Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Agorrilaren 06a
Euskadiko Orkestra - Senpereko “Guinguette” - SPUC kirolaren ekimena - Argazki erakusketa - Zonbait abisu - Ez adiorik Ainhoa
Euskadiko Orkestra ostiralean
Andante Musika Hamabostaldiaren kari, Euskadiko Orkestra ospetsuak gaitzeko emanaldia proposatzen dauku Larreko antzokian, abuztuaren 7an (21:00). Musikagile handi batzuen entzuteko parada ezin hobea izanen da: Antonio Vivaldiren “L’Olimpiade”-rekin idekitzea, Jean Sébastien Bach-en biolin kontzertua baita hunen biolin eta hari instrumentuendako segida, Georges Philippe Telemann-en Don Quichotte 89 zenbakiaren segida. Obra horiek, Lina Tur Bonet-en zuzendaritzapean aurkeztuak izanen dira. Oren bat eta laurdenen iraupena, prezioa 25€ (osoa), 5€ (-18 urte), erreserba: cultureetpatrimoinesenpere.fr antolatzailearen gunean, edoboutique.otpaysbasque.com baita turismo bulegoan. Bertzalde eta beti Musika Hamabostadiaren kari, agorrilaren 14an (21:00), gure elizan, Bachcelona akademiako solista eta musikari goi-mailakoek gozatuko dute ingurumena, Telemann, Graupner eta Bach-en obra famatuekin. Erreserba gorago seinalatu bezala, aldiz prezio osoa 20€.
Senpereko “Guinguette”
Hobeki erraiteko Senpereko Dantza Ostatuaren lehen edizioa dugunean, Arno Ostatua eta Café Karrikak, herria eta herriko elkarteekin partaidetzan, ostiral eta larunbat arratseko gaualdira gomitatzen gaituzte. Hitzordua Utsaleko aparkalekuan, agorrilaren 7 eta 8an (18:00), egitarau aberatsarekin: kontzertuak, DJ sets, karaoke, blind entseguak eta bertze. Hainbat tokitako garagarnoa ezagutzeko parada izanen da eta nola ez dantza egiteko, kantuz artzeko eta afaltzeko manera bikaina. Holako momentu gozoak partekatzea onuragarriak litaizke.
SPUC kirolaren ekimena
Uztailaren 23an, igande eguerditan, SPUC Kirolak piknika antolatua zuen aintziraren sarreran, salatzeko bere kayak sekzioaren lokalaren desagertzea. Alabainan, herriko bozak aitzin izenpetu akordioaren ondotik, Aquazone egituraren esku utzia baitago eta negoziaketek ez dute aterabiderik iragartzen momentuan bederen. Halere, gai korapilatsu eta minberatsu hunek elkartasuna sortu du, egin den giza-kateak Aquazonen eremu mugen inguruan, bildu ditu 250 parte hartzaile. Ea, udako sasoia bururatzean, Herriko Etxeak eta enpresa hunen arteko soka-tirak ondorio onik utziko duenez?
Argazki erakusketa
Arranoen Begia elkarteak muntatu estreinaldiak, jendetza polita bildu du Zaldubi gelan. Elkarte hunek biltzen ditu 25 artista eta sekulako dinamika erakusten dute tailerretan baita egiten dituzten ateraldietan. 160 argazki ikusgai ziren ongi zintzilikaturik, lema edo kolore desberdinetakoak. Christiane Moussu lehendakaria eta Claude Lecomte laguntzaile zuhurra biziki kontent agertu dira, ikusiz talde guziaren lanak zer nolako ikusmina sor dezakeen.
Zonbait abisu
Aipatua izan den bezala 3 asteko oporraldiaren ondotik, irailaren 3an errezebituko dugu datorren astekaria. Anartean hitzorduak ez dira eskas, bertzeak bertze, abuztuaren 16an usaiako mutxikoak, abuztuaren 23an selauru hustea Xan Ithourria plazan 4L Trophyren karietara, erreserba: 06-51-00-21-02 zenbakia edo lesvalettesen4l@gmail.com antolatzailearen helbidera, irailaren 2an haur joko eguna (14:00-17:00) kirol zelaian.
Ez adiorik Ainhoa
Jakin duzuen bezala, Ainhoa Etxenike senpertarra, astekari hunen idazleburua, bi urte eta erdiz lan egin ondoan bertze bide bati buruz joanen da. Goi mailan ari dena Tolosaldeko arraunlariekin, uhainez uhain, iparrorratza segituz, ekaitzak gaindituz, arraunari azkar emanez, trainerua ongi kudeatuz joan dadila norabide berrian. Agur bihotzetik eta eskerrak zuk eraman lanagatik baita emazte gazte baten freskura ekarririk erredakzioari. Marinelek dioten bezala “Haize on”, ez adiorik Ainhoa.





