Ba ote dakixu? | 2026ko Agorrilaren 06a
Irungo bataila (3/3)
Gilen Bacho
San Martzial gotorlekuaren konkistaren ondotik, tropa nazionalistek oldarrean atakatu zuten Irun. Tropa errepublikanoak, 2000 gizon guti gorabehera, osoki inguratuak ziren, eremu errepublikanotik bereiziak. Ez zen laguntzarik etorriko.
“Irun eroriko da”
Le Petit Parisien egunkariak, bere irailaren 5eko edizioan, bezperako gertakari dramatikoak kondatu zituen: “Goizeko 9etan, tropa errebelak (nazionalistak), tankeen eta ibilgailu blindatuen babespean, beti aurrera egiten ari dira. Supizteko-fabrika gibelean utzi dute eta hiri erdiko lehen etxeetara heldu dira. Etxeak erretzen ari dira hirian. Irun eroriko da gizon zenbaiten heroismoagatik ere, metrailadore zenbaitekin, lekuan berean eraila izatea zin egin zutenak. Oren zenbaiten afera da (...) eta errebelek Irun hartuko dute. Laster, bandera gorri eta urrezkoak, Mola jeneralaren ikurra, hiru koloretako(errepublikano) bandera ordainduko du”. Gudukak nazioarteko zubiaren inguruan, ihesbide bakarra (Hendaiari buruz) Irungo biztanleentzat, iragaiten ziren: “Nazioarteko zubitik, hamabost bat milizianok, bi metrailadorerekin, matalaz zenbaitekin egindako barrikaden bidez babesturik, legionarioak (...), Bidasoaren espainiar bazterretik hiriko lehen etxeetaraino hedatu direnak. (...) Kaleko borroka hasten da, tragikoena, lazgarriena. Erresistentziak jarraitzen du. Irunek (etsaiari) oraino buru egiten du eta milizianoek muga postua oraino okupatzen dute”. Arratsaldeko 2etan, nazionalistek Hiriko Etxearen kontrola hartu zuten. Baina, arratsalde osoan, miliziano errepublikanoek, hondarrik bakarrik hiru gelditzen zirenak, metrailadore batekin heroikoki etsaiari buru egin zuten, jende anitzi Hendaiaraino ihes egiteko aukera emanez. Alderantziz, Behobian, nazionalistek, karlisten laguntzarekin, muga postuaren kontrola goizean hartu zuten. Bezperan, nazionalistek Irun eta Hondarribia bonbardatu zuten, “200 bat kolpatu” kausatuz.
“Cueste lo que cueste”
Behar da haatik hain luzaz hedatua izan den leienda bat suntsitu. Nazionalistek, eta sustut haien italiar eta alemaniar aliatuen hegazkinek, zuten Irun suntsitu eta ez errepublikanoek, propaganda frankistak hain luzaz kondatu zuen bezala. Hilabete batez, 40 tona bonba Iruni buruz botatuak izan ziren, 7000 kilo bonba irailaren 2ko egunarentzat bakarrik. Irailaren 5ean, Le Petit Parisien-ek “Irun, sute handi bat” zela idatzi zuen eta frankistak ziren supiztaile kriminalak izan. Baina, nor harrituzitekeen, jakinez Franco jeneralak “cueste lo que cueste” (“kosta ahala kosta”) ihardetsi zuela, uztail bukaeran, Jay Allen News Chronicles ingeles kazetaren galde izugarriari: “Horrek Espainiaren erdia hil beharko duzula erran nahi du?”. Irun frankisten basakeriaren lehen biktimetan zen eta beste basakeria anitzek segituko zuten. Irailaren 4ko arratsean, nazioarteko zubia defendatzen zuten azken milizianoek muga zeharkatu zuten, hor zen frantses kazetari bati erranez: “Fini da”. Hondarribitik, itsasontziz, eta Irundik, nazioarteko zubian gaindi, milaka errefuxiatu Hendaiara heldu ziren. Irun erori zen eta aste bat geroago Donostiaren itzulia izan zen. Tropa nazionalistak Donostian sartu ziren irailaren 12an. Gipuzkoako hiriburuan desfile militar bat antolatua izan zen, zeinean Italia faxistaren eta alemaniar nazien banderak lehen lerroan ziren, nazionalisten banderaren ondoan. Aro kaltekorra idekia zen.





