Gogoa hazi | 2026ko Agorrilaren 06a
Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen (VI)
Mikel Epalzak, Mandiok euskaratua
Bi gauza minberatsu argituak:
A- Gure anaia juduekin dugun lotura.
Baiona, juduentzat leku garrantzitsua izan da, Espainiatik Errege Katolikoek kanporatu zituztenetik, XV. mendearen bukaeran. Baionako Santespieta auzoan, 1900eko urteetan, 500 judu baino gehiago baziren.
Eliza katolikoak, Aste Sainduko liturgian, urte guziz otoitz egiten zuen “Nazareteko Jesus hil zuten juduentzat”. Kontzilioak otoitz hori kentzea erabaki zuen, eta aldi berean gure anaia juduentzat otoitz egiten segitu zuen, mespretxurik edo kondenarik gabe. Lotura berriak sortu ziren katolikoen eta juduen artean. Jean-Paul Vincent apezpiku egin zutenean, Kontzilio garaian berean, juduen ordezkaritza bat errezibitua izan zen Baionako katedralean, baita ondotik egin zen ongi-etorrian ere.
Hona hemen Kontzilioak dioena: “Pasioan gertatua ez daiteke leporatu ez garai hartako judu guziei, ezta gaur egungoei ere”.
Joan XXIII.aren intuizio handia -Turkian nuntzio apostolikoa izan zen. Han %95 musulmanak dira, giristinoak%2- kontzientzia askatasuna azpimarratzea izan zen, eta hortik datorren erlijio askatasuna. Hona hemen Kontzilioak dioena: “Erlijio askatasunerako eskubidea jendeen duintasunean oinarritzen da. Erlijio gaietan, nehork ez dezala nehor behartu bere kontzientziaren kontra aritzera”.
Katolikoak ez du bere erlijioa inposatu behar; bakoitzak bere kontzientziaren arabera libreki sinesten du. Hortik dator, giristino eta fedegabeen artean, elkarren errespetuan garatzen ari den ekumenismoa.
1968 eta 1969an, Baionan, apez katolikoak eta artzain protestanteak bildu ziren ezkontza mistoez mintzatzeko. Kontzilioaren ondotik, kontzientzia askatasunaren izenean, zuzenbide kanonikoak ez dio gehiago bataiatu gabeko ezkon kideari bataioa hartzea baitezpadatzen; nahikoa da bietarik bat bataiatua izatea.
B- Apez langileen auzia
Bigarren Mundu Gerlaren ondotik, Godin eta Daniel apezek “France, Pays de Mission” liburua plazaratu zuten. Apez anitzek, Parisko Suhard artzapezpikuaren deia segitu zuten eta langile bilakatu ziren, “Eliza eta langile munduaren artean den pareta hausteko” Suhard kardinaleak zioen bezala. Horien artean baziren Baionako diozesako apezak ere, hala nola Jean Olhagaray eta Jean Etchegaray, Roger Etchegaray kardinalearen anaia.
Kolpe latza! 1954ko otsailaren 6an, Pio XII.a Aita Santuak apez langileei galdatu zioten Elizara itzultzea eta beren lanbidea uztea. Hola bururatu zen Frantzian ehun bat apezek hasia zuten esperientzia misiolaria. Gehienek obeditu zuten, baina anitzek langile klaseari leial egon nahi izan zuten eta, hitz desegokia, “egoera laikora jautsiak” izan ziren. Garai hartan Gerla Hotza zen Ekialdearen eta Mendebaldearen artean. Pio XII.ak eman zuen arrazoia komunismoaren eragina geldiaraztea izan zen, apez langile anitz CGT sindikatuan eta Alderdi komunistan baitziren.
Apez langileak laguntzen zituzten Congar eta Chenu teologoak baztertuak izan ziren. Gero, hala ere, Vatikanoko II Kontzilioan aditu gisa entzunak izan ziren.
Frantziako apezpikuek galdeturik, 1965eko urriaren 23an, Kontzilioaren bukaeran, Paulo VI.ak berriz baimendu zuen apez langileen esperientzia. 52 apezek bide hori hartu zuten; 1976an Frantzian 800 baziren. Gaur egun, hamabost bat lanean dira eta 300 erretretan. Baionako diozesan ere dozena bat baino gehiago izan dira apez langile.




