Azalekoa | 2022ko Irailaren 01a
Lekeition, Mikel eta Tomas Epalza gidari
P.J.
Uda oroz antolatzen du Euskaltzaleen Biltzarrak ateraldi kultural bat Hegoaldean barna. Aldi huntan Lekeitioko bidea dugu hartu, 50 lagunek, autobusez. Lekeitiar erroak dituzten Epalza anaiak genituen bisitaren antolatzaile, ongi ezagutzen dugun Mikel apeza, hemengo mariñelen omonierra, eta Tomas haren anaia, Lekeition berean bizi dena. 7.200 biztanleko herri bat da Lekeitio, Bizkaiko kostaldean kokatua. Portu polita, denboran fama handikoa izana, 30 atunontzitaraino ukanik baina gaur bakar bat
Herriko Etxean ongi-etorria
Plaza nagusira heldurik, zuzenki joan gira Herriko Etxera. Izkinan ikurrina, haga baten puntan, eraikinetik aparte. Alabaina, espainol gobernuak Espainiako bandera inposatzen du euskal ikurrinaren ondoan, hau Herriko Etxeko balkoian ezartzen baldin bada. Baina ikurrina Herriko Etxetik aparte ezarria delarik, espainol banderaren inposaketarik ez da. Koldo Goitia auzapezak suharki errezibitu gaitu kontseiluko gela nagusian. Bigarren agintaldia du EAJ alderdiko kideak eta datorren urtean kargu hori uztekoa omen du. Ongi-etorrian, Isabel Mendiguren auzapez-ordea saihetsean zuen eta Lekeitioko historia aberatsaren bilduma egin daukute biek. Kontseiluko gela hortan dago, besteak beste, Irkus Robles beskoiztarrak tindatutako Resurreccion Maria Azkue (1864-1951) lekeitiar euskaltzain ospetsuaren margolan ederra. Eta gelaren lau izkinetan Lekeitioko erraldoiak, hala nola Don Terentzio eta Doña Tomasa, San Pedro eta San Antolin herriko bestetan ateratzen direnak, bai eta Antero famatua, Ixil ixilik dago kantuan errepikatzen duguna: Anteron txamarrotia, txingarren bigotia, haretxek derauka preso tximinoia... Ongi-etorriaren bukaeran, Koldo Goitiak sari bat eskaini dio Euskaltzaleen Biltzarreko Mizel Jorajuria elkarteburuari, Lekeitioko iturrrotx baten itxura (zazpi iturri badira herri erdian, ur freskagarriaren emaile). Edurne Epalza-Hebrard andereaz ere oroitu gira, 2003an Euskaltzaleen Biltzarraren buru zegoen basusarritarra, sortzez lekeitiarra, minbiziak goizegi eramana.
Basilikari behakoa eta karriketan gaindi
Herriko Etxetik urrats batean dago basilika gotikoa, XV. mendekoa. Barnean baditu altxor ederrak, Gaizka lekeitiar gidari gazteak ezagutarazi dauzkigunak. Besteak beste, Iñigo Artieta XV. mendeko itsasturiaren eta Azkue euskaltzalearen hilobiak, lekeitiarrak hain atxikiak diren Antiguako Ama Birjinaren itxura, eta, oso distiratsu, erretaula nagusia, urrez estalia, Espainiako hirugarren handiena, Sevillakoa eta Toledokoaren ondotik. Aberastasun horiek gehienak, hain segur, denborako amerikar konkistaren eta esklabotzako negozioaren fruituak.
Lekeitioko parte zaharrak ere behakoa merezi du, jauregi, komentu, dorre eta gaineratiko eraikin ederrekin. Bi karrika bereziki luzatu ditugu, Dendari kalea, hots komertzioena, eta Arranegi kalea, arrantzaleena. Alabaina, arrantza du Lekeitiok bihotzean, bere kofradiarekin bereziki eta San Pedro herriko besta famatuekin, San Pedro izaki arrantzaleen patroia. Portuaren puntan, San Juan ermita. Eta portuaren parean hurbil hurbila, Garraitz-San Nikolas uhartea.
Hau ere azpimarra dezagun. Lekeitiarrak euskarari errotik atxikiak dira. %80ak nonbait han mintzo omen du tokiko euskara berezia, entzun goxoa eta ulerterrexa, beharria doi bat luzatua atxikiz haatik. Eta beren herriari handizki atxikiak dira, nonahi irakurtzen genuela "Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi".
Egaña jatetxean ezin hobeki bazkaldurik, herritik urruntxago dagoen itsasargira jo dugu, autobusez, handik dagoen itsasoari buruzko bistaz gozatzeko, baina ertzainak gibeletik genituen, gune hura autobuseri debekatua izaki. Ondorioz, uste baino lasterrago itzuli gira. Beti umore ona atxikiz, haatik, kantuekin eta Xan Errotabehereren ipuinekin alegeratuz.











