Azalekoa | 2025eko Maiatzaren 29a
Iparraldearen etorkizuna eraikitzen
A.E.
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua parte-hartze demokratikoko elkartea da. Jendarte zibileko eragileak biltzen ditu, lurraldearen ildo estrategikoetan laguntzeko, oraina ulertzeko eta etorkizuna pentsatzeko. Etorkizuna eraikitzeko, Ipar Euskal Herriko biztanleei "Iparralde 2040" ariketa kolektiboa proposatua zaie. Gehiago jakiteko, Ximun Carrère Garapen Kontseiluko ko-zuzendariarekin elkartu gira.
Garapen Kontseilua
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua 1994an sortu zen,"Ipar Euskal Herria 2010" prospektibaren desmartxaren haritik. Parte-hartze bidezko demokraziarako tresna da eta jokoan diren lurraldeko gai nagusiak eztabaidatzen ditu. Eguneroko lana Iparraldeko harat hunatak zein diren eta elgarrekin lurraldea nola eraikitzen ahal den gogoetatzea da. Biharko lurraldea gogoan ukaitea, ekintza publikoan parte hartzea eta jendarte jokabideak aldatzea dira erronka nagusienak.
Garapen Kontseiluak dituen jendarte zibileko 300 kideren ahotsa da eta lurraldearen garapenari eta antolaketari lotuak diren gai handiei buruz proposamenak egiten ditu. Haren osaera lurraldearen jarduera-sektore guzien eta soziologia anitzaren araberakoa da: 111 herritar eta 155 erakunde ordezkatzen ditu, horietan elkarteak, erakunde sozio-profesionalak, ekonomia eta jendarte bizitzako bestelako egiturak barne.
Garapen Kontseiluak Euskal Elkargoarekin hitzarmen bidez ezarritako funtzioa betetzen du.
Bestalde, elkarteak bidean diren "Mugalur" eta "Ibilbide" proiektuak ditu. "Mugalur" proiektuaren bidez, muga inguruko biztanleen lekukotasunak ezagutarazten dira. "Ibilbide" proiektua berriz, gazteen orientazioari lotua da eta enpresen arteko harremana lantzen du. Horrez gain, elkartea Iparralde 2040 proiekzio lana ere eramaten ari da.
Iparralde 2040
1990eko eta 2000ko hamarkaden artean, "Pays Basque 2010" eta "Pays Basque 2020" etorkizuneko ikuspegiaz egindako lanen harira, Garapen Kontseiluak Iparralde 2040 lanketa abiatu du. Aurtengo urtarriletik, 30 bat kideko formatu berriko Zuzendaritza Batzordea martxan da, gogoeta prozesuak gidatzeko.
Eragile politiko, instituzional eta sozio-ekonomikoak etorkizunari begira jarri dira. Ariketa hau berezia da, herritarren elkarte batek À¢'€'" ez eta instituzio edo enpresa batekÀ¢'€'" eramaten baitu.
Proiektu hunen bidez, lurraldearen argazki zabala egitea erabaki da. Aldi berean, biztanleengana hurbiltzeko asmoa bada, bereziki halako gogoeta prozesuetatik urrun direnengana.
Uda arte, tailerren, jokoen, ekarpenen, hitzaldien eta galdeketen bidez, lurralde osoan biztanleei hitza emanen zaie beren ikuspegiak parteka ditzaten.
Lehen etapa informazioa biltzea da. Webgunearen bitartez, bildu informazioa erregularki sailkatzen da eta nahi duenak eskuragarri du. Bilketa faseak uda arte iraunen du, eta ondoren azterketa fasea hasiko da. Azkenik, lan metodo bat segituz, gai nagusietan sakonduko da eta azaro-abendu hasierarako ikuspegi partekatua osatzea izanen da helburua.
Abenduaren 13a finkatu da lan guzi hunen emaitza aurkezteko.
Informazio gehigarriak
Proiektu horretan interesa izanez geroz, iparralde2040.org plataformara sartzen ahal da. Deus ez huts egiteko, berripapera eskuratzeko izena eman behar da.
Plataformaren bitartez, gogoeta kolektiboari ekarpen bat egin daiteke. Tailer batean parte hartzeko gogoa baldin bada, info@iparralde2040.org mailaren bidez harremanetan sartu behar da. Edonork parte har dezake, elkarte baten baitan, auzo artean, lagunartean,... Adin guzietakoak ongietorriak dira. Aldi oro, taldeari egokitu animazioak proposatuko zaizkio.











