800 bat ardi hilik Uharte Hiriko
etxalde batean sute baten ondotik!
Joan den ostiral gauean, sute batek
makur handiak egin ditu Uharte Hiriko
Haranburuan. Arditeia erre da eta barnean
ziren 800 bat ardi hil! Suhilzaileak
nonbre handian jin dira inguruko
kasernetetarik eta gau guzian arizan
dira sutea menperatzen. Inkesta Donapaleuko
jendarmeriaren gain da.
Herriko Etxeak bere sustengu osoa
ekartzen du hunkiak direneri.
Aste bat lehenago, Pagolan beste
etxalde batean sute bat izan zen.
Huntan bi pertsona kolpaturik gelditu
ziren.
Amikuzeko ihauteriak ibiakoitzean
(16:00)
Aspaldiko partez, horra aurten berriz
heldu zaukula Amikuzeko ihauteri
desfilea! Parte hartzaile guzieri
hitzordua martxoaren 14an, larunbatarekin
emana da Airetik aparkalekuan
(16:00). Hortik, Joaldunek
idekiko dute bidea eta mozorrotu
guziek, Zanpantzar lagunduko dute
herriko itzulia egiten. Les Amis'kuztar,
Gaitamik eta les Mixains txarangek
alaituko dute desfilea. Zanpantzarren
auzia (18:00) eginen da eta nola
ez haren erretzea ere! Su inguruan
dantzatzeko parada emana izanen
da, xokoletesnea partekatuz. Ondotik
talo eta edateko proposatuak izanen
dira. Pesta bukatzeko, gaualdi girotsu
bat antolatua izanen da Aldaka
gaztetxean kontzertu eta DJ Paulo
(22:30). Mozorrotu nahi duten guzieri
ongi etorri beroena egina izanen zaie!
Donapaleuko hautagaien arteko
eztabaidak
Donapaleuko bi zerrendaburuek,
Barthélemy Aguerre eta Charles Massondok,
Euskal Irratiek eta Mediabaskek
proposatu debatetan parte
hartu dute joan den astean. Aguerrek
Loustaudaudineren bilana beretzen
eta baloratzen baldin badu, Massondok
oraiko auzapezaren egiteko
manerak salatu ditu, gizon larderiatsua
eta guti partekatzen duena
bezala erakutsiz. Aipatu gaietan,
desberdintasunak agertu dira bi
zerrendaburuen artean gehienik
"Chemin Bideak" proiektuari buruz.
Massondorendako, proiektu hori
egin da Donapaleutarrak bazter
utziz eta hori damutzen du. Erran du
proiektu horren funtzionamendua
anitz gostatzen dela eta konduetan
zilo handia agertzen dela: 180.000
euro gutiago 2019an. Bere zerrenda
pasatzen
bada, hitzeman du egitasmoa
berriz pentsatuko duela herritarren
parte hartzearekin. Aguerrek
baloratu du proiektu hori, erranez
hala ere ibilerari begira zerbait egin
behar dela ziloa konpontzeko.
Herri Elkargoari buruz, Aguerrek
oroitarazi du hastapenetik proiektu
horren kontra zela lekuko poderea
ahultzen zuelakotz bainan orain
Herri Elkargoarekin lan egin behar
dela. Massondok aldiz beti alde
izan da eta ikusiz Aguerrek ez zuela
parte hartzen elkargoko bilkuretan,
erran du berak, Donapaleuko oposizionean
izanik ere nola parte hartu
duen Herri Elkargoko turismo lan
taldean azpimarratuz komisione
horietan direla gauzak lantzen.
Bi zerrendaburuak ados dira Herri
Elkargoaren gain uzteko Donapaleun
egin beharra den kirol gela
berria.
Ikuspuntu desberdinak agertu dira
ere Bizi! elkarteak proposatu hitzarmenari
buruz (trantsizio ekologikoaren
alde) baita ere Euskal Konfederazioak
egin proposameneri begira
(euskara erabiltzeko). Massondok
hitzarmen horiek izenpetu baditu,
Aguerrek ez du oraino segidarik
eman.