Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2020eko Martxoaren 12a

Aiherra

Aiherra

Herriko kontseiluaren berri Joan den otsailaren 24an, bildu zen herriko kontseilua. 13 hautetsietatik 12k parte hartu zuten. Hartu zituzten erabakiak hauek dira: - 2019ko Administrazio-kontuen eta kudeaketa-kontuen onartzea. - Inbestizamendu xahutzeei buruzko boterea emaitea, 2020ko buxeta onartu aitzin. Gaineratiko gaiak, orotariko aipagaietan sartzen dira: - Herritarren kontaketa: Isabelle Caillaba eta Frantxua Christy 2 herritarrek beren lana bururatu zuten. Urte hondarreko jakinen da zer heinetakoa den Aiherrako biztanleria. - Herriko jantegiaren obrak hasiak dira, heldu den sartzean Izturitzeko eta Aiherrako ikasleek estreinatu behar lukete. Diru-laguntzen galdatzeko lehen 2 dosier egin ditu auzapezak, Estatuari eta Euskal Elkargoari. - Gozategia jatetxean, 2 kudeatzaile hautatu dituzte: Carine Liprendy eta Oier Bonetbelche. Hauek apiril hastapenean irekitzeko nahia dute. - Herriarteko Tokiko Hirigintza Planoa, Euskal Elkargoan otsailaren 22an bozkatu zuten. Bilkura hondarrean, kargualdiko azken kontseilu bilkura izanez, auzapezak eskertu zituen 6 urtez lan egin zuten hautetsi guziak, batez ere berriz aurkezten ez ziren 6 kontseilariak. Kasu, aldaketa handi bat, igandeko herriko bozentzat! Azken asteetan erran bezala, zerrenda bat baizik ez da aurkezten gure herrian, "Elgarrekin Segi" zerrenda, auzapezarena. Azken urteetan bezala, bozkatzeko nortasun agiria edo "carte d'identité" beharrezkoa izanen da. Aldiz, beste aldaketa handi bat badago orain, Aiherra bezalako herrian bozkatzeko. Gure herria aldi huntan 1.000 biztanle baino gehiago duten herrietan kokatzen baita (1037 biztanle), eta hori lehen aldikotz, lista osoa baizik ez da bozkatzen ahalko, parekidea, gehitze edo kentzerik gabe, eta bozka egunean aurkeztua den ordrea aldatu gabe. Bozka paperak marratuak baldin badira, ez dira bali izanen. Arau edo erreglamendu berri hori atsulutuki errespetatu behar da, ezin da gehiago nahasterik egin. Beraz ongi bozkatzekotz, gomendio haueri kasu egin! Aurkezten direnak, hauek dira: Arño Gastambide (zerrendaburu), Maite Oxarango, Anne-Marie Darguy, Karine Perez, Sabine Etcheverry, Chantal Etchevertz, Virginie Sabaloue, Kattalin Duhalde, Frédéric Hernandez, Ramuntxo Oteiza, Hervé Parachou, Patrick Barneche, Samuel Biscay, Koxe Barbier, Philippe Mongabure. 32. mus zoingehiagoka arrakastatsua, joan den igandean zortzi Joan den igandean, arratsalde eder bat iragan zuten Aiherrako Denen Etxera etorri ziren muslari eta muszaleek. Aurten, 134 parek (joan den urtean 97) parte hartu dute, ez baita batere gaizki. Arratsalde osoan, bazen matahami, talo eta edari, eta arratsean afaltiar anitz arroltze moleta on baten jateko eguna bururatzean. Mus lehiaketa hau biziki giro onean iragan zen eta hona orain emaitzak: - C mailan, Aiherrako Matina Dithurbide eta Izturitzeko Etieneta Haramboure andereek irabazi Hazparneko Poeydessus anderea eta Mercapide jaunaren aurka. - B mailan, Izurako Eztitxu Ader eta Uharte-Garaziko Michelle Curutchet andereak nagusitu ziren Ahetzeko Jeanine Capdeville anderea eta Senpereko Tote Lopez jaunak osatu pareari. - A mailan Mehaineko Etchebarne eta Jamattit Pochelu irabazle Bastidako Hubert Candele eta Gorka bere semearen aurka. Opariak orotara 130 bat, Sylvain Frachou, Virginie Sabaloue eta Cendrine Mastoumecq burasoen elkarteko buruek eskaini dizkiete. Eskolako arduradunek eskertzen dituzte laguntzaile eta jokolari guziak, ahantzi gabe holako egunaren antolatzeko beharrezkoak diren enpresa edo ofiziale babesleak. Heldu den urte arte! Bertsu afaria, larunbat arratsean Bertso afariaren mentura izanen da ibiakoitzean, martxoaren 14an, Aiherrako Denen Etxean, Erberua ikastolari esker. Bertsulariak: Aitor Sarriegi, Nerea Ibarzabal eta Aimar Karrika. Afariarentzat (19:00) izenak aitzinetik eman behar dira (06-37-79-67-93). Ongi etorri deneri!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3539. zbk

Gure Hitza | 2020/03/12

Kale ala bale

Peio Jorajuria

Euskal Telebistak zabaldutako Hegoaldeko pilotari profesionalen arteko partida bat segitzean entzun dut "kale edo bale" erranmoldea. Beren txapelketa nagusiko hamalau partida jokatu ondoan, pilotari zenbaitentzat finalerdietara joaiteko txartela hil ala biziko partida batean da trenkatu, hori dute deitu "kale edo bale", erran nahi baita kanporatua edo kaleratua izan ala irabazdun atera, vale espainol hitzetik heldu delarik bale. Ene ustez, zuzenago laiteke "kale ala bale" erraitea, "hil ala bizi" edo "gal ala irabaz" erraiten den bezala, zeren bata ala bestea baita bakoitzarentzat ondorioa, nahiz Euskaltzaindiak gisa hortako kasuetan ere ontzat ematen duen "edo" hitza, "ala"- ren partez. Iduritzen zait halere "ala" hori gero eta gutiago erabilia dela eta ondorioz zerbait galtzen ari dugula. Baina bego hortan, ez baitut hori gaurko mamia. Herriko bozak ditut gogoan. Alabaina, igandean dugu Ipar Euskal Herri huntan herriko bozen lehen itzulia, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016