Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Irailaren 01a

Karabanen inbasioa - Abuztuko kontzertuak - Dolu - Adinetakoen bazkaria - Ravel festibala

Karabanen%20inbasioa%20-%20Abuztuko%20kontzertuak%20-%20Dolu%20-%20Adinetakoen%20bazkaria%20-%20Ravel%20festibala

Karabanen inbasioa

Aurten pentsatua zen bidaiari berezi hauen presentzia ez ikustea, hortarako Utsaleko zubiko gune preziatu sarrera debekatua da portika baten bitartez. Hunek aparkalekuraino auto apalak baizik ez ditu pasatzera uzten. Hala eta guziz, abuztuaren 7an, igandearekin, Netto saltegi sahetsean den pasaia pribatua bortxaturik, ilegalki kirol entrenamendu zelaira 50 bat karabana sartu dira. Jende hauen ausartzea ongi ezaguna da, ekimen hunek laborari batzuen kexua sortu du, traktoreekin bide batzu blokeatu dituzte. Tentsioa goratuz zoan, halere Herriko-Etxe eta Euskal Elkargoaren esku-hartzearekin, astearte goizean lekua libratu dute.

Uztaileko sortze eta heriotzeak

Sortzeak - Solaberrieta Joseba Arretxea karrikan, Pamies-Pinel Alexis eta Maxence, zoritxarrez azken biritxi hauek sortu ondotik laster pausatu dira, egun guti barne.

Heriotzak- Tarrit Louis 85 urte, Lacarra Jeanne sortzez Violet 94 urte, Diaz Franzisco 71 urte, Menetre Josiane sortzez Leorier 88 urte eta Yra Jacouba Boli Kostakoa 30 urterekin, azken hau gure lakuan istripuz ito da. Dolumin beroenak hauen familieri.

Abuztuko kontzertuak

Hiru kontzertu puntakoak emanak izan dira. Megaswing jazz emanaldiak 200 behatzaile bildu ditu Larreko kultur gunean, sekulako musika emanaldia eskaini daukute, espresuki Parisetik etorriak ziren. Nola ez aipa Orfeon Donostiarrak gure elizan eman duen ikuskizun goi-mailakoa, 400 kideren aitzinean. Abiadura eztia iduri zaukun Fauréren requiem delakoarekin, bainan joano eta haratago krexendo joan da ikusgarria eta bukaera bikaina bilakatu da, bi Alleluia eta azkeneko Agur Jauna xoragarriak eskaini ondoan. Elizan aurkitu da ere, Ravel Festibalaren denboraldian Ravel Akademiaren ekimenez, konpositore ospetsu euskaldun hunek bere bidaietan sortu obrak, bereziki Suitzan eta Italian.

Dolu

Harridurak jo du herritar andana, Bergara Martxel-en heriotzearen berria hedatu delarik. 74 urterekin, buruko zainaren hausturagatik brauki joan da, Kattin bere emazte zenarengana. Jerome seme bakarra, hunen laguna Raphaele, hauen semea Mattin, Jean Louis eta Michel anaiak baita bi aldetako familia handiak penetan utzi ditu. Gizon laketa, maitagarria, bere izpiritu jostakinarekin maite zuen eztabaiden sortzea, adiskide irudi eder batekin joan da, sufriturik gabe, hala baitzen bere xedea. Herritarrek ongi adierazi dute beren atxikimendua, eliza mukurru bete delarik, otoitz eta kantuen artean.

Bertze herritar ongi ezagunari ere azken agurra egina izan zaio, Borda Fifine sortzez Ibarra 86 urterekin, huts handia utziko du Jean-Pierre Borda eta M. Michèle Cigarroa bere haurren eta hauen familien baitan.

Astekari hunen bitartez gure doluminak eskaintzen ditugu familieri.

Adinetakoen bazkaria

Ortzirale huntan dago azken epea izena emaiteko Herriko-Etxean, irailaren 16an, eguerditan iraganen den bazkarian parte hartzeko, Mendionde ostatuan, Amotzen.

Orotarik

Ihiztarien kartak - Salgai dira bi ostiralez irailaren 2an eta 9an (18:00-20:00), Denen Etxean.

Elkarteen Forua irailaren 3an larunbat goizarekin iraganen da, urtero bezala Larrekon dago elkartzearen hitzordua. Herrian 70 elkarte badira, aktibitate anitzen eskaintzarekin, ez huts egin.

Ravel Festibala

Aurtengo bigarren pasarte musikala eginen du ohiko festibal aipagarri hunek Senpereko elizan, buruilaren 8an, lehen emanaldia (18:00) Maurice Ravelen obrekin eta (21:00) Mozart eta Schubert-en musika entzungai. Erreserbak Euskal Herriko Turismo bulegoetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3654. zbk

Gure Hitza | 2022/09/01

Hiru bi bat... jo aitzina!

Menane Oxandabaratz

Irailean sartuak gira, pausaldi ona egin ondoan, emeki-emeki bakoitzak eskolako edo(ta) laneko bidea hartu du.

Herria astekaria ere 3 astez geldirik egon ondoan, kementsu berriz abiatu da. Aurten berrikuntza batekin, hainbat urtez Herriako bulegoak Baionako Jacques Laffitte karrikan kokatuak baziren, jabetza aldaketa dela eta, behartuak izan gira tokiz aldatzea. Uztaritzeko Herriko Etxeak obrak abiatuak dituela toki berean bulego guziak bateratzeko, heldu den urtean Landagoienen duen gela bat Herria astekariari alokatuko du. Mementoan obrak egiteko denboran Labourd inprimeriak bulegoa prestatu dauku, eskertzen dugu laguntza horrentzat.

Lan egiteko tokia aldatu bada, zuen astekariak berdin segituko du, egin-ahalaz irakurleekin hurbiltasuna atxikiz, herriko berriak emanez, kronika desberdinak agertuz eta leku bat utziz iritzia eman nahi duten irakurleeri. Hori guzia laguntzaile...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016