Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Agorrilaren 06a
Abarratia mendi kaskoan kantaldia - Izturitzen bide handia zerratua - Ondoko hitzorduak - Uda da denentzat
Agorrilaren 21ean, Abarratia mendi kaskoan kantaldia
Duela hiru urte, Arberoako ostiralak udako animazio-sail berria hasi zuten Aiherra, Izturitze, Donamartiri eta Donoztiriko Herriko Etxeek eta herri hauetako batasunek elkarturik, besta komite, ihiztari ala kultur elkarte. Bide beretik segitzen dute aurten ere, hiru Herriko Etxeek (Donoztirikoak ez du parte hartzen) eta batasunek bakoitzak animazio bat ortziraletan herri bakoitzean aldizka proposatuz.
Gure herriari dagokionez, deia lehen animazio bat iragan baldin bazen Abarratia pilota elkartearekin eta Izturitzeko merkatuarekin, bigarren animazio bat proposatua zauku, agorrilaren 21ean Abarratia mendi kaskoan. Besta komiteak ibilaldi-kantaldia proposatzen dauku (Abarrando). Iluntzean (19:00) hasiko da Abarratia mendi zolan elkartuz, eta gero handik denak oinez abiatuko gira bidexka bazterretako seinaleak segituz, oren batez Abarratia kaskora (345m) heltzeko gisan.
Besta komiteak aurten gomitatua duen taldea Xiberotik heldu zauku: Marie Urruty eta Chabay ahizpak. Oroit orain beretik animazio berezi huntaz, zuen agendetan idatzi eta jin Abarratia kaskora!
Izturitzen bide handia zerratua
Herriko Etxeak jakinarazten dauku Izturitzeko Harpe alde guneko obrengatik Izturitzeko trinketaren aitzineko zeharkaldia hetsia izanen dela agorrilaren 3tik 7ra (7:00-18:00).
Lan ordutegi horretaz kanpo, ibilgailu arinek baizik ez dute departamenduko errepidetik joateko baimena ukanen, kamiunek ez! Kamiunentzat, saihesbideak ezarriko dira eta hartu beharko dira Donoztirin, Donamartirin, Aiherran eta Oragarren.
Ondoko hitzorduak
- Agorrilaren 8an (20:00), larunbatarekin: Thomas Ospital (organoan) eta Romain Leleu tronpetistaren kontzertua, Belokeko komentuan
- Agorrilaren 16an (18:00), igandez: Thomas Ospital (organoa) eta Dulci Jubilo abesbatzaren kontzertua Belokeko komentuan
- Agorrilaren 21ean, ortziralez (19:00): Abarratia kaskora ibilaldia. Ondotik kaskoan kantaldi Marie Urruty eta Chabay ahizpa xiberotarrekin. Bururatzeko talo eta xingar lekuan berean.
- Urriaren 24an, Antzuolara autobusez (larunbata).
Uda da denentzat
Uda da denentzat, bakantzatiarrak hor daude, nahiz eta ez saldo handian izan. Herritarrak ere goxoan daude, udako erritmoa harturik, eskuin eta ezker ikusgarrietan ibiliz, hala nola herriko bestetan, plaza laxoko pilota partidetan, kabalkadetan, pastoraletan, kantaldietan eta abar. Kantaldiak aipatzen dituguno, ez ahantz animazio pollita proposatua zaukula, Abarratia mendi kaskoan, agorrilaren 21ean, ortziralez. Laborariak ere udako erritmoan sartuak dira belarrak eginik, eta batzuek beren ardi artaldeak Pirinioetako mendi kaskoetara zonbeit hilabeterentzat despediturik. Herriko auzoguneak ere udaz baliatzen dira aldizka antolatzeko beren xokoko besta.
Azkenik Herria astekaria zauku bakantzetan sartzen 3 asterentzat eta ondorioz gu ere herrietako berriketariak. Horrek ez du kentzen Herria aldizkariaren aldeko diru bilketa kanpainak segitzen duela, Herriak denen beharra baitu (Laguntza Hello Assoren bidez edo txekeak Herria astekarira igorriz).
Bakantza on deneri eta itzalean egon!





