Ortzegun huntan, martxoak
12, Hendaian omenduko da
Jose Maria Iparragirre hemeretzigarren
mendeko bertsulari
guziz famatua. Eta zendako
orain omenaldi hori? Iparragirre
1820-an sortu baitzen, duela
beraz berrehun urte. Eta Hendaiak
omenaldi hori sartu du
martxoan, zonbait hilabete aitzinerat
ospatuz mendeburu hori,
martxoan baita Hendaian euskararen
aldeko hilabete berezia.
Ortzegun arratsean beraz,
Variétés gelan zernahi gaztetxo
bilduko dira eta kantuz ariko,
kolegioetan ibilki diren horietarik.
Han beharrak dira ere
Maddi Zubeldia, Petti nafartar
artista eta Maddalen Arzallus.
Hitzordu baliosa zinez eta pentsatzen
dugu anitz jende bilduko
dela.
Urretxutik Ameriketarat
1820-ko agorrilaren 12-an sortu
zen beraz Iparragirre Gipuzkoako
Urretxu herrian. Herri
hori aspaldikoa da, Erdi-Aroan
aipatzen zuten jadanik. Zumarragako
ondo-ondoan kokatzen
da Urola garaia eskualdean
eta orain baditu kasik
zazpi mila biztanle. Espaiñol
izena aise luzeagoa du, Villareal
de Urrechua, ahozkatzean
ardura laburtzen dena haatik,
Urrechua erranez. Iparragirre
familia, denbora heietako beste
anitzen gisa, euskaltzalea zen
eta karlixta, euskarari eta euskal
ohidureri errotik atxikia. Berak
azkarki sofritu zuen, frangotan
kondatu du hori, foruak galdu
zirelarik, euskal nortasun baten
ezaugarri zirenak. Iparragirrek
gazterik bildu zuen fama ederra
olerkari, bertsulari eta musikari
bezala. Anitz ibili zen Europan
gaindi eta gero jo zuen Hego-
Ameriketarat. Uruguai herrialdean
kokatu zen eta han familiatu,
gizpuzkoar neska gazte
batekin esposaturik. Zortzi haur
ukan zituzten. 1877-an bera berriz
Euskal-Herrirat jin zen, familia
Ameriketan utzirik. 1881-ean
hil zen, apirilaren 6-an, Ezkio
herrian, Urretxutik arras hurbil
beraz, beti kondatu denaren
arabera afari batean onddo
tzarrak janik.
"Gernikako Arbola"
Anitz idatzi du Iparragirre zenak,
eta ardurenik euskaraz,
nahiz espaiñolez ere trebe zen,
frantsesez ere ba omen. Obra
ezagutuena, mundu guzian
famatua, eta euskaldun guziek
beretua dutena, "Gernikako
Arbola". Gain-gainetik goretsiz
Gernikan landatua den zuhaitza,
euskal eskubide berezien
seinale guziz baliosa. Lehen
aldikotz kantatu zuen 1853-
an, Madrilen, San Luis izeneko
ostatu batean, lagun bat piano
joile bere ondoan. Beste kantu
zonbait ere biziki ezagutuak
dira hala nola "Ume eder bat"
eta "Ara nun diran". Euskal
literaturan, toki handia badauka
urretxuar bertsulariak, hain
zuen jeinu aberatsa eta hain
zen jendekina. Aurten, omenaldi
asko eskainiak izanen zaizkio
eta Hendaiatik abiatzea sail
hori ez dea zinez gauza ederra?
Gogoan dugula "Ara nun diran"
Hendaian asmatua izan zela,
Iparragirrek berak kantatu duen
bezala: "Ara nun diran mendi
maiteak, ara nun diran zelaiak!
Baserri eder zuri-zuriak, iturri
eta ibaiak! Hendaian nago xoraturikan,
zabal-zabalik begiak,
ara Euskal-Herri, lur hoberikan
ez da Europa guzian"
Euskal Telebistak zabaldutako Hegoaldeko
pilotari profesionalen arteko partida bat
segitzean entzun dut "kale edo bale" erranmoldea.
Beren txapelketa nagusiko hamalau
partida jokatu ondoan, pilotari zenbaitentzat
finalerdietara joaiteko txartela hil
ala biziko partida batean da trenkatu, hori
dute deitu "kale edo bale", erran nahi baita
kanporatua edo kaleratua izan ala irabazdun
atera, vale espainol hitzetik heldu delarik
bale. Ene ustez, zuzenago laiteke "kale
ala bale" erraitea, "hil ala bizi" edo "gal ala
irabaz" erraiten den bezala, zeren bata ala
bestea baita bakoitzarentzat ondorioa, nahiz
Euskaltzaindiak gisa hortako kasuetan
ere ontzat ematen duen "edo" hitza, "ala"-
ren partez. Iduritzen zait halere "ala" hori
gero eta gutiago erabilia dela eta ondorioz
zerbait galtzen ari dugula. Baina bego hortan,
ez baitut hori gaurko mamia. Herriko
bozak ditut gogoan.
Alabaina, igandean dugu Ipar Euskal Herri
huntan herriko bozen lehen itzulia, eta...