Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2022ko Azaroaren 24a
Heriotze - Sortze - Estreinaldia - Suhiltzaileak - Goxoki etxean - Hazkurri Bankuaren bilketa - Arrolak 80 urte
Heriotze
Baigorrin sortua, Banka "Zubiondoan" bizi zen Ramuntxo Latasak 58 urtetan utzi gaitu. Irey garajean lan egiten zuen oraino berriki, eritasunak harrapatu arte. Ramuntxo zenaren ehorzketak joan den ibiakoitzean egin dira, Bankako elizan.
Landagaraian bizi zen Beñat Ilhardoy (sortzez Donibane Lohizunekoa) 76 urtetan zendu da. Gure herriko posta kudeatu zuen anitz urtez. Bere gorputza Miarritzen erraustu dute, joan den ortziralean.
Baigorrin sortua zen Michel Aldax, bere Aire sur Adour-eko egoitzan pausatu da, 74 urtetan. Behereko karrikako "Kaserna" etxean iragana zuen bere gaztaroa. Gure herriko hilerrian ehortzi dute, joan den ortziralean.
Eiheraldeko Jeannette Inçaurgarat (Piquet sortua) 96 urtetan joan da. "Larrazkena" erretreta etxean erretiratua zen, zonbait urte huntan. "Xoko ona" jatetxe ohia kudeatua zuen denboran. Aitzineko asteartean ziren ehorzketak.
Doluminak penetan diren familia guzieri.
Sortze
Beharrik, berri on zonbait ere baditugu emaiteko. Hara nola Lutxia ttipiaren sortzea. Frederic Stasi eta Maialen Lekunberriren alaba. Goresmenak aitama gazteeri. Okozeko "Xiloa" etxean bizi dira.
Estreinaldia
Herriko Etxeko barne berriak joan den ibiakoitzean estreinatu dira, hautetsi andana, tokiko egitura edo elkarteen ordezkari eta obretan parte hartu duten ofizialeen presentziarekin. Eraikin zaharraren eta berriaren arteko lotura egin den manera egokia azpimarratu da, berdin zerbitzuen gaurkotasuna eta gelen argia.
Suhiltzaileak
Téléthonaren karietara, Baigorriko suhiltzaileek ate idekitzeak antolatzen dituzte, ortzirale huntan, heien sokorri zentroan (18:00). Daramaten lana zehaztua izanen zauzue eta kasernako barneak eta tresneria bisitatzen ahalko dituzue. Edariak eta taloak aurkituko dituzue tokian berean eta nahi baldin baduzue, taloak aitzinetik manatzen ahal dituzue zenbaki huntara deituz: 06 74 97 37 64.
Goxoki etxean
Adinekoak jotzen ahal dituen "desnutrizio" edo gaizki jatearen patologia jorratzen da egun hauetan. Karia hortara, "Goxoki etxean" egiturak erakusketa ttipi bat antolatzen du gai hortaz, azaroaren 24tik abenduaren 2ra, Herriko Etxeko sartzean. Sylvie Iñarrak permanentzia bat atxikiko du azaroaren 24an, ortzegun goizez.
Gainera, informazio bilkura bat iraganen da azaroaren 29an, asteartez (20:00-21:30), elizaren parean den "Elizonde" etxean eta janari jastatzea izanen da ondotik. Xehetasun gehiagorentzat 06-30-10-24-99ra deitzen ahal da.
Hazkurri Bankuaren bilketa
Asteburu huntan Hazkurri Bankuak janari bilketa egiten du. Baigorrin ere iraganen da, SPAR Oronos saltegian zuen emaitzak uzten ahalko dira.
Arrolak 80 urte
Oroitarazten dugu Arrola dantza taldeak bere sortzearen 80. urteburua ibiakoitz huntan ospatuko duela eta izenak aitzinetik eman behar direla bazkariarentzat 06-30-48-39-99 zenbakian edo arrolataldea@gmail.com helbidean, mezua utziz. Dantzarien desfilea 11etan abiatuko da elizako plazatik, jauziak plaza nagusian (12.00), aperitifa alaitua Plaza Xokon ondotik. Arratsean "Bilabal" dantzaldia (17.00), arratsean talo eta xingar eta kontzertua Kontrabandarekin.











