Mundu zabalean | 2022ko Irailaren 01a

Ukrainako gerla diru iturri Total Energies frantses enpresarentzat

J.B.

Ukrainako%20gerla%20diru%20iturri%20Total%20Energies%20frantses%20enpresarentzat

Gobernuz Kanpoko Erakunde batek publikoki salatu duenez, Errusian Total Energies frantses enpresak dirua egiten segitzen du. Gehiago dena ekoizten duen gasa Errusiako armadako hegazkinetan erabilia da, ukrainarren bonbardatzeko. Frantses enpresak ezeztatzen ditu plazaratuak izan diren salaketak, bainan ezin du ukatu sekulako benefizioak egiten dituela, ez eta Errusiako enpresekin dituen loturak ez dituela moztu.

Total eta Errusiako armada

Global Witness izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeak du Le Monde egunkariko kazetariekin informazioa sakonki ikertu ondoan, salaketa publikoki egin: petrolioa eta gasa ustiatzen dituen Total frantses enpresa erraldoiak biltzen duen Siberiako lurpeko hidrokarburo kondentsatua baliatua dela Errusiako hegazkin militarretan Ukrainako lurraldea eta jendartea bonbardatzeko. Le Monde kasetak xehetasunak eskuratu ahal ukan ditu Londreseko Burtsak dituen Refinitiv izeneko finantzako datu basea erabiliz eta Siberiako lurpeko gas gune batetik bi base militarren arteko bidea segituz. Bi base militar hauetan dira errusiar gerlako hegazkin multzo bereziak, Ukrainako populazio zibila bonbekin lehertzeaz Amnesty International erakundeak akusatzen ditu, Marioupoleko antzokiaren bonbardaketa besteak beste, joan den martxoan 600 jende hil dituenak. Ezin ukatuzko gerlako krimena nazioarteko erakundearentzat.

Ezin ukatuzko erantzukizuna

Pentsatzekoa zen bezala, zabalduak izan diren informazio horiek ez direla egiak errepikatzen du frantses enpresa erraldoiak, ez duela gasik ekoizten errusiar armadarentzat eta Siberiako lurpeko erreserba ustiatzen duen Teneftegaz enpresan parte hartzen badu ere, ateratzen duten gas guzia saldua dela Novatek enpresa errusiarrari, hastapenetik kontratuan finkatua zen bezala.

Bestalde, Errusian duen presentzia atxikitzeko estakuru nagusia oraino aitzinatzen du: "Europarren beharrak betetzeko segitzen dugu gure lana, ezin baitute errusiar gasik gabe gelditu oraino, negu huntako bederen eta behar bada ondokoarentzat ere."

Ez du Totalek zuzenki eta bere izenean kerosenoa saltzen errusiar armadari bainan komertzio horretan duen parte hartzea ezin ukatua da.

Lehenik, Siberiako lurpeko erregai erreserba ustiatzen duen Terneftegaz enpresaren kasik erdia, %49a, Total Energies-ren esku da eta parte hartzen du nolaz ez hunen administrazio kontseiluan. Gainerateko partea, %51, Novatek errusiar enpresarena delarik.

Gehiago dena, Novatek enpresak egiten baitu Errusiako armadarekin negozioa, jakin behar da frantses multinazionala Novatekeko akzioduna dela, %20ko heinean. Toki onean da beraz lurpetik ateratzen duen gas likidoarekin zer egiten den jakiteko eta bere erantzukizuna begi bistakoa da.


Sos iturri handia Errusian

"Europako 27 herrien artean finkatuak izan diren Errusiari buruzko gaztiguak errespetatzea galdegiten diegu frantses enpresa guzieri." Horra zer dioten Frantziako ekonomia ministeritzan, Total enpresari buruzko galde eta inkesta berezirik eginen dutenez zehaztu gabe.

Segur den gauza da sekulako irabazia egiten duela frantses enpresak. 2022ko bigarren hiruhilekoan atera duen sos garbia doblatu baino gehiago egin du, 5,6 miliar euro irabaziz, joan den urteko sasoi bereko irabazia 2,2 miliarrekoa zelarik. Gainera kondatzen bada beste 3,5 miliarreko diru erreserba baztertu duela Novatek enpresa errusiarrean duen parte hartzea ez uzteagatik etortzen ahalko diren gaztigueri aitzinetik pentsatuz, azkenean sekulako dirua irabazten du Total Energies enpresak Errusian. Ukrainako jendartearen kaltetan. Diruak ez baitu usainik, are gutiago sentimendurik dirua miliarka erabiltzen duten enpresa erraldoientzat.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3654. zbk

Gure Hitza | 2022/09/01

Hiru bi bat... jo aitzina!

Menane Oxandabaratz

Irailean sartuak gira, pausaldi ona egin ondoan, emeki-emeki bakoitzak eskolako edo(ta) laneko bidea hartu du.

Herria astekaria ere 3 astez geldirik egon ondoan, kementsu berriz abiatu da. Aurten berrikuntza batekin, hainbat urtez Herriako bulegoak Baionako Jacques Laffitte karrikan kokatuak baziren, jabetza aldaketa dela eta, behartuak izan gira tokiz aldatzea. Uztaritzeko Herriko Etxeak obrak abiatuak dituela toki berean bulego guziak bateratzeko, heldu den urtean Landagoienen duen gela bat Herria astekariari alokatuko du. Mementoan obrak egiteko denboran Labourd inprimeriak bulegoa prestatu dauku, eskertzen dugu laguntza horrentzat.

Lan egiteko tokia aldatu bada, zuen astekariak berdin segituko du, egin-ahalaz irakurleekin hurbiltasuna atxikiz, herriko berriak emanez, kronika desberdinak agertuz eta leku bat utziz iritzia eman nahi duten irakurleeri. Hori guzia laguntzaile...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016