Gure Hitza | 2025eko Maiatzaren 29a
Erramun Martikorena kantatuz
Jean-Louis Harignordoquy
Ekainaren lehenean Baigorrin Erramun Otsobi deitzen dugun adiskide kantari handia ohoretan izanen da bere sorterriko elizan. Irulegiko Irratiak gomitatu kantari andanak abestuko ditugu Erramunek ezagutarazi dizkigunetarik zonbait. Gazte gaztea Ibaigorri abesbatzan lehen tenor gisa parte hartuz, geroxeago Lapurdiko Etorki izenekoan, laster bakarlari abiatu zen. Nunahiko jende xaharrenei aspaldiko kantuen doinu eta pertsu guziak gogoz ikasi zizkien eta gutarik anitzi erakatsi. Larzabaleko kantu txapelketetan bi aldiz lehen saria irabazi zuen, entzuleak oro loriatuz nahi bezala molda zezaken zilarrezko ahots arin goraiarekin. Bertzalde, Baigorriko antzerki taldean frangotan arizana, ederki garatu zuen kantuak jendeari sendiarazteko dohaina.
1978an lehenbiziko diskoa grabaturik, hurrengo urtean Baionako Laugan eta Hendaiako Beltzenean ikaragarriko arrakasta bildu zuen Baigorriko artzain kantariak. Geroztik gure zazpi probintzietako xoko-moko guziak kurriturik badauzka bertze bederatzi disko berri argitaratuak. Grabatu eta plazetan kantatu ditu ezagunak izaitea merezi duten kantu xahar eta berriak, gehienak ahots hutsez, bertzeak esku soinuz edo musika tresnez beztiturik. Kantu bilakatuak ez ziren bertsu hunkigarriei hamar bat doinu egoki asmatu zizkien. 60 urtez kemen osoa kantatzeari eskainiz, paregabeko altxorra uzten dio euskal populuari, bidenabar haren baitan sortuz euskaldunki bizitzeko gutizia. Mundu osoan barreiatu euskaldunek hemendik kanpo ere toki askotara eramanarazi ukan dute gure Erramun baigorriarretan ezagutuena. Azken hilabeteetan Zetak-en ikusgarrietara gomitaturik, milaka ikusleek egin dizkioten esku-zarta beroek frogatzen dute bizi guzian miretsia izan dela kantuzaleen ganik. Gurutzatu eta ibili da bere denborako kantari eta kantu egile anitzekin. Kantaldi asko arratsez antolatuak izanki, galdatu lekuetara joaiteko eta berriz Bastida auzoko Otsobira itzultzeko orenak konduan hartuz, zenbat gau ez ote ditu egun bihurtu, nahitaez horrek dakarren akidurarekin.
Haatik, urteen pisuarekin gaztaroko distira nahitaez urrituz baitoa, oholtzan eta telebistan ikusia izaiten jarraitu nahi duten artistentzat garrantzizkoa da irudia lehen baino gehiago zaintzea. Badaki hori xarmanki egiten Adarra saria eskuratu berria duen Antton Valverde donostiar kantari-musikari ezagunak. Bizar pirurik gabeko bisaia leun garbiarekin eta jantzi ederrak soinean agertzen ohi da jendeen aitzinera. Oraiko mendean bereziki, presunaren itxura pollita ere azkarki konda da, ikusleari osoki plazer egiteko. Gaurko solasa bururatzeko, adin bereko bi abeslariei opa diegu oraino luzaz euskal kantagintza zerbitzatzeko gogotsu egoitea.










