Herriz Herri - Aldude (NB) | 2022ko Irailaren 01a
Heriotze - Herriko bestak - Pilota Belaun eguna - Parropia
Heriotze
Azken aste hauetan, 3 aldudar zendu dira.
Lehena Michel Arambel, Bézier eskualdean bizi zena.Duela 80 urte Iputxainean sortua, Aljeriako gerlan osagarria mendratua, bizia elbarritua iragan du.Seme baten aita, elkarte desberdinetan zerbitzu frango egin ditu.
Bigarrena, 93 urtetan, Jeanine Saldubehere zendu da. Arrokian sortua, Battitta bere senar zenarekin urte zonbait Hiriburun iragan ondoan, Xabadinean iragan du bizia. Bi alabaren ama, bere bizi luzea kasik bururaino etxe xokoan iragan du, familiak gain gainetik artatua, lekuko erizainen laguntzarekin. Emazte laket baten oroitzapena uzten dauku.
Azkenik, jakin da Landesetan Lydie Gachiteguy pausatu dela. Lydie duela 98 urte Semederenean sortua zen, gazteko izena Tihista, espos laguna Berainbordakoa zuen. Akizen ehortzia izan da. Doluminak 3 heriotzek hunkitzen dituzten familieri.
Ezkontza
Arretxeko Frantxoa Oteizak Maitena Gascue, Banka Betrizinaineko alaba, biziko lagun hartu du.Familia hau Esnausu Landartean bizitzekoa da. Goresmenak bikote gazte haueri!
Herriko bestak
Herriko bestak biziki ongi iragan zauzkigu. Duela 30 urteko besteen irudiak ere gozatu ditugu. Izan da pilota, kantu, dantzaldi eta jendeak ederki parte hartu du. Igande ilunarrean, kasik erran daiteke gaintiar haur guziak ere bestetan kausitzeko hitzartuak zirela.
Pilota
Aurten, Cyril Arambel, 14 urteko esnausuar gaztea ohoratua izan da, gaztetxoetan plaza mutil kontu hautatua izan baita. Cyril, Valérie eta Christophe Arambel-en semea da, Alexantroinean bizi direnak.Goresmenak zuri Cyril!
Belaun lantegiaren eguna
Agorrilean egiten den Belauneko bazkaria gibelatua izan zen. Egun alaitsu hori ebiakoitzean, buruilaren 3an iraganen da, usaiako giroan. Jateko, edateko eta kantu izanen da. Aitzinetik txartelak eskura daitezke. Ongi etorri deneri!
Parropia
Bi urtez ezeztatu ondoan, aurten Orriko beila buruilaren 7an iraganen da. Meza goizean (10:30), arratsaldean arrosarioa (15:00) eta ondotik bezperak.










