Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Maiatzaren 29a
Baztandarrak elkartearen bideoa - Kantu afari
Baztandarrak elkartearen bideoak
Onddoeneko animazio taldeak proposatu dio herriko elkarte bakotxari urtean barna film edo dokumental baten presentatzea herritarreri. Karia hortara, joan den otsailean, Otxaldetarrak elkarteak Mikel Erramuzperen "Nun habila Perkain" dokumental arrakastatsua erakutsi zuen. Maiatz undar huntan, Mattin Seychalek kudeaturik, Baztandarrak elkarteak bere uztaileko lasterkaldietako irudiak ditu presentatu joan den ostiralean, lasterkari, antolatzaile eta bolondresen lana ezin hobeki erakutsiz. Bideo laburrak gehienak, Kanalduderenak, eta bat luzeagoa, lasterkari batek berak moldatua. Interesgarria, hurrupaldi batekin bururatu dena, solasak trukatuz. Uztailaren 19an iraganen dira elkartearen aurtengo bi lasterkaldiak (BK42 eta BK21). Eta orain, hea zein elkartek proposatuko daukun ondoko filma? Atseginak dira holako gaualdiak. Jo aitzina!
Kantu afari
Barberaenean ekainaren 7an beharra den kantu afarirako izen emaite epea bururatzen ari da. Azken egunak dira. Alabainan ekainaren 1eko behar da parte hartzearen nahikaria agertu. Multxo andana batek badu jadanik izena emana, haatik tokiak gelditzen dira oraino. Ez duda (Erramun Intzaurgarat: 06-38-52-65-44). Gaualdi gozogarri baten mentura, ez litaikena huts egin behar.










