Mundu zabalean | 2026ko Agorrilaren 06a

Ura eskasten ari da

J.B.

Bero handiekin ura eskasten ari da. Uraren erabilpena mugatzeko manua hedatua izan da berriz ere uda huntan, jaz bezala, bainan lehenagotik. Badu zonbait urte su gorria piztua dela, ur edangarriaren erreserbak apaltzen ari dira. Ohiz kanpoko beroekin uraren beharrak ur erreserben bilketak baino handiagoak dira, hots berotze klimatikoaren eraginez uraren zikloa desorekatua da. Bakotxaren usaiak berrikustekoak dira eta uraren kudeaketa kolektibo berria beharrezkoa izanen da.


Ur erreserbak apaltzen ari dira

Sekulako beroek segitzen dute, uraren kontsumoa goraraziz. Frantzian uraren beharrak bana beste %30ez emendatu ziren joan den ekainean, jazko kontsumoari konparatuz. Ura eskaintzeko egiturak lan gorrian jarri dituzte, denbora berean lurpeko ur erreserbak eta errekak apaltzen hasi dira.

Ekain hondarrean iragan den bero itogarrien bigarren pasaldian neurtuak izan dira aldaketak. Geroztik beste bi beroaldi handi iragan dira uztailean, marka eta prebisio guziak hautsiz.

Frantzian ur gezaren erreserbak tentsioan daude eta egoera bera ageri da munduan zehar.

Ur erreserbak lanjerean munduan zehar

Berotze klimatikoak ondorio latzak biziarazten ditu, azken egun hauetako su erraldoiak lekuko. Ur eskasak ere arrangura handiak sorrarazten ditu munduan zehar. Gaia lehen lerroan ezarri du aurtengo idorteak bainan arazoa zabalagoa da eta mehatxu orokorra bilakatu dela pentsatzen dute adituek.

Urtetik urtera, uraren galdea eta ur erreserbak arraberritzearen arteko desorekak handitzen ari dira. Lur gaineko ur gezaren gutitzea gibelezina ditaike ez bada deus egiten. Jadanik ondorioak neurtzen dira janari eskasean, aktibitate sozio-ekonomikoetan, biodibertsitatean bai eta ere ura partekatzeko arazoak dituzten herrien artean.

Jaz plazaratua izan den azken 20 urteetako satelite bidezko neurketa batek ur gezaren erreserbak etengabe apaltzen ari direla erakusten du. Urtero gazitua ez den 320 miliar metro kubiko ur galtzen du gure planetak.

Uraren kalitatea ere lanjerean

Ez da uraren kantitatea bakarrik lanjerean ezarria, kalitatea ere txartzen ari baita.

Industriak eta laborantxak erabiltzen dituzten produktu kimikoak barreiatu eta ur erreserbetan kontzentratzen dira. Mikro plastikak, PFAS edo sekulako kutsatzaileak, pestizidak eta beste erremedioak atzemaiten dira mendi gainetako edo lurpeko urgeldietan. Azkenean, lur gaineko ur gehienak (%55) eta lur azpiko erreserben parte handi bat (%40) kutsatuak dira.

Ura erabiltzeko eta partekatzeko molde berriak behar dira

Urte hastapenean plazaratua izan den Nazio Batuetako txosten batek dio ur erreserbak naturalki betetzen ahal direna baino fiteago husten ari direla errekak, lakuak eta ur geldiak. Munduan zehar hamar pertsonetarik lauk ur eskasagatik sufritzen dute.

Herri garatuetan ur parte ttipi bat baizik (%12) ez da erabilia jendeen kontsumo partikularrarentzat. Kontsumitzaile handienak dira laborantxa sektorea, industria, energia (bereziki zentrala nuklearrekin) eta orain onddoak bezala hedatzen ari diren datu base zentroak.

Ura baita gure biziraupenerako aberastasun premiatsuenetakoa, altxor hori zaindu beharko dugu eta kontsumoa bultzatzen duen gure gizarteko egin moldeak errotik aldatu beharko ditugu, debaldetako ur isurketak baztertuz eta uraren erabilpena kontrolatuz. Gure etxetan euritako ura gehiago baliatuz adibidez eta batez ere erabilpen kolektiboa hobeki partekatuz eta zainduz: ur erreserbak eta gune hezeak zainduz, lurralde antolaketa egokituz, ur kutsatuen sanotzeak berrantolatuz, ureztatze sistema ekonomoak eta uraren birziklatze sistema egokiak pentsatuz.

Oroz gainetik berotze klimatikoa mugatzeko egiazko politika martxan ezarri beharko da, gorago aipatu urrats guziak debaldetakoak ditaizkelako aurtengo bero itogarriak eta idorteak azkartzen badira oraino ondoko urteetan.



Email Facebook Twitter LinkedIn

3846. zbk

Gure Hitza | 2026/08/06

90 urte

Menane Oxandabaratz

Duela 90 urte, langileen greba mugimendu handi baten ondorioz Front Populaire koalizioak bozkatu zuen bakantzak ordainduak hartzeko dekretua. Langileen gehiengo batek lehen aldiz lanera ez joaitea gozatu zuen, toki batzuen ezagutzeko parada emanez. Tren txartelak prezio apalean, milaka langile itsasora buruz abiatu ziren, ordu arte aristokrata eta burges eliteen guneak zirela, populazio xumeak ere dastatzeko aukera ukan zuen.

Bigarren Mundu Gerlaren ondotik bakantzetara joaiteko ohidura hedatuko da. Langileak lanaren akidura sendotzeko eta airea hartzeko, denbora librearen garrantziaz konturatuko dira, etxetik abiatzearen ondorio onak biziko dituzte. Langile horien libertitzeko turismoaren ekonomia garatuz joanen da: haurrentzat koloniak, kanpalekuak, ostatuak... eta aisialdi guneak muntatuak izanen dira.

Turismoak, bereziki gureak bezalako guneetan arrakasta handia du....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016