Hegoaldean | 2026ko Agorrilaren 06a
Afari solidarioak debekatuak Donostian
M.V.
Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) kolektiboari debekatu dio hiriko eremu publikoetan afariak banatzea baliabide gutiko eta egoitza finkorik ez duten jendeei. Jon Insausti auzapezaren arabera, karrikan otorduak ematen diren lekuetan delinkuentzia kasuak emendatu dira, eta horregatik hartu du Kaleko Afari Solidarioak elkartearen ekimena geldiarazteko erabakia.
Karrikako afariak antolatzen dituen KAS kolektiboak fermuki salatu du Udalaren erabakia, honen ondorioz 300 lagun baino gehiago afaltzeko paradarik gabe geldituko omen baitira.
Kolektiboa 2020ko azaroan hasi zen elkartasunezko afariak zerbitzatzen. Hastapenean, Egia auzoan banatzen zituzten afariak, baina duela bi urte Udalak azken hauek debekatu zituen, bizikidetza eta segurtasun arazoak zirela medio. Geroztik, Konstituzio Plazan, Gipuzkoa Plazan eta Anoetan aritu dira otorduak banatzen, baina joan den asteko erabakiak hauek ere ezeztatu ditu.
Hala ere, Donostiako Udalak “alternatiba bat” proposatu du. Insaustiren arabera, “zaila” zen afari solidarioetan banatzen ziren jakien “jarraipen zorrotza” egitea, eta Eusko Jaurlaritzarekin hitzartua izan den “aliantzari esker” osatu dute afari solidarioak ordezkatzeko proposamena: milioi erdi euroko diru laguntza emanen du Jaurlaritzak, Donostiako Udalak antolatu duen Otorduak programa indartzeko. Gaur egun, Udalak 1,5 milioi euro bideratzen ditu 316 otordu eskaini ahal izateko. Hemendik aitzina, 100 afari gehiago zerbitzatzen ahalko ditu. Haatik, onuradunek baldintza batzuk bete beharko dituzte: Donostiako biztanle zerrendan izan eta hirian errotuak izan beharko dute.





