Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Agorrilaren 06a
Bideetan obrak - Xardina besta - Laborarien lehiaketaren emaitza - Antzerki - Pilotaren aste handia - Mus lehiaketa
Bideetan obrak
Euskal Elkargoaren kondu, saneatze sarean obra batzu eginak izanen dira Heraitzeko plaza eta Haltya borobilgunearen artean, uztailak 28 eta agorrilak 14 artean. Bideak moztuak izanen dira tokika, desbideratze batzu seinalatuak eta berdin su gorri batzu ere emanak. Autobus ibilaldiak segurtatuak izanen dira beti. Agian hor gaindiko ibiltariek gogo onez onartuko dute.
Xardina besta
Urte oroz bezala Labourdins elkarteak antolatzen du bere xardina besta. Aurtengoa izanen da agorrilaren 7an ortziralez (20:30) Jondoni Bixintxo eskolako parke eta aterpean. Platera bakotxa (xardina eta piperrada) 10 eurotan. Afari denbora osoan animazioa segurtatuko du Thierry Etchegarayk bere akordeoiarekin. Ongi etorri deneri.
Laborarien lehiaketaren emaitza
Uztaritzeko besta kari iragan da joan den astean laborarien lehiaketa Xopolon. Huna zer emaitza izan den: ardi burugorriak: helduak 1- Gaec Elgartea (Senpere), 2- M. Andueza (Larresoro), 3- Earl Artzainak (Sara); bildotsak 1- Gaec Elgartea, 2- Earl Artzainak, 3- M. Andueza. Ardi burubeltzak: helduak eta bildotsak: 1- Gaec Lagunarte (Sara), 2- C. Lassaga (Ainhoa), 3- Ph. Lorda (Haltsu); “Antenaises” 1- Y. Danborriena (Senpere);. Suffolk ardiak: heldu eta bildots: Peio Daguerre (Jatsu). Basco Bearnaise ardiak: 1- Gaec Kandurrixola (Ainhoa), 2- D. Pourailly (Uztaritze). Ahuntzak: 1- Mirentxu Azcarraga (Sara), 2- Gaec Kandurrixola. Zaldiak Bretonne arraza: 1- B. Belascain (Uztaritze), 2- P. Chaldu (Larresoro), 3- M.P. Onchalo (Larresoro); aurkezpen saria: J. Perret (Uztaritze). Zaldiak Comtois arraza: 1- Albert Gueceimburu (Jatsu), 2- Peio Daguerre (Jatsu), 3- Christian Barnetche (Uztaritze); aurkezpen saria: Gaec Castanchoa (Jatsu). Pottokak: 1- Etchegaray (Larresoro), 2- A. Lagrenade (Uztaritze), 3- Dolosor (Senpere); Burguette arraza: Beñat Onchalo (Larresoro). Akitaniako behi gorriak: 6-9 eta 12-15 hilabete sekzioak: 1- Bressac (Uztaritze); 15-18 hilabete sekzioa: 1- Dolosor (Senpere); 18-24 hilabete sekzioa: 1- Inçaurgarat (Uztaritze), 2- Duhalde, 3- Bressac; 24-30 hilabete sekzioa: 1- Bressac; 3-4 urte sekzioa: 1- Duhalde, 2- Bressac; 4-5 urte sekzioa: 1- Bressac; behi heldu umedun eta ume gabe: 1- Inçaurgarat. Gazte eta itxaropen txapelduna: Bressac; helduen txapelduna: Inçaurgarat; sari orokorra: Bressac. Abondance behiak: 1- Eliceyri (Senpere). Bazadaise arrazako behiak: aurkezpen saria: Martinon (Larresoro). Inguruko herrietako laborariez ongi ordezkatua zen azoka lehiaketa hori eta denek erdietsi dute zerbait sari, behietan dira gehienak Uztaritzen gelditu. Kabalen kopurua zen: behiak 52, zaldiak 42, ardiak 17 lota eta ahuntzak 2 lota. Sari banaketa egin da Philippe Etcheverria departamendu kontseilariaren presentziarekin. Heldu den urtean Larresoron iraganen da lehiaketa.
Antzerki
Haltya Culture et Patrimoine elkarteak proposatzen ditu bi antzerki emanaldi jauregian berean agorrilaren 8 eta 9an. Aktoreak dira: Evelyne Borde, Arnaud Bruyère eta Michel Mora. Emanaldiak (17:30). Ongi etorri deneri.
Pilotaren aste handia
Pilotaren aste handiko lehen eta azken egunak Uztaritzen iraganen dira frantses federakuntzak erabakirik, Kapito Harri elkartearen mende muga kari. Lehen egunean, 9an, izanen da erreboteko final nagusia Bilgunen Baigorriko Zaharrer Segi eta Aviron Baionesaren artean. Arratsaldean ikusiko dira esku-huskako finalak, lehena gazte mailakoekin eta ondotik helduen partida nagusia Senpere eta Goizekoren artean. Aste handi hortan, Kapito Harrik bi final jokatuko ditu joko garbin: helduetan. B mailakoek Donapaleun agorrilaren 10ean finalerdian Baigorri 2 garaiturik 40/38 eta A taldekoek Uztaritzen agorrilaren 16an, finalerdian Baiona garaiturik 40/23. Final horien arerioak ez dira oraino ezagunak. Aste handi horren berri oporren ondotik.
Mus lehiaketa
Eskuz Esku elkarteak egin du bere urteko mus lehiaketa joan den larunbatean Latsa elkartean egun osoan. Hamalau pare ziren aurten lehian. Goiz partean kanporaketak jokaturik, beste partidak oro finaletaraino egin dira giro onean elgarrekin egin bazkariaren ondotik. Aurten txapeldun atera dira Graxi Duhalde eta Irène Etcheverry, arerio zirela Odette Etchepare eta Maite Telleria. Kontsolagarri finalean nagusitu dira Josiane Senderain eta Jean Laborde. Elkarte osoa pozik gelditu da egunaren iraganaz.





