Herriz Herri - Aldude (NB) | 2026ko Agorrilaren 06a
Ezkontza - Herriko bestak - Belaun kooperatiba
Ezkontza
Joan den ebiakoitzean, Koxkorreko Iban Antchagnok bizilaguntzat hartu du Barkoxeko Emilie Douard. Familia gaztea herrian berean bizi da. Goresmenak Emilieri eta Ibani.
Herriko bestak
Asteburu huntan herriko bestak ospatuko dira. Horra gazte komiteak prestatu duen egitaraua.
Ostiralean (17:00), Alfaroineko Joko Berriko esku-huskako eta frontenisko finalak izanen dira. Arratsean (20:00), klikak alaiturik, aperitifa izanen da; ondotik, muskuilu eta fritez osatutako afaria. Gaua Kristalak taldearen dantzaldiarekin luzatuko da.
Ebiakoitzean, Perkain eta Gaintiar Gaztek antolaturik, haurrentzat jokoak izanen dira. Arratsean (20:00), afaria: txipiroiak, entrekosta, fritak eta deserta, Rohkame taldeak alaiturik. Ondotik, dantzaldia Edantza taldearekin. Igandean (9:00), meza klikaren parte-hartzearekin. Mezatik landa, Saratarekin, ahate jokoa iraganen da. Eguerditan, elizaren aitzinean aperitifa izanen da, euskal dantzek lagundurik. Bazkaria (13:00): xerri-kumea eta fritak.
Arratsaldean (17:30), herrien arteko jokoek lekukoa hartuko dute. Ondotik, talo eta xingarra jateko parada izanen da, DJ Reibax-ek giroa segurtatuko duelarik. Gaualdia bururatzeko (22:30), suzirien ikusgarria izanen da.
Herritar guziak eta kanpotik etorriko diren lagunak gomit dira besta giro eder horiez gozatzera.
Belaun kooperatiba
Urte guziz bezala, Belaunek bere etxe-ekoizpeneko bazkaria proposatzen du agorrilaren 13an, ortzegunarekin. Herriko bestak iragan eta, bizpahiru egunez pausatzeko eta berriz egun goxo baten elgarrekin pasatzeko parada izanen da.
Menuan, usaian bezala, tokiko mozkinak eta kalitatezko osagaiak: Kintoa xingarra, Belauneko haragiak eta fritak nahi bezainbat; gasna, etxeko bixkotxak, kafea eta ondokoa, arnoa barne.
Apairua 28 eurotan izanen da. Hobe izena emaitea 05-59-37-89-40 zenbakira deituz edo contact@belaun-aldude.com helbiderat mezua igorriz. Denak ongi etorriak zirezte, 12:30etik goiti.




