Euskal diaspora | 2026ko Agorrilaren 06a
Agorrileko euskal piknik eta besta hitzordu batzuk munduan barna... eta Menditarrak AEBn
Joseba Etxarri
UDAKO BESTAK. Hilabete egokia da urte guziz agorrila Euskal Herrian ezezik, Diasporan ere, euskal bestendako. Bururatu berriak dira iragan asteburuan AEBn uztailaren 31n eta agorrilaren 1 eta 2an Boiseko San Inazio jaiak; eta gisa bera beste hainbat euskal komunitatetan munduan saindu euskaldun honen oroiz. Heldu den ebiakoitzean, 8an, bere piknika eginen dute Mountain Homen, herriko pilota plaza eta parkean, eta asteburu berean, Gardnervillek berea, Mendiko Euskaldun Clubaren eskutik. Brasilgo Sao Paulon, mus ikastaroa abiatu zuten 5ean, eta segidako saioa 12an ukanen dute. Musarekin jarraiki, 13an, Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak bere mus eskola atxikiko du, ostegunero bezala; eta agorrilaren 15, 16 eta 17an Argentinako mus txapelketa jokatuko da Maipún, Anaitasuna Euskal Etxearen eskutik, bikote txapelduna Euskal Herrira jin dadin Argentinaren ordezkari 2026ko Mundukoan parte hartzeko.
Agorrilaren 15ean, Wyomingeko Buffalok bere Euskal Besta eginen du, Andre Dena Mariz; eta Pariseko Eskual Etxea aste hortan hasiko da iragartzen bere 70. urteurreneko besta programa, urriaren 4a egun handi ukanen duena; agorrilaren 22an, Seattle Euskal Etxeak bere Udako Piknika eginen du, eta Colorado Euskal Etxeak 29an berea, Littleton herrian. Egun berean Boiseko Euskal Museoak bere WineFest arno besta antolatu du, arnoa, pintxoak, musika eta dantzarekin. Asteburu hortan, San Frantziskoko euskaldunek heien Udako Besta ospatuko dute Basque Cultural Center-en. Ondoko asteburuan irailean izanen gira, eta hor hasiko dira Chinoko Bestak, baita ere mundu osoan Euskal Diasporaren Eguna (berez irailak 8) ospatzeko programak... Baina irailean Herria eta xoko hau berriz helduak izanen dira heien asteroko martxara.
Hondarreko lerroak utzi ditugu Bankako Menditarrak taldeak uda huntan Estatu Batuetako euskal komunitateetara eginen duen itzuliaren aipatzeko. Hamar emanaldi emanen dituzte eta anitz kilometro eginen: bost bat mila kilometro autoz! Agorrilaren 22an emanen lehenengo emanaldia, Coloradoko Wheatland-en, eta segidan Wyoming-era pasatuko dira, 23 eta 24an Buffalon kantatzeko; 25ean Rock Springs-en; 26an Utah-ra iragan eta Salt Lake Cityn arizanen dira. 27an Nevadako Gardnervilleko JT ostatuan. Asteburuan Kaliforniara sartuko, San Frantziskon Gure Euskal Etxearen Udako Bestan kantatuz; 1ean Los Banoseko Wool Growers-en eta Fresnoko Santa Fe ostatuan eta 2 eta 3an Bakersfield-eko Woolgrowers-en. Irailaren 4tik 7ra Chinoko Euskal Bestan. Plazera izanen da doaike euskal kantua euskaldun artean bazter horietan hedatzea, baina akituko dira hain segur hainbeste kilometro eginik. Biba zuek! Irailera arte, irakurle!





