Gogoa hazi | 2025eko Apirilaren 24a

Jendea lehen

Jean-Louis Davant

Lagun batzuek galdegin didate:"Zu, abertzalea izanki, nolaz Ukrainaren alde zaude gerla horretan?". Hona erantzuna: abertzalea izan aitzin, jende bat naiz, beraz jendetasunak gidatu behar nau oroz gainetik. Gerla ote dugu ezadostasunen konpontzeko manerarik hoberena? Abdelkader pastoralean erran nuena errepikatzen dut hemen:

"Gerlak ez dü okerrik xüxentzen /errausten dü deüs eman gabe"

"Galtzaleak ez düke bakerik / arrabantxa bat hartü arte."

Errusiako armadak sua piztu zuen Ukrainan sartuz, eta zer irabazi du? Hiru urtez kilometro zenbait hartu, milioi bat hil eta kolpatu larri egin bi aldeetako gudarien artean, zibilak bestalde, beretu nahi zuen Ukraina xehatu, iheslariak milioika dela erresuma barnean, dela kanpoan, bien ekonomia errekan, herra bi populu haurrideren artean. Hori guzia handi nahiagatik. Errusia lur eskasean ote dago? 27 aldiz Frantziaren eremua betetzen du! Hara jendetasun soilak erraten didana.

Orain abertzalearen aldi. Donbass eskualdeko jendea minoria nazional ukatua ote da? Ez dut uste. Ukrainarra da, eta parte bat Errusiako herritar egin nahi omen errusieraz mintzo delakoan. Haatik ukrainar guziek errusieraz badakite, inperioko hizkuntza baitzuten, ukraineraren gainetik inposatua. Errusiak Ukraina kolonizatu zuen hiru mendez. Azkenean Sobiet Batasunaren desegiteak libratu du. Baina Errusiari bizkarra emanez, Europari hurbildu zaigunean, Putin-ek ez du onartu. Gerlaz erantzun dio, lehenik Krimea hartuz 2014an, gero Donbass eskualdera soldadu maskatuak igorriz milaka, tankeak ehunka, azkenean armada osoak Ukrainan sarraraziz 2022ko otsailaren 24an.

Gainera Putinek errusiar inperioa lehengo eremura zabaldu nahi du. Auzoko erresumak horren beldurrean bizi dira. Errusiaren janizatik zaindu nahiz, OTAN erakundean sartuak dira banan-banan. Errusiak luzaz bere peko hartu baitzituen bortizki, horren aztaparretara itzultzeko tirriarik ez dute. Haatik Ukraina gaixoa OTANetik bazter dago, Alemaniak, Amerikak eta Frantziak hola erabakirik. Baina gerla horren kariara, beste bi erresuma aliantza horretan sartu dira, Finlandia eta Suedia. Bitxiki, Putinek ene jakinean ez du gauza handirik erran, ez da gehiegi kexatu, zergatik ote?

2008 urtetik Putin Sartaldearen aurkako kurutzada batean sartua zaigu, ez du gordetzen. Europako batasuna desegin nahi du, OTAN erakundea bistan dena, baita Estatu Batuetako Amerika, ez gutiago. Azken hau franko nahasi berri du Trump presidente berriaren bitartez. Haatik hurbilena Europa du, beraz kasu guri. Ukraina har baleza, non geldi litaike?

Errusiar tankeak nekez hel daitezke honaraino, baina holako balentriaren egin beharrik ez du Putinek. Bere aldeko jenderik ez du eskas Europan gaindi, bereziki eskuin muturreko alderdietan. Zinez laguntzen ditu, eta boterea har balezate gure gainetiko erresumetan, errusiar inperioaren meneko gerta gaitezke. Hori ote da gure ametsa, irrika, tirria? Abertzale izan ala ez, beste xederik badukegu anitzek.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3783. zbk

Azalekoa | 2025/04/24

"Era egin, era berri baten egile"

A.E.

Era%20egin_%20era%20berri%20baten%20egile

Aiherrako "Mugan" aktibitate gunean kokatua den Eragin fabrikak 2 urte bete ditu aurtengo apirilean. Horren karira, "Abarratia Fest" deitu besta antolatuko da maiatzaren 16an. Xalbat Seosse Oxarangok enpresa hori 2019an erosi zuen "Elikatxo" izenburuarekin, garaian Bardozen inbertitu zuena. Gehiago ikasteko azken hunekin bildu gira.

Garatuz joan den proiektua

Xalbat Seosse Oxarango aihertarrak 35 urte ditu. Bere lan proiektua 2013an abiatu zuen, lehenik Baionako "Egarri" enpresan arizan da, euskal edari originalak sortu, ekoiztu eta banatzen dituena. Horren ondotik, "Kupela" sagarno marka sortu zuen, Astigarragan ekoiztua dena. Beste edari mota batzuk egiteko galdea ukanik, produkzioa garatzen joan zen, besteak beste "Loreak" spritz edaria, "Arima" dute hotza edota "Abarratia" baita "Balea" garagarnoa ekoizten hasiz.

2015ean, "Elikatxo" ekoizpen tailerra sortu zen Bardozen, bertako bi ingeniariri esker. Lehen fruitu jus ekoizpenak egin ziren "Pressoir du Pays Basque" markarekin eta "Euskola" Euskal Herriko koka kolaren abiatzea izan zen. Xalbat Seosse Oxarangok "Elikatxo" enpresa hori erosteko aukera ukan zuen.

2019an BIO agiriaren lorpena ukan eta, aktibitatea azkartu zen Euskal Herrian, bertako laborari eta arbolzaintzariekilan engaiatuz. 2020an, inbertitze handia egin zen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016