Ba ote dakixu? | 2025eko Maiatzaren 29a
Liberazioaren biharamunak Ipar Euskal Herrian (3/3)
Gilen Bacho
Iparraldean, Courrier de Bayonne kazeta "garbiketaren" botza bilakatu zen. Arrastatuak ziren guziak erresalburik gabe kondenatzen zituen, jujamendurik igurikatu gabe. Alemaniarren abiatzeak haserrea askatu zuen.
"Frantses txarren" salaketa
Baionan, kolaboratzaile ezagun bat (judu ontasunak lapurtu zituenak) tiroz hila izan zen, bizikletaz bere etxera sartzen ari zelarik. Emazte gaixo batzueri biloak, alemaniarrekin harremanak ukan baitzituzten (edo hori pentsatzen baitzen), publikoki moztuak izan zitzaizkien eta zenbait, Miarritzen bezala, biluziak izan ziren, umiliazioa emendatzeko. Prentsan, "frantses txarrak" bezala presentatuak ziren, egiazko kolaboratzaileen gisan. Soberakinen saihesteko, Frantses Errepublikaren anarteko gobernuak, De Gaullek kudeatzen zuenak, lege muga bat eraiki zuen, auzitegi bereziak sortuz kolaboratzaileak jujatzeko. 1944ko urrian, Baionako auzitegiak instrukzio juje bat izendatu zuen gai horri buruz. Liberazioaren lurraldeko batzordeek epaimahai popularrak osatu zituzten. Mendeku gosea bideratu nahi zuten, biztanleei "Hitlerren agenteak eta gerlaren baliatzaileak" salatzea eskatuz. Herri zenbaitetan, Donibane Garazin bezala, permanentziak antolatuak ziren "frantses txarren egitateei buruz argibideak" biltzeko. Garbiketa ofiziala garatu zen zuzenbide estatua berriz ezartzeko, lasterbideko hiltzeak eta nahasmenduak saihesteko eta erresistenteen eskabideei ihardesteko. Hendaiako Herriko Etxearen enplegatu bat hamar urterentzat bortxazko lanetara kondenatua izan zen, auzapeza, Léon Pannepouquet, eta idazkaria, Dominique Testavin, Dachaun hil zirenak, salatu baitzituen. Jean Henry Dabadie, departamenduko Miliziako buruzagia, heriotzara kondenatua izan zen. Baionako gizon bat, "traizioagatik" kondenatua izan zen (20 urterentzat bortxazko lanetara), erresistente bat segada batean erakarri baitzuen eta Maule eta Senpereko makieri buruz argibideak eman baitzituzten.
Ahanzteari buruz
Orotarat, Behe-Pirinioetako departamenduan, 560 jende auzipetuak izan ziren kolaborazioagatik. 281 kondenatuak izan ziren. Haien artean, 39 heriotzara kondenatuak, baina, azkenean, bakarrik hiru hil izan ziren. Justiziaz kanpoko errepresioak hil gehiago egin zituen, hamabi kolaboratzaile hil izan baitziren, Baionatik Bidaxunera, jujamendurik gabe (gehienetan, erresistentziako mugimenduak zituzten hiltze horiek obratu). Bonba atentatu zenbait izan ziren ere, Miarritzen bezala, Marne hiribideko garajean (bere jabea Poloko kanpamenduan, non alemaniar presoak bilduak ziren, preso zen). Baina, gero eta gehiago, autoritateen nahia zen gerlako orrialde ilunak itzulikatzea. Jean Ibarnegaray, Pétain-en ministro izana, luzaz Euskal-Herri barnealdeko diputatua, Gurs-eko kanpamenduaren alde zena, "nazio apalmendura" (mis au ban de la nation) kondenatua izan zen 1945eko udaberrian, baina 1946an, kondena kendua izan zitzaion "erresistentzia egintzagatik". Alemaniarrek 1943ko irailean preso egin zuten (gazte zenbaiten pasatzea Espainiara buruz erraztatzeaz akusatua izan zen). Horrek salbatu zuen, Liberazioaren orduan. Kolaboratzaile zenbait sare mailetarik eskapatu ziren, eta ez ttipienak. 1944ko agorrilaren 24an, Maurice Papon Landesetako prefet izendatua izan zen. Orrialdea ez zen bakarrik itzulia, gero eta gehiago borratua zen.











