Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Agorrilaren 06a
Bixintxo bestak - Ikastolaren afaria bestetan - Agorrileko kultur ekitaldiak plazan - Igor Uriarte preso ohia zendu da - Euskarabentura - Pausuko muslari txapeldunak
Bixintxo bestak
Aurten herriko bestak irailaren 4an hasiko dira eta 9an bukatuko. Egitaraua egunez egun: Irailaren 4an, ostiralez: mus txapelketaren finalerdiak eta finala (18:30), aperitifa (19:00) eta Bidekoa taldeak animatu herri afaria (21:00). Erreserba egiteko Bixikenean, agorrilaren 24, 25 eta 26an (19:00-20:30). Irailaren 5ean, larunbatez: pala txapelketaren finalak (10:00), besten idekiera ofiziala (17:30), helduen lasterketa (9,3km) (18:00), haurren lasterketa (19:00), sari banaketa (19:30), Matraka taldearen kontzertua (21:00), Neomak taldearen kontzertua (23:00) eta DJ Doliren musika giroa (13:00). Irailaren 6an, igandez: herri meza (10:30), pilota eskolaren partidak pilota-plazan (10:30), Leon Dongaitz pilota txapelketaren finala (11:00) eta Kuxkuxtu txarangak animatu aperitifa (13:00). Herriko plazan, berriz, lerratze saioa (11:00), euskal kirolak (17:00), mutxikoak Kuxkuxtuk emanik (19:30), Bost Axola taldearen kontzertua (21:00), DJ Musikalan (23:00) eta suzko zezena (00:00). Irailaren 7an, astelehenez: esku pilotaren finala pilota-plazan (11:00), esku pilotaren finalerdia trinketean (16:30), esku pilotaren bigarren finalerdia (17:30), sari banaketa plazan (18:30), pintxo-pote (19:00), eta Xistor of a down eta Frigo taldeen kontzertuak (22:00). Irailaren 8an, asteartez: Urruñarrak elkartekoen esku pilotaren partida pilota-plazan (11:00). Fandango lehiaketa plazan (18:00), euskal kantuak Abesti taldearekin (20:00), su artifizialak (22:00) eta musika giroa DJ Bull-ekin (23:00). Irailaren 9an, asteazkenez, ganadu azoka pilota-plazan (9:00), eta sari banaketa (13:00). Errotakan taldearen emanaldia plazan (11:00), esku pilotaren finala trinketean (17:00), Joselu anaiak taldearen kontzertua plazan (19:30), eta Edantza taldearen kontzertua (23:00). Besta on guziei!
Ikastolaren afaria bestetan
Irailaren 9an, asteazkenarekin, eta Bixintxo besten kari, ikastolak antolatzen duen bazkari alaitua izanen da. Menua: sartzea, entrekota entsalada eta fritekin, gasna eta euskal pastiza; edateko arnoa, eta bukatzeko kafea eta patxarana. Prezioa: 25 euro. Izen-emaitea: ikastola.urruna@gmail.com.
Agorrileko kultur ekitaldiak plazan
Agorrilaren 7an, ostiralez, Boujalal ekialdeko musika; agorrilaren 11n, asteartez, Watson eta Uhaitz, euskal kantuak. Agorrilaren 18an, asteartez, Des Grands Enfants talde frantsesa.Agorrilaren 21ean, ostiralez, Xano Haltzuet pop kantari eta musikari urruñarra. Agorrilaren 25ean, asteartez Popo and the Papas-Quatuor folk taldea eta agorrilaren 28an, BIX euskal rock taldea. Denak 19:30etatik goiti eta urririk. Eta agorril osoan argazki erakusketa zabalik izanen da Posta gelan.
Igor Uriarte preso ohia zendu da
Kartzelatik atera zenetik Urruñan bizi izan den Igor Uriarte Lopez de Bikuña gasteiztar preso ohia zendu zen uztailaren 2an, goizean, bizikletaz zebilela. 2013an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Igor Uriarte eta Montpellierren, 2017an egin zioten auzian sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Bost urteko kartzelaldia bete ondoren, 2018ko martxoan libre atera zen. Orduz geroztik, Pantxika Haltzuet bikotekidearekin, Urruñan bizi izan da, sortu zuen laborantza enpresan lan eginez. Bere baratzean loratu arragak eskualdeko hainbat kooperatibatan saltzen zituen, arrakasta handiz. Goian bego.
Euskarabentura Urruñan
Aurten Euskarabenturako gazteek geldialdia egin zuten Urruñan, uztailaren 22an eta 23an. Osora zazpi probintzietako eta euskal diasporako 16 eta 18 urte bitarteko 130 gazte euskaldun ibili dira aurten Euskal Herri osoa oinez zeharkatzen. Xiberoako Atharratzetik abiatu ziren etaBizkaiko Getxon bukatu. Haien artean ziren Orio eta Aimar Elejabarrieta anaiak, haurtzaroan Urruñan bizi izan zirenak eta herriko ikastolan ikasi zutenak. Orain Katalunian bizi dira, amaren herrian. Uztailaren 22an iritsi ziren gure herrira, eta bertan gaua pasatu ondoren, 23an Donostia alderanzko bidea hartu zuten. Aupa euskaldun gazteria!
Pausuko muslari txapeldunak
Uztailaren 24an, ostegunez, eta Pausuko besten kari, mus txapelketa jokatu zuten Xaia ostatuan. 36 bikotek parte hartu zuten, eta lehen mailako txapeldunak Errekart eta Hiribarren izan ziren, eta Zubiria eta Etxeberria txapeldunordeak. Bigarren mailako txapeldunak Xantal eta Kristine izan ziren eta Julie eta Lorea txapeldunordeak.





