Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2022ko Irailaren 01a

Heriotza - Egun berezia - Elkarteen eguna - Hitzorduak

Heriotza%20-%20Egun%20berezia%20-%20Elkarteen%20eguna%20-%20Hitzorduak

Heriotza

Herrian aurpegi ezaguna zen Cyprien Duhart zendu da, agorrilaren 5ean, 93 urtetan. Makean sortua zen, 11 haurride zirela. Kalifornian zonbait urte egonik Uztaritzen jarri da Mayi Zubiarrain hartuz espos lagun. Bi seme ukan ditu, Jean-Bernard eta Christian. Gehienik garraio lanetan arizan da, etxegintzako materialak saltzen zituen enpresa batean. Pilotazale amorratua baitzen maiz ikusten zen plazetan. Anitz jende bildu da ehorzketa egunean. Doluminak familia guziari.

Egun berezia

Andredena Mariaren besta eguna hautatua zen Uztaritzen ospatzeko gure bi apezen jubilau eguna, ederki iragan dena. Meza hortan Andde Ithurbide apezak 60 urte apezturik ospatzen zituen, bainan ere parropian emaiten zuen bere azken meza, 87 urte ditu eta Baionan duen bizitegira erretiratuko da. Meza hortan ere ospatzen zen Jean-Michel Barnetcheren 40 urte apezturik. Egun hortan Bixintxo eliza osoki bete da, Labourdins elkarteko soinulariek lagunduz ofizioa airosten. Egunari zoakion Magnificat airoski kantatu ondoan, erretorrak lehenik hitza hartu du Andde gain gainetik eskertzeko beraren lagun pasatu dituen 11 urterentzat. Ondotik bertan zen bertsuzale batek erakutsi dio bere esker ona eta hitz batez erretorari ere (ikus beherago). Andderen aldi zen hitza hartzeko eskerrak bihurtuz eta bere apez bizia aipatuz. Lehenik bikario egon da Hazparnen eta Baionako Marracq lizeoko omonier. Apez langile jarri da ondotik 24 urtez segurtatuko duena. Pariseko euskaldunen omoniergoan egon da euskara erakatsiz. Apezpikuak gero apez laguntzaile bezala Ahetze-Arbona parropiara izendatu du. Geroztik Errobiko Salbatorera 2011n etorri da parropiaren zerbitzuan. Bukaeran Jeannette Duhalde parropiako arduradunak makila eder bat eskaini dio, zointan grabatuak baitira hitz hauek: Eskerrak Andde Ithurbide apezari 11 urtez Salbatore parropian zerbitzari.

Huna bertsua, doinua: Arratsalde on lehendabiziko

Ahatsa herri maitagarrian Andde zira munduratu

Semenario ttiki ta handi ikastetxeak jastatu

Apeztuz geroz asko tokitan jendea duzu maitatu

Maitasun hori gaur arteraino gutartera da segitu

Hameka urte pasa badira gure artean zaudela

Uhabiako Joanes Batixta bertan uzten zinuela

Apeztasuna bizi guziko zure helburua dela

Aitortzen dugu leial ta zintzo beti egona zirela

Ezaguna da euskararentzat duzun atxikimendua

Erraldoia den bilketa lan bat baituzu borobildua

Iparretikan Hegoraino den hiztegia da ondua

Zer balioa hartua duen pozik daeuskal mundua

Deneri noizbait etortzen baita lana uzteko orena

Goraipa daike zuk Elizari egin zerbitzu bikaina

Errobitarrek nahi dauzugu eskaini zor dauzuguna

Bihotz bihotzez guzien partez eskerrikan beroena

Eta erretorrari:

Hitz labur batez ohore ere Jean-Michel erretorari

Berrogoi urtez leial egonik hartu duzun bideari

Geroan ere izan artzain on daukazun artaldeari

Zorionezko agiantzak gaur eskaintzen ditut bieri

Denen ondotik aro goxoa lagun, jendea gustura egon da eliza aitzineko parkean parropiak eskaini zintzur bustitzearen preziatzeko.

Elkarteen eguna

Larunbat huntan, irailaren 3an, Bilgune plazan elkarteen eguna goiz partean (9:00-13:00) iraganen da. Helburua da jendeari ezagutaraztea elkarte desberdinen jarduerak. Erakustaldi batzu izanen dira: pilota, dantza eta beste kirol. Jan edari batzuk tokian berean segurtatuak izanen dira. Ongi etorri deneri!

Hitzorduak

Beste zonbait hitzordu iraileko hilabetearentzat: 18a igandea, Uztaritzen apez berriaren errezebitzea. Ortziralea 23a Heraitzeko elbarrituen zentroak, 70 urte dituela eta, ate idekitzeak egun hortan. Kontseiluko biltzarra 29an Landagoienen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3654. zbk

Gure Hitza | 2022/09/01

Hiru bi bat... jo aitzina!

Menane Oxandabaratz

Irailean sartuak gira, pausaldi ona egin ondoan, emeki-emeki bakoitzak eskolako edo(ta) laneko bidea hartu du.

Herria astekaria ere 3 astez geldirik egon ondoan, kementsu berriz abiatu da. Aurten berrikuntza batekin, hainbat urtez Herriako bulegoak Baionako Jacques Laffitte karrikan kokatuak baziren, jabetza aldaketa dela eta, behartuak izan gira tokiz aldatzea. Uztaritzeko Herriko Etxeak obrak abiatuak dituela toki berean bulego guziak bateratzeko, heldu den urtean Landagoienen duen gela bat Herria astekariari alokatuko du. Mementoan obrak egiteko denboran Labourd inprimeriak bulegoa prestatu dauku, eskertzen dugu laguntza horrentzat.

Lan egiteko tokia aldatu bada, zuen astekariak berdin segituko du, egin-ahalaz irakurleekin hurbiltasuna atxikiz, herriko berriak emanez, kronika desberdinak agertuz eta leku bat utziz iritzia eman nahi duten irakurleeri. Hori guzia laguntzaile...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016