Gure Hitza | 2026ko Agorrilaren 06a
90 urte
Menane Oxandabaratz
Duela 90 urte, langileen greba mugimendu handi baten ondorioz Front Populaire koalizioak bozkatu zuen bakantzak ordainduak hartzeko dekretua. Langileen gehiengo batek lehen aldiz lanera ez joaitea gozatu zuen, toki batzuen ezagutzeko parada emanez. Tren txartelak prezio apalean, milaka langile itsasora buruz abiatu ziren, ordu arte aristokrata eta burges eliteen guneak zirela, populazio xumeak ere dastatzeko aukera ukan zuen.
Bigarren Mundu Gerlaren ondotik bakantzetara joaiteko ohidura hedatuko da. Langileak lanaren akidura sendotzeko eta airea hartzeko, denbora librearen garrantziaz konturatuko dira, etxetik abiatzearen ondorio onak biziko dituzte. Langile horien libertitzeko turismoaren ekonomia garatuz joanen da: haurrentzat koloniak, kanpalekuak, ostatuak... eta aisialdi guneak muntatuak izanen dira.
Turismoak, bereziki gureak bezalako guneetan arrakasta handia du. Turismo guneek ondorio on bezain kaltegarriak ekartzen ahal dituzte. Ekonomikoki garrantzia dute, komertzioak lanean ari dira, udako lanpostuak sortuak dira. Baina gehiegizko turismoak beste ondorioak ere baditu, lehenbizi etxebizitzen prezioen emendatzea. Baita gune batean populazioaren metatzeak kutsadura ekartzen du: hondakin gehiago, ur kontsumo handiagoa, bideetan autoak lerroka… ingurumena kaltetzen du.
Oporretara joaiteko hautua lehenik bakoitzaren irabazien arabera egiten da. Zailtasun ekonomikoetan direnek ez dute horretan burua galtzen, irakurtzen ahal da jaz frantses estatuan %40a ez dela oporretara joan. Aurten ere pentsatzekoa da bide gastuak, etxe alokairuak eta bestelako karguak familia batean konta izanen direla. Familia batzuetan irabaziak apalak izanez, haurrek ere egoera hori jasan behar dute, etxean gelditu behar dira.
Turismoa egiteak tokiko ohiduren, nortasunaren eta kulturaren ezagutzeko parada ematen du. Ez naiz segur Euskal Herrira etortzen direnek gure kulturaz zerbait ikasiko duten. Proposatuak diren aktibitateetan gehienetan folklorismoa da nagusi, beharrik azken urteotan beste turismo mota bat garatzen ari den.
Oporrak hartzeko eskubidea, duela 90 urte bozkatu legeari esker da, orduko agintari politikoek lanaren murriztea behartuak izan ziren. Pausaldiak eguneroko bizitzatik deskonektatzeko posibilitatea emaiten du, bizitzan lanak denbora anitz hartzen du. Edozeinentzat bakantzak beharrezkoak dira!
Herria astekariak ere, hiru astez pausaldia eginen du, langileek eta berri emaileek oporrak merezi dituzte, ongi baliatu!




