Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Maiatzaren 29a
Armagabetzea Zokoan hasi zen - Elealai jaialdia - Arte plastikoak erakusgai - Urruñarrak Ziburuko Liburu Azokan - Ganbara hustea - Bilkura publikoa - Eskubaloi besta
Armagabetzea Zokoan hasi zen
Apirilaren 15ean, Baionan, Maiatz argitaletxearen egoitzan, Atxik Berrituz giristino elkarteak plazaratu duen "Giristinoak bakegintzaren parte izan gara, baina Elizaren izenean" liburuaren aurkezpena egin zuten. Iduriz, 2014an ETA erakunde armatuak lehen armagabetze saioa Zokoko Apezetxean gauzatu zuen. Hori aditzera eman zuen bertako omoniera den Mikel Epalza apez ospetsuak. Biziki liburu interesgarria, lekukotasun ederra ematen duena, eta gure historia garaikidea hobeto ulertzeko gakoa eskaintzen diguna. Liburu hau salgai izanen da ekainaren 7an larunbatarekin, Ziburuko plazan egun osoz, eginen den Euskal Liburu eta Disko Azokan.
Elealai jaialdia
Ekainaren 8an igandearekin, ipuina, dantza eta antzerkiaren bidez euskara indartzeko asmoz,Elealai jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da herrian, Herriko Etxearen laguntzaz. Honako ekitaldiak izanen dira: Dantzalai konpainiak "Fla, fla, fla" izeneko emanaldia eskainiko du 12 hilabetetik goitiko haur ttipientzat aisialdi zentroan. Maialen Alfarok animatutako familiendako "Itsaso Zabaleta" izeneko ipuin parte hartzailea, hau ere, aisialdi zentroan. Alabena konpainiaren "Plisti-plasta" kontzertu-dantzaldia Arantxa Lannes eta Maider Martineau Zubietaren eskutik, 2 urtetik goitiko ttipientzat eta handiagoentzat, denak elgarrekin kantatzeko eta dantzatzeko prestatua. Pontx pailazo saratarraren eDenak plazara!e emanaldia. Pantxika Telleriaren zuzendaritzapeko Elirale konpainiaren "Txio-txioka" lan koreografiko musikatua 3 urtetik goitikoentzat.
Arte plastikoak erakusgai
Maiatzaren 20tik ekainaren 6ra arte, Adixkideak elkarteak antolaturik, bere tailerretan egindako arte plastikoei buruzko erakusketa zabalik izanen da Posta gelan: margolanak, zeramikak, argazkiak, loreak, mosaikoak, marrazkiak, pastelak... Arratsaldero ikusgai (15:00-19:00).
Urruñarrak Ziburuko Liburu Azokan
Aurten ere, ekainaren 7an larunbatarekin, urruñarren zenbait liburu izanen dira erakusgai eta salgai Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan. Aipa ditzagun Zokoan omoniera den Mikel Epalzaren "Gizatasun arrantzale" liburu biografikoa, Euskaltzaleen Biltzarrak plazaraturik, Xerar Urrutiaren "Barneko galderak" olerki liburua, Baionako Maiatz argitaletxeak plazaraturik eta Angeluko Zortziko argitaletxeak berriki plazaratu dion "Hilketak herrian"polizia eleberria. Horietaz gain, Joseba Aurkenerenaren "Euskal izarra beti pizturik"euskal kultura eta etnografiari buruzko liburua, Zarautzeko Dakit argitaletxeak berriki plazaratu duena.
Ganbara hustea
Hilaren 31n larunbatarekin, urtero Erlaitza Eskolak Urruñako Aisialdi Zentroan antolatzen duen ganbara hustea izanen da (11:30). Animazioak eta zirko-ikuskizuna izanen dira. Tokia hartzeko: 06-78-67-43-09.
Bilkura publikoa
Ekainaren 7an larunbatarekin, bilkura publiko idekia izanen da Annie Poveda eta Iker Elizalde departamenduko kontseilariekin (10:00), Pausuko Intzuralde gelan (25 Pellot kapitainaren karrika), antolatzen dituzten eta orain arte eraman dituzten ekimenen berri emateko asmoz: erlaitza, Larrun, giza elkartasuna, etxebizitza, Hendaiako portua... eta abar.
Eskubaloi besta
Hilaren 29an ostegunarekin, eskubaloi besta izanen da Ithurbidea kiroldegian (9:30). Jan-edatekoak ere izanen dira. Helduentzat 25 euro: txarkuteria, paella, gasna edo jogurta, arnoa eta kafea. Haurrentzat 10 euro: solomoa, patata frijituak eta izozkia. Tokia hartzeko: 07-71-12-74-63.











