Azalekoa | 2020eko Martxoaren 12a
2020-2026 Euskal Elkargoko itun berria
Euskal Elkargoko hautetsien aldaketa izanen dela dudarik ez, herriko bozen ondotik baita Euskal Elkargoa berriz osatuko. Azken Euskal Elkargoko bilkura osoan bozkatu dute gobernantza berria, kargualdi berrian martxan jarriko dena. Joan gira begiratzera Ipar Euskal Herriko 158 herriz osatua den egitura hori nola antolatua izanen den.
Kontseilu Iraunkorra Oharra egina izan zen, Ipar Euskal Herriko lehengo 10 herri elkargoak, orain poloak deitzen direnak, ez direla gehiago ibili edo arras guti. Horren ondorioz, herrietako hautetsiak informazio eskasean dira, bai eta ere tokiko hurbiltasuna galdua dela entzuten da. Bozkatua izan den gobernantza itun berri horretan, batzorde iraunkorrean, polo bakoitzatik 2 ordezkari izanen dira. 73 kidek osatuko dute, jakinez izanen den presidenteak zuzenki aulki bat ukanen duela, legeak dion bezala. Beste 72 hautetsien karguak horrela banatuak dira: 15 presidente-orde eta 57 delegatu kontseilari. Bozkatua izan den paktoan berrikuntza da 10 aulki emanak direla orain aipatu 10 poloetako ordezkarieri. Beste 58 hautetsien lekuak, populazioaren arabera banatuak izanen dira. Horra eskualdeka ordezkaritzaren hautetsi kopurua: ACBAk 27, Hego Lapurdik 14, Errobik 7, Aturri-Errobik 5, Hazparneko Lurraldeak, Zuberoak, Garazi-Baigorrik, bakoitzak 4 ordezkari, Amikuzek 3, Bidaxune eta Iholdi- Oztibarrek 2. Aitzineko kargualdian Euskal Elkargoak bozkatu zuen parekotasuna plantan ezarria izan zadin. Kontseilu iraunkorrak beharko du kasu egin izendatuak izanen diren hautetsietan, aldi huntan emazteek leku gehiago ukan dezaten. Kontseilu exekutiboa Batzorde hau 35 hautetsiz osatua izanen da, 10 kide poloek zuzenean izendaturik etorriko direnak, hauen ardura izanen da beren eskualdearen animatzea. Beste 24 postuak populazioaren arabera partekatuak izanen dira: ACBA 11, Hego Lapurdi 6, Errobi 3 eta Errobi-Aturri, Hazparneko Lurraldea, Zuberoa, Garazi Baigorri, Amikuze, Bidaxuneko Lurraldea eta Iholdi-Oztibarrek, bakoitzak 2 ordezkari ukanen dituzte. Kontseilu hau erregularki biltzen da, Euskal Elkargoaren harat-hunatak segitzen ditu eta batzorde iraunkorreko edo(ta) osoko bilkurako gaiak aztertzen ditu. Elkargoko kontseilua Sail honetan, Ipar Euskal Herriko herri guzietako hautetsiak dira presente, gehienak auzapezak, 232 hautetsiz osatua da eta 143 ordezko ditu. 1000 bizitanle baino gehiagoko herriek zuzenean hautatuko dituzte Euskal Elkargora abiatuko diren hautetsiak, kopurua legeak finkatua duen bezala, hainbeste populazioaren arabera. Herri ttipietan, kontseilua osatu eta dute hautatuko nork parte hartuko duen elkargoko kontseiluan, gehienetan auzapezak du ardura hori hartzen. Apirilaren 18an, larunbat goizean finkatua da lehen elkargoko kontseiluaren osoko bilkura, egun hortan bozkatuko dute presidente berria. Bigarren osoko bilkuran, maiatzaren 2an, Kontseilu Iraunkorreko 72 hautetsiak dira bozkatuak izanen, aitzin aipatu bezala, polo edo lehengo elkargoetako eremuetatik. Bigarren bilkura horretan dira ere presidente-ordeak izendatuak, jakinez presidenteak dituela hautatzen eta 3. bilkuran dira bozkatuak izanen. BATERAren iritzia Audita egin zuen jakiteko Euskal Elkargoaren gobernantzari buruz herritarren oharrak zein ziren. Horiek guziak kondutan harturik, 2019ko urtarrilean publikatu zituen puntuz-puntu hobetzeko sailak, Euskal Elkargoko Kontseilu Exekutiboari helarazi zituenak. Gobernantza berria bozkatua dela eta, Batera plataformak, bere ikusmoldea plazaratu du. Gobernantza paktoa lehenbailehen berridatzi: Pakto berriaren bozka, herriko bozen aitzin egitea egokia izan da. Hala ere, bozka hau biziki berant iragan da, herriko hauteskundeen kanpainaren azken puntan. Horrek zailtasunak emaiten ditu hautesleeri, Euskal Elkargoko antolaketaz eta osaketaz duten ezagutzan. Buruzagitzako guneetan lurraldeen tokia segurtatu: Gobernantza pakto berriak, herrieri eta lurraldeeri toki handiagoa egin nahi die, besteak beste Kontseilu Iraunkorrean eta Kontseilu Exekutiboan. Horrez gain, beste ahalmen berezi batzuk izanen dituzte polo horiek (diru laguntzak, tokiko egitasmoen hautatzea...) Lehendakaritza-orde tematikoak eta lurraldeetako lehendakaritza- ordeak banatu: Ondoko agintaldiko Kontseilu Exekutiboa, politika publiko baten kudeaketa (ekonomia, finantzak, mugikortasuna, etxebizitza...) eta lurralde polo baten animazioa ezin ditu ber pertsonak segurtatu. Horrek eginbeharrekoak banatzen eta ardurak partekatzen lagunduko du. Arduren metaketa mugatzen duten arauak finkatu: Ez da deus finkatu arduren metatzea mugatzeko. Adibidez, Kontseilu exekutiboko kide batek departamenduan, eskualdean edo legebiltzarrean hautetsi izaiteko hautagaitza presentatzen segitzen ahalko du. Plataformarentzat ezin ditu hautetsi batek kargu desberdinak ukan. Euskal Elkargoko zuzendaritza- guneetan parekotasuna segurtatu: Puntu horri buruz aitzinatu da Euskal Elkargoa, "Parekotasunerako Europar Ituna" izenpetu baitu. Bainan gobernantza pakto berriak ez du arau berezirik zehaztu parekotasuna segurtatzeko. "Ahal den neurrian" erabili formula biziki lauso gelditzen da. Gai batzuentzat erabakiak elkarrekin hartzeko eskema bat finkatu, hurbileko bizitza politiko erne bat ahalbidetzeko: Lurralde batzordeek dituzten funtzioek ahalbideratuko dute lurraldeek eta jendarte zibileko eragileek ere toki bat izaitea erabakitzeko mementoan. Zaindu beharreko puntua. Segur dena, herriko bozen biharamunean izanen dela oraino zer aipa, gaur-egun Euskal Elkargoak baititu ahalmen gehienak kudeatzen. Euskal Elkargoak segurtatu beharko du jendarteak segitzen dituela instituzio hortan hartuak diren norabideak, bakoitzaren egunerokotasuna baita.










