzago abiatu da, herriaren herena ur azpian ezarriz. Muga guziak gaindituak izan dira. Euria jauts-ahala ari izan da, zortzi astez gelditu gabe, sekulako desmasiak sortuz: bide eta zubiak lehertuak, etxeak eramanak, laborantzako mozkinak galduak. 1.600 hil kondatu dira eta 7 milioi jende bortxatuak izan dira heien bizitokitik ihes egitera, osagarri baldintza kaxkarreko eta ur edangarri eskaseko oihalezko herri miserableetan gehienak kokatuak izanez.

Aberatsen hutsak pobreek jasaiten

Aurtengo COP27 gailurra hasi aitzin, Pakistaneko lehen ministroak Nazio Batuetako asanbladan hitza hartu du, klima nahasmenduagatik mehatxatua den bere lurraldea salbatzeko deia zabalduz nazioarteko komunitateari. Muhammad Shehbaz Sharifentzat berotze klimatikoaren eragina ez da sekulan Pakistanen hain suntsitzailea izan eta munduko beste edozein herritan gauza bera gertatu aitzin abisu bat baizik ez dela izan azpimarratu du. Gizonen erasoari natura ihardukitzen hasia dela eta, funtsezko galdera egin du bilduak ziren munduko ordezkarieri: "Herri industrializatuek dute txartzen ari den egoera hori sortu bainan guk ditugu ondorioak jasaiten. Ez gira eske ibiltzen bainan justizia galdegiten dugu, guretako eta gu bezala hunkituak diren beste herri pobreentzat."

Erran nahi bereko mezua zabaldu du Antonio Gutierres Nazio Batuetako idazkari orokorrak, Charm el Cheikh hirian, klima aldaketari buru egiteko iragan den aurtengo gailurrean: "Munduko jendarteak hautu bat egin behar du, elgarrekin lan egin ala hil. Edo elkartasun klimatiko hitzarmena lortzen da edo buruaz beste kolektiboaren hitzarmen bat izanen da." Herri bakotxak indar gehiago egin behar duela berotze efektua sortzen duten gas emisioak ttipitzeko errepikatu ondoan, dei berezia zabaldu du nazioarteko finantza erakundeeri eta herri aberatseneri, laguntza ekar dezaten ekonomia ahulagoko herrieri.

Jakin behar da herri aberatsak diren Ipar Amerika, Europa, Errusia eta Australiak airera botatzen dutela berotze efektua sortzen duten gas produkzioaren %63a, Afrikako herriek %3a baizik ez dutelarik isurtzen. Alta azken horiek, Pakistan bezala, dituzte klima nahasmenduaren ondorio latzenak pairatzen.

Nazioarteko prentsaren deia

Britania Handiko The Guardian egunkariak du proposamena egin, 20 herrietako 30 bat kazeteri, elgarrekin mezu bateratu bat igortzeko Egipton bilduak ziren gobernu burueri. Hala nola Frantziako Mediapart eta Libération kazetek edo Espainiako El Diariok parte hartzen dute mugimendu horretan. Beha egoiteko denborarik ez dela diote, ahoan bilorik gabe. Herri aberatsek Errusiarekin duten dependentzia energetikotik ateratzeko estakuruarekin enpresa handiak ari dira, berriz ere, petrolio eta gasa ekoizteko proiektu erraldoietan sekulako dirua ezartzen. Gibel ezineko puntutik hurbiltzen ari girela azpimarratu ondoan, jazko COP26 gailurrean parte hartu zuten herriek tenperaturaren gorakada 1,5 gradutan mugatzeko egin behar luketenaren %2ez baizik egitea hitzeman zutela salatzen dute nazioarteko komunikabideek. Egoera larria izanik, proposamen zenbait egiten dituzte: azkartuz joanen den nahasmendu klimatikoa gehienik jasaiten duten herri pobreen laguntzeko 2.000 miliar dolar beharrezkoak dira urte guziz.

Duela bi urteko gailurrean, 100 miliar dolar eskaintzea urte guziz lanjerean diren herrieri hitzeman baitzuten berotze klimatikoaren hobendun nagusiak diren herri aberatsek, hitza errespetatzea eta gauzatzea daiteke sinesgarritasuna lortzeko abiapuntua. Gutienetik benefizio ikaragarriak egiten dituzten gas eta petrolio enpresak zergapean ezartzea galdegiten dute. Bai eta ere hondamendi klimatikoa jasaiten hasiak diren herri pobreenen zorra ekonomikoen deuseztatzea.

Pasa berri den koronabirusaren izurrite garaian banku zentralek lagundu duten munduko estatuen zorren estaltze bezalako mekanismoa plantan ezartzea baitezpadakoa da, nazioarteko kazetarientzat. Gure planeta salbatzeko neurri erradikalak beharrezkoak dira, bestenaz Pakistanen gertatu dena errepikatuko da herri gehiagotan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3666. zbk

Gure Hitza | 2022/11/24

Marte planetatik begira!

Menane Oxandabaratz

2022ko azaroaren 15a, Marte planetatik estralurtar bat Lur planetari begira da. Ohartzen da gune horretan anitz jende uli batzuk bezala eskualde guzietan ibilki direla, nola ez egun horretan 8 miliarreko herritarren muga Lur planetak gainditu du!

Hobeki begiratuz ohartzen da borobil handi horretan, Pirinio mendien mendebaldean kokatua den gune ttipi batean mugimendu anitz badela. Gune hori Euskal Herria deitzen da. Horko jendeak mintzatzen entzuten dituenean, hizkuntza horren musikak beharri xiloa inarrosten dio! Euskara da!

Ez da harritzekoa estralurtar horrek ikusten baditu pertsona horiek zalapartaka ibilki. Lurralde horretan, euskaldunak deitzen direnak, kultura aberatsa dute eta eginahalak egiten dituzte belaunaldiz belaunaldi arbasoen ohidurak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016