Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Agorrilaren 06a
Xarles Videgain-en hitzaldia - Euskal indar joko festibala Donapaleun - Baxe Nafarroa beste modu batez ezagutu
Xarles Videgain-en hitzaldia
Baxe Nafarroako erakustokiak bere udako hitzaldiak segitzen ditu. Ostegun huntan, agorrilaren 6an Xarles Videgain euskararen herri hizkeren atlasari buruz mintzatuko da Bideaken.
Xarles Videgain, atlas horren zuzendarikide teknikoa izan da zenbait urtez, eta 11 liburutan prestatu, egin eta argitarazi du, Euskaltzaindiaren babesarekin eta CNRSren laguntzarekin.
Orotara, 3.000 galdera eginak izan dira 145 herritan. Inkestak grabatuak dira, 4.000 ordu baino gehiago. Ahozko datu horiek dira erabiliak atlasa lantzeko.
Hitzordua, ostegun huntan Bideaken (20:30). Sartzea urririk.
Euskal indar joko festibala Donapaleun
75. euskal indar joko festibala, Donapaleun iraganen da agorrilaren 16an, igandez. Zortzi ekipek parte hartuko dute (Baigorri, Gabadi, Jutsi, Mitikile, Urdiñarbe, Donazaharre, Donamartiri eta Donapaleu) proposatuak diren sei jokoetan: sokatira, sega joko, orga joko, zaku lasterketa, lasto altxatze eta aizkolari. Betidanik arrakasta handia lortzen du festibal hunek, pentsatzekoa da aurten ere publikoa hor izanen dela. Hitzordua (15:00) pilota plazan. Sartzea 17€, urririk 12 urtez azpikoentzat.
Baxe Nafarroa beste modu batez ezagutu
Uda huntan, Bideak gunean kokatua den Baxe Nafarroako erakustokiak bisita gidatuak proposatzen ditu lurraldea beste modu batez ezagutzeko edo esploratzeko. Bisitak ostiralez egiten dira (16:00).
Frantziskotarren komentu zaharreko klaustroaren inguruan antolatua den erakustokiak, Baxe Nafarroako historia eta ondarea hobeki ezagutzeko parada emaiten du. Donapaleuko herriak Nafarroako Erresuma denboran ukan duen lekua hiriburu nagusi bezala azaldua da. Gidari batekin, bisita hunek eskualdeko nortasuna eta aberastasun kulturala barnatzeko aukera emaiten du.
Bi molde proposatuak dira: erakustokiaren bisita bakarrik edo bisita bateratua Donapaleuko hiriaren bisitarekin. Prezioa: 6€, urririk 14 urtez azpikoentzat.





