Euskal Telebistak zabaldutako Hegoaldeko
pilotari profesionalen arteko partida bat
segitzean entzun dut "kale edo bale" erranmoldea.
Beren txapelketa nagusiko hamalau
partida jokatu ondoan, pilotari zenbaitentzat
finalerdietara joaiteko txartela hil
ala biziko partida batean da trenkatu, hori
dute deitu "kale edo bale", erran nahi baita
kanporatua edo kaleratua izan ala irabazdun
atera, vale espainol hitzetik heldu delarik
bale. Ene ustez, zuzenago laiteke "kale
ala bale" erraitea, "hil ala bizi" edo "gal ala
irabaz" erraiten den bezala, zeren bata ala
bestea baita bakoitzarentzat ondorioa, nahiz
Euskaltzaindiak gisa hortako kasuetan
ere ontzat ematen duen "edo" hitza, "ala"-
ren partez. Iduritzen zait halere "ala" hori
gero eta gutiago erabilia dela eta ondorioz
zerbait galtzen ari dugula. Baina bego hortan,
ez baitut hori gaurko mamia. Herriko
bozak ditut gogoan.
Alabaina, igandean dugu Ipar Euskal Herri
huntan herriko bozen lehen itzulia, eta beharrez
ondokoan bigarrena. Eta pilotarientzat
bezala, hautagaientzat ere kale ala balekoa
izanen da ondorioa. Irabazdunentzat
bale, galtzaileentzat kale. Kasu batzutan
beharbada ez arras kale, oposizioneko alki
bakar batzuk eskura baidaitezke, porroskeria
menturaz baina halere zerbait, igurikatzen
zuten tronu hura ez eskuraturik ere.
Euskal eremuko 158 herrietan badaude
hautagaiak, ez da bihi bat ere gabe gelditu,
auzoko Biarnoan ez bezala, huntan sei herri
hautagairik batere gabe baitira. Herri baten
kudeantza ez da lan errexa, badakigu.
Bururatzen ari den kargualdiko berrogeita
bizpahiru auzapez ez dira berriz aurkezten.
Halere, garra ez da itzalia, herriko giderrak
hartzeko nahikaria zorrotza da, zenbait tokitan
bederen, Miarritzen zazpi zerrenda, Azkainen
eta Ziburun bost, bertze askotan lau,
hiru edo bi. Eta emazteen tokia? Hamazazpi
baginituen auzapez. Guti da, gutiegi. Eta
ez luke iduri zenbaki hori hobetuko denik.
Hogeita hamabost emazte baizik ez dira
zerrendaburu ekarriak. Erditsua garaile ateratzen
balitz, orain arteko hein berdintsuan
gintaizke. Alta, politikak emazteen behar
gorria badu.
Hautagaien adierazpeneri so eginez, ohartzen
gira gutiz gehienek ekologiaren arrangurak
eta euskararen defentsa beren xedeetan
dituztela, duela guti arte ez bezala.
Hobe segurki. Nahiz ongi badakigun bozen
biharamuneko haizeak xede horiek inimini
santi batean desagertaraz litzazkeela. Gogoan
har dezagun ere herriko kargudunak
bozkatzearekin, Euskal Elkargora joanen
direnak ere ditugula hautatzen. Eta Euskal
Elkargoan egiten eta eginen den lana premiatsua
da. Kale ala bale, goazen elgarren
errespetuan aitzina. Batek bederen egin dezala
lehen bai lehen kale, azkarki hedatzen
ari zaigun koronabirusak!